Urrestilla auzoan jaio zen Joxe Mari Iriondo, 1938ko ekainaren 10ean. Mutil koskorra zelarik irratigintzak lilura piztu zion, baita euskararekin lotutako kontuek ere. Soldadutzan egin zituen lehen irratsaioak, Sidi Ifnin (Maroko), eta handik bueltatzean Loiolako Herri Irrati hasi berrian hartu zuten lanerako, 1961. urtean. Kontabilitatea eramaten zuen hasieran, baina pixkanaka kazetari lanak egitera pasatu zen. Herrietako informazioa jorratu zuen hasieran, eta geroago elkarrizketak eta euskal kulturarekin lotutako gaiak. Bertsozale eta trikitizale amorratua zen Iriondo, eta saioak eta erromeriak grabatzen hasi zen, ondoren irratian emateko. Beste batzuetan, trikitilariak, bertsolariak edota kantariak joaten ziren estudiora, grabatzera. Geroago, beste zeregin batzuk ere hartu zituen bere gain; esaterako, gai-jartzaile lanetan aritu zen hainbat urtez, bertsolari gazteen txapelketa antolatu zuen Herri Irratian, eta 1962an trikitilarien sariketa antolatzen hasi zen. Trikitia bultzatzeko egindako lanarengatik, EITBk omenaldia egin zion Iriondori 2006. urtean, San Jose Eguneko Trikiti Jaialdian.
Iriondoren beste zaletasun nagusia kantagintza zen, eta hor ere lan eskerga egin zuen kantari berriak ezagutzera emateko 60ko hamarkadan. Julen Lekuona, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Oskarbi eta hain ezagunak egin ez ziren beste hainbat abeslari irratira eraman zituen, zuzeneko grabazioak egiteko. Halaber, Ez Dok Amairu taldea eratzeko bileretan parte hartu zuen. “Artze, Lourdes [Iriondo] eta hirurok bildu ginen, eta erabaki genuen bilera bat egin behar genuela euskaraz kantatzen zutenekin. Donostiako Iturriotz tabernan bildu ginen. Hamabost egunera beste bilera bat egin genuen, eta erabaki genuen talde bat sortu behar genuela. Izena gero onartu zen: Ez Dok Amairu. Nire borroka zen jesuitek eta zuzendariek nola hartuko zituzten kanta haiek. Oso ondo hartu zituzten, ez nuen inolako oztoporik izan. Niretzat zoragarria izan zen artista haiek denak grabatzea. Lanean jardundako 42 urteko unerik politena izan zen hori” (1).
Antton Valverderekin kantuan. (Jon Urbe / Argazki Press)
22 urtez aritu zen Iriondo Herri Irratian lanean, eta 1975ean hura utzi eta TVEko Telenorte-n hasi zen beharrean, astero erreportaje bat eginez Euskalerria saioan. 1983an EITBn sartu zen, eta 1985ean ETBko zuzendari izendatu zuten. 1989tik 1998ra bitartean EITBko irratietako burua izan zen. 2003. urtean erretiroa hartu zuen.
Hainbat biografia idatzi ditu Iriondok: Lourdes Iriondo, Estitxu, Julen Lekuona, Iñaki Eizmendi Basarri, Joxemari Aranalde, Auntxa eta Iturbidetarrak…
Testua: Jon Eskisabel
- (1) Berria, 2003ko irailaren 21a