Egia da, heriotzaren lumak lurreratuko nauenean ere
Bizitzak berdintsu iraunen duela, munduan
Ni hilda biharamunean eguzkiak argituko du oraindik?
Eta trena ohi bezala geldituko da bost minutuz geltokian?
Eta itsas bazter honetan hausten diren
Olatu uherrak
Etenik gabe helduko dira hondartzaraino ahalez eta ezinez
bazterrean desegitera?
Eta ene izterreraino inguratu den karramarroa
Bihar
Beste inorengana ailegatuko da
Zangozabal eta haztamuka.
Eta berehala aldenduko da, oraintxe
Ihesean aldentzen den bezala.
Eta ez dut enekin eramanen ez eguzkia
Ez trena, ez karramarroa.
Neu bakarrik eroriko naiz zulora eta egundoko
Egunik bakartiena izanen da.
Eta mundua orohar ez da ene hutsuneaz ohartuko
Ortzean zehar iragandako basahatearen hutsuneaz
Baino gehiago.
Eta ni (ez dea galera ikaragarria?) ez naiz
Harrezkero enea izanen.
Eta ez ote dut esango orduan, umetan bezala,
Ez dut nahi?
Dena dela ekipairik gabe joanen naiz
Gehiengoarengana.
Eta laban zorrotzaileak enparantza bazterrean
Betiko antzera xirula jo.
Eta labanak finduko ditu, zorroztarriaz
Izar niminoak eginez.