Hamazazpi urte zituela gelditu zen Kaxiano itsu, 1949ko irailaren 21etik 22rako gauean, Gipuzkoa Nafarroarekin lotuko zuen tunela egiten ari zirela, barrena galdu bat lehertuta. “Zoritxarrak zortea ekarri zidan”, zioen Kaxianok (1). Izan ere, istripu haren ondorioz hasi zen musika ikasten. Jose Ignacio Urdanpilleta apaizarekin braillea ikasi, eta Eugenio Mendia Lizartzako organistak solfeoa irakatsi zion. Manolo Iabenekin eta anaiarekin klase batzuk hartu, eta 18 urterekin plazarik plaza hasi zen Kaxiano, soinuarekin. Lehendabizi herrian bertan, Lizartzan (Gipuzkoa), eta hurrena, Atallun (Nafarroa). 14 duro kobratu zituen, garai hartan paper fabrikan astebetean lan eginda irabazten zena. Autobusean eta trenetan mugitzen zen lehen urte haietan alde batetik bestera Kaxiano.
Hasierako garaietan besteren kantuak jotzen zituen Kaxianok, eta abestu, gutxi. Lotuan dantza egitea debekaturik zegoen garaiak ziren, eta arin-arinak eta fandangoak jotzen zituen batik bat soinuarekin. Aitzindaria izan zen Kaxiano akordeoiarekin tangoak eta mexikarrak jotzen Euskal Herriko plazetan. Eta berehala gaztelaniazko kantu ezagunak euskaratzen hasi zen, “Cuando iba el domingo a misa… hura izan zen lehen euskaratu nuena eta izugarrizko arrakasta izan zuen erromerietan. Jendea letra emateko esaten hasi zitzaidan, trikitilariak batik bat” (1).
Eta hurrengo urratsa letrak sortzea izan zen. Bertsolaria zen Kaxiano -1960 eta 1962ko txapelketetan parte hartu zuen, eta behin eskualdeko txapela irabazi ere bai, eta plazetan Txomin Garmendia, Joxe Lizaso eta Lazkao Txiki zituen, batik bat, kantulagun-, eta bertsoak bezala, gaia hartuta, egiten zituen kantuak. Goizaldean izaten zuen sormena emankor: “Bai, bitxia da, baina ni goizeko laurak aldera egoten naiz neure onenean kantuak sortzeari dagokionez behintzat. Siesta egin eta goiz joaten naiz ohera: gero esnatu eta kasete txiki batean grabatzen ditut ohean bertan burura etorri zaizkidan ideia berriak, bestela ahaztu egiten zaizkit eta!” (1). Euskal Herriari eta maitasunari kantatzen dio batez ere Kaxianok, Euskal Herriari zion maitasunari.
Letren ondoren, doinuak sortzen hasi zen Lizartzako itsua, berak kantatuko zituen doinuak batetik, eta bertsotarakoak bestetik. Hala deskribatu zituen Juanito Dorronsorok Kaxianok sortutako doinuak: “Bertsolaria zen, barrutik ezagutzen zuen, eta doinu politak, samurrak, oso sentikorrak egiten zituen” (1). Zortziko txikian nahiz handian, oraindik plazan entzuten dira Kaxianok sortutako doinuak, “Kantatzera nihoa” kasu.
Testua: Ainara Gorostitzu
Gaurko erromeriari
gaurko erromeriari
hastera noa kantari
bizi berria emateko
lehengo ohitura zaharrari,
lehengo ohitura zaharrari,
hastera noa kantari.
Euskal Herriko jaietan
Euskal Herriko jaietan
beti edo gehienetan
pozez txoratzen gabiltza
zuen erromerietan,
zuen erromerietan,
beti edo gehienetan.
Alaitasunez beteak,
alaitasunez beteak,
mutil da neska gazteak
beti horrela jarraitu
ta izan elkar maiteak,
ta izan elkar maiteak,
mutil da neska gazteak.
Trikiti ta porrusalda
trikiti ta porrusalda
alaitasuna izan da
orain agurtutzen gera
beste bat arte esanda,
beste bat arte esanda,
alaitasuna izan da.