Hamazazpi urte zituela gelditu zen Kaxiano itsu, 1949ko irailaren 21etik 22rako gauean, Gipuzkoa Nafarroarekin lotuko zuen tunela egiten ari zirela, barrena galdu bat lehertuta. “Zoritxarrak zortea ekarri zidan”, zioen Kaxianok (1). Izan ere, istripu haren ondorioz hasi zen musika ikasten. Jose Ignacio Urdanpilleta apaizarekin braillea ikasi, eta Eugenio Mendia Lizartzako organistak solfeoa irakatsi zion. Manolo Iabenekin eta anaiarekin klase batzuk hartu, eta 18 urterekin plazarik plaza hasi zen Kaxiano, soinuarekin. Lehendabizi herrian bertan, Lizartzan (Gipuzkoa), eta hurrena, Atallun (Nafarroa). 14 duro kobratu zituen, garai hartan paper fabrikan astebetean lan eginda irabazten zena. Autobusean eta trenetan mugitzen zen lehen urte haietan alde batetik bestera Kaxiano.
Hasierako garaietan besteren kantuak jotzen zituen Kaxianok, eta abestu, gutxi. Lotuan dantza egitea debekaturik zegoen garaiak ziren, eta arin-arinak eta fandangoak jotzen zituen batik bat soinuarekin. Aitzindaria izan zen Kaxiano akordeoiarekin tangoak eta mexikarrak jotzen Euskal Herriko plazetan. Eta berehala gaztelaniazko kantu ezagunak euskaratzen hasi zen, “Cuando iba el domingo a misa… hura izan zen lehen euskaratu nuena eta izugarrizko arrakasta izan zuen erromerietan. Jendea letra emateko esaten hasi zitzaidan, trikitilariak batik bat” (1).
Eta hurrengo urratsa letrak sortzea izan zen. Bertsolaria zen Kaxiano -1960 eta 1962ko txapelketetan parte hartu zuen, eta behin eskualdeko txapela irabazi ere bai, eta plazetan Txomin Garmendia, Joxe Lizaso eta Lazkao Txiki zituen, batik bat, kantulagun-, eta bertsoak bezala, gaia hartuta, egiten zituen kantuak. Goizaldean izaten zuen sormena emankor: “Bai, bitxia da, baina ni goizeko laurak aldera egoten naiz neure onenean kantuak sortzeari dagokionez behintzat. Siesta egin eta goiz joaten naiz ohera: gero esnatu eta kasete txiki batean grabatzen ditut ohean bertan burura etorri zaizkidan ideia berriak, bestela ahaztu egiten zaizkit eta!” (1). Euskal Herriari eta maitasunari kantatzen dio batez ere Kaxianok, Euskal Herriari zion maitasunari.
Letren ondoren, doinuak sortzen hasi zen Lizartzako itsua, berak kantatuko zituen doinuak batetik, eta bertsotarakoak bestetik. Hala deskribatu zituen Juanito Dorronsorok Kaxianok sortutako doinuak: “Bertsolaria zen, barrutik ezagutzen zuen, eta doinu politak, samurrak, oso sentikorrak egiten zituen” (1). Zortziko txikian nahiz handian, oraindik plazan entzuten dira Kaxianok sortutako doinuak, “Kantatzera nihoa” kasu.
Testua: Ainara Gorostitzu
Herri askotan entzundakoa
hasi behar dut kontari
gaztetxo asko jakin nahiean
galdezka zaharragoei
zeinek eta noiz ezarria den
gure Euskalerriari
askatasunik ere ez duen
lege negargarri hori.
Egia da, egia da
nor beran nortasunakin
pakean bizi behar da
Egia da, egia da
nor beran nortasunakin
pakean bizi behar da.
Aita nolatan sortu ninduzun
hain loturik bizitzeko
zuen garaian ez al zen inor
askatasuna lortzeko
Haundiak ez du eskubiderik
txikia menperatzeko
bakoitzak nor berea behar du
gero elkar laguntzeko.
Egia da, egia da
nor beran nortasunakin
pakean bizi behar da.
Egia da, egia
nor beran nortasunakin
pakean bizi behar da.