Julen Lekuona Berasategi 1938ko ekainaren 18an jaio zen, Oiartzunen (Gipuzkoa). Donostiako seminarioan ikasi zuen, Oiartzungo Lartaun taldean txistua jo, eta Oiartzungo herri aldizkarian, Zeruko Argiaastekarian eta El Diario Vasco egunkarian idatzi zuen, beti euskaraz. Antzerkizale handia zen, baina antzeztea baino gehiago zuzentzea, obrak itzultzea eta taldeei laguntzea gustatzen zitzaion. Besteak beste, Kristalezko zooa (Tennessee Williams) eta Erizaina etxea (Prestley) euskaratu zituen Jarrai taldearentzat.
Txikitatik bertso zahar eta kanturako tradizioa jaso zuen etxean, amonaren bidez, baina kantuan Oiartzungo Schola Cantorum haur abesbatzan hasi zen, iganderoko mezan. Seminarioan solfeoa ikasi zuen, eta bertan sortu zituen bere kantu ezagunetako batzuk. Seminarioko urteak amaitu eta apaiz egin orduko Aizpurutxo auzora bidali zuten, Zumarraga eta Azkoitia artean. Ezohikoak ziren bere mezak, gitarraz eta kantuz aritzen baitzen, herritarrekin batera.
Julen Lekuonaren lehen kantuak protesta eta salaketakoak ziren, Euskal Herriaren egoerari lotutakoak. 1963an “Zeruetako gure osaba” kantua aurkeztu zuen, falangistek fusilatutako Osaba Martinen omenez egindakoa. Urte gutxi batzuk geroago Zeruko Argia-n idatziko zuenez, “iñolaz ere ezin giñezke orain uso txuriaren historia tristea kantatzen asi, ori baño tristeagoak ba daudelako. Uso txuria gure euskal errietako tximenietako keak aspaldi beztu zuen. Ezin giñezke beraz erromantizismo batean bizi. Ezin giñezke gauza politak bakarrik kantatzen ibilli. Erriak gizarte batean bizitzera esnatu bear du” (1). 1963an bertan eman zuen jendaurreko lehen saioa, Donostiako Antigua auzoko parrokian. Ondorengo bi urteetan, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta abarrekin ibili zen han-hemenka kantari, eta segidan Ez Dok Amairu taldean sartu zen. 1966ko urtarrilaren 9an Hernanin eta 23an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako lehen emanaldietan abestu zuen, baita martxoaren 6an Irungo Bellas Artes antzokian egin zen Ez Dok Amairuren aurkezpenean ere, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Jose Antonio Villar, Biurriak eta Oleskariak zortzikotearekin. Garai hartan ehunka emanaldi egin zituen Lekuonak, gehienetan taldearekin eta inoiz bakarka. Halaber, euskarazko kantagintza modernoa sustatu nahian, atzerriko kantu ezagun ugari euskaratu zituen,Juan Mari Lekuona anaiarekin batera, eta orduko kantari gazteen artean banatu. Lekuonak euskaratutako kantuak grabatu zituztenetako bat Jose Antonio Villar da.
Caracasen (Venezuela), Discos Gudari zigiluarekin argitaratu zizkioten lehen bi disko txikiak, Egia n. 1 eta Egia n. 2, Julen Lekuonak berak ezer jakin gabe, ezta grabatu zituenik ere. Horrek haserrea piztu zion. 1965ean gertatu zen hori. Bertan daude bere kantu ezagunenetako batzuk: “Eliza pobrea” -Ez Dok Amairuk 1966ko urtarrilean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emandako jaialdian abestu zuenean, kalapita handia sortu zuen kantu horrek-, “Herri bat hiltzen“, “Iltzaile bat bezala“… Azken kantu hori Madrilen epaituriko Alberto Gabikagogeaskoa apaizaren auzia salatzeko idatzi zuen.
Hurrengo urtean lehen disko ofiziala grabatu zuen Bilbon, Cinsa diskoetxearekin. Poliziak ale guztiak bahitu zituen, “Iltzaile bat bezala” kantuan “tiroak gogoan” esaten zuelako. Auzia ez zen hor amaitu. Hilabete batzuk geroago, Azkoitiko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen kantu horren harira. Zigor gisa, gitarra kendu egin zion Guardia Zibilak, eta ez zuen berreskuratu Franco hil arte, hamar urte geroago. Bigarren disko txikia 1968an grabatu zuen, Bartzelonan, hango zenbait musikariz lagunduta. Jose Mari Altuna musikari azpeitiarrak egin zizkion harmonizazioak.
