Formatua: CD
Iraupena: 44' 17"
Argi kodea: NOCD 04
Azala: Jose Mari Zabala, Ruiz Balerdiren margolan bat erabiliz
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Du Manoir estudioa (Frantzia), 1993ko urtarrila
SOINU TEKNIKARIA
Jose Luis Crespo
GENEROA
Folka
Egurraren orpotik dator...
1993 - NO-CD Rekords
Formatua: CD
Iraupena: 44' 17"
Argi kodea: NOCD 04
Azala: Jose Mari Zabala, Ruiz Balerdiren margolan bat erabiliz
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Du Manoir estudioa (Frantzia), 1993ko urtarrila
SOINU TEKNIKARIA
Jose Luis Crespo
GENEROA
Folka
Zazpi urterekin bidali zuen amak Juan Mari Beltran (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1947) herriko bandaren zuzendariarengana musika ikastera. Klarinetea jotzen ikasten hasi, eta zuzendariaren eraginez txistua jotzen ere ikasi zuen. Hamabi urterekin biak jotzen zituen, klarinetea herriko bandan eta txistua txistulari taldean. Hamabost urte zituela, Donostiara bizitzera joan zen familiarekin. Isidro Ansorenarekin jarraitu zuen ikasten, eta haren enkarguz ezkontza eta auzoetako festetan txistua jotzen hasi ziren, bera eta anaia Bixente.
Biak hasi ziren Argia taldean musikari gisara. Juan Antonio Urbeltzen eraginez taldean gertatutako bilakaera hurbiletik ikusi, eta Euskal Folklorearen Laborategiko partaide aktiboa gertatu zen Juan Mari Beltran. Garai hartakoak dira bere lehen landa ikerketa eta grabazioak. Zoritxarrez, gehienak galduak dira gaur egun; hala eta guztiz ere, orduan piztu zitzaion Beltrani gaurdaino itzali ez zaion herri musikarekiko eta ikerketarekiko grina. Argia taldean ere hasi zen herri musikako tresnak ezagutzen eta jotzen. Horretaz gain, Artze anaiekin txalaparta jotzen hasi eta 1964an eman zuten Beltran anaiek lehen txalaparta emanaldia, Elizondon (Nafarroa).
Euskal herri musikaren izen funtsezkoak gertatu diren hainbat musikari ezagutu, tratatu eta estimatu zituen: Leon Bilbao albokaria, Maurizio Elizalde txistularia… Sekula ikerketa alde batera utzi gabe, 1980an sortu zuen Azala, eta taldean jarraitu zuen 1984a arte. Artean, euskal folk musikaren haize berrien adierazle zen diskoa grabatu zuen: Azala (IZ,1983). Taldekideekin norabide musikalaren inguruko desadostasunak zituela-eta Azala utzi eta Txanbela osatu zuen 1984an. Urte hartan bertan kaleratu zuten lehen lana, Txanbela (IZ, 1984). Hurrengo urtean, bere ikertzaile senaren lekuko eta euskal etnomusikologiaren harribitxia den Euskal Herriko soinu tresnak (IZ, 1985) diskoa eta dokumentala plazaratu zituen.
Txanbelan askoz ere modu “libreagoan” gauzatu ahal izan zuen Beltranek herri musikaz zuen ikuspegia; berreskuraketa eta artifiziorik gabeko berrinterpretazioa. Ikuspegi horren lekuko dira taldearekin plazaratutako beste hiru diskoak: Doinurik doinu (IZ, 1987), Hirugarren koskan (IZ, 1992) eta Arin arinketan (IZ, 1997).
Berrikuntza eta esperimentazioa alde batera ez dituela uzten erakutsi zuen Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailearekin izandako elkarlanean. 90eko hamarkadan indarrean zegoen “musika berrien” etiketa jaso arren, txalapartaren eta teklatuen arteko elkarrizketa mamitsua da Egurraren orpotik dator… diskoa (NO-CD, 1993). Suso Saiz musikari espainiarrak ekoitzi zuen bikotearen hurrengo lana, Beti ttun-ttun (NO-CD, 1999), aurrekoaren bidetik jotzen zuena.
Bakarkako ibilbideari ekin zion Juan Mari Beltranek urte hartatik aurrera. Bi disko kaleratu ditu orduz geroztik: Arditurri (Elkar, 2002), hori ere Suso Saizek ekoitzia, eta Orhiko xoria (Elkar, 2006). Bietatik edozein gerta daiteke Beltranen ikuspegi musikalaren gailurraren erakusgarri. Multinstrumentista preziatua izanik (alboka, dultzaina, txalaparta, txistua…), hainbat musikarirekin lan egin du azken 25 urteotan. Aipagarriena, agian, 1984tik aurrera Amasako Astiasaran Anaiekin egiten duena. Horren lagin bat Amasatik Arratera (Herri Musika Zaleak, 2007) diskoan bildu dute.
Xirolarrua (Syntorama-Soinuenea, 2012) da Beltranen azken diskoa, Fernando Jalon dultzaina jotzaile espainiarrarekin grabatutako lana. Xirolarrua tresna berreskuratzeko eta dultzainarekin historikoki izan duen bikote harremana berpizteko bi musikariek egindako lanaren testigantza da aipaturiko diskoa.
Herri musikaren inguruan egindako lan guztia erakutsi eta zabaltzeko sortu zuen Herri Musikaren Txokoa. Museo eta interpretazio zentro horretan liburutegia, fonoteka eta herri musikako hainbat tresna topa daitezke. 1996an martxan jarri eta 2002an zabaldu zen jendearentzat. Interpretazio zentroa izateaz gain, inguruan bestelako egitasmoak ere gauzatzeko plataforma bikaina da Herri Musikaren Txokoa. Herri Musika Zaleak elkartea da bertan sortutako egitasmo nagusia.
Ezin aipatu gabe utzi Juan Mari Beltranek euskal musika tresnak zabaltzeko hezkuntza alorrean egindako lana. 1985etik hainbat tresnaren irakasle da Hernaniko kontserbatorioan (dultzaina, txalaparta, alboka…), eta bera da azken hogei urtean Hernanin Euskal Herri osoko txalapartariak bildu dituen Txalaparta Festaren bultzatzaile eta antolatzaile nagusietakoa. Hain zuzen, txalapartari eskainitako disko-liburu mardula kaleratu du, Txalaparta (Nerea-Syntorama, 2009), eta horren harira, Ttakun Ttan Ttakun ikuskizuna prestatu du Kukai dantza taldearekin.
Testua: Andoni Tolosa