2021.09.03
Joseba Tapia

Joseba Tapia

Buenos Aires izeneko auzoan jaioa, musikarekin harreman oso estua zuen familia batekoa da Joseba Tapia; besteak beste, Juanito eta Eleuterio osabak trikitilari ospetsuak zirelako. Txikitatik hasi zen musika lantzen, hasiera batean soinu handia, Mikel Bikondoaren akademian. Zortzi urtez aritu zen ikasten, baina hamabost urterekin erabaki zuen hura ez zela bere tresna, eta soinu txikia lantzen hasi zen, Eleuterio Tapia osaba irakasle zuela.

Harekin hasi zen plaza eta erromerietan jotzen