1972an apaiza izateari utzi zion, eta Ez Dok Amairu desegin ondoren bakarka jarraitu zuen kantuan, baina laster Xabier Lete eta Antton Valverderekin elkartu eta bertso zahar eta berriz osaturiko emanaldiak eskaintzen hasi zen. 1974an Donostiako Antzoki Zaharrean eman zuen lehen jaialdia hirukoteak, eta Bertso zaharrak disko arrakastatsua (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen. Urte hartan, Kontxita Rekalderekin ezkondu zen. Azpeitian jarri ziren bizitzen; bi seme-alaba izan zituzten, eta ondoren Irunera aldatu ziren, aurrezki kutxa batean lana aurkitu zuelako Lekuonak.
Kantaldiak emateari utzi zion, baina ez guztiz eta erabat. Badok hamalau izeneko emanaldia egin zuen Ondarroan 1998an, Ganbelu zaharra Oiartzunen 1999an, Mixel Labegerieren omenezko ekitaldian parte hartu zuen 2000an Kanbon, eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aritu zen 2002an. Disko bat grabatu nahi zuela esana zien gertukoei, baina ezin izan zuen asmoa gauzatu. 2003ko uztailaren 19an hil zen, zangoetako tronbosiak jota, Donostiako Poliklinikan zegoela.
Hautsi ez dedin katea liburuxkan (Egan, 1999) bilduta dago Lekuonak utzitako kantutegi oparoa. Horrez gain, haren gizatasunak arrasto sakona laga zuen. Horren lekuko dira hil ondoren jasotako omenaldiak. Aizpurutxo auzoak egun osoko omenaldia egin zion 2003ko abuztuaren 31n, eta Oiartzunen kantaldi bat antolatu zuten 2004ko azaroaren 13an Elorsoro kiroldegian, Xabier Lete, Antton Valverde, Jabier Muguruza, Alaitz Telletxea eta Mikel Errazkinekin. Artista horiek eta beste batzuek hartu zuten parte Itsasoan urak handi dire diskoan (Hirusta, 2004), Julen Lekuonaren omenez.
Testua: Jon Eskisabel
Orain artean ni izandu naiz,
aitona, zure nagusi,
errenta txintxo pagatu dezu
zere kapoi eta guzi;
zu baiño gizon umillaguak
ez ditut asko ikusi,
orain etxea saltzera goaz
nai bazenduke erosi.
Larogei duro zuen errenta
etxeak orain artian,
zedorrek ala pagatu dezu
berrogeitamar urtian;
lengoan bertan gelditutzia
ez da neretzat kaltian,
bost milla duro balio ditu
ea konpondu gaitian.
Zer familia izandu degun
jauna nai al du aditu?
Amabi aurren aita naiz ni ta
semiak amar baditu,
lan egiteko iñor gutxi ta
maiean ezin kabitu,
baneukake non enpleatua
bost milla duro banitu.
Au aditu ta beste aldera
bueltatu zen nagusiya,
esanaz “nik zer kulpa dadukat
zuk ume asko aziya;
ez dezu asko ixtimatzen nik
egin dizudan graziya,
zuek artu nai ez badezute
bada zeiñek erosiya”.
Eskerrikasko, nagusi jauna,
pakian biaugu bizi,
baiña izketan bukatu arte
ez bedi joan igesi;
klaro dabillen gizonak ez du
arrazoi txarrik merezi,
nai duenari saldu bezaio,
guk ezkentzake erosi.
Aziendaz ta lan-erremintaz
bagenedukan indarra,
aiekin ere ez degu orain
oso alderdi ederra...
zazpi balio luteken gauzak
bostean eman bearra,
au pentsatzian etortzen zaigu
begietara negarra.
Amabi lagun maiean bueltan
juntatzen gera jateko,
geienaz ere aietatik bost
irabazira joateko;
pazientziya artuko banu
anbat ez nuek kalteko,
Jaungoikuari eska zaiogun
osasuna emateko.
Prezisamente martxatu biaugu
baserri edo kalera,
norbaiti egin bearko zaio
bizilekuen galdera
esplikatuaz nola izan den
fameliyaren galera;
gure Jainkuak nai duen arte
nonbait mantenduko al gera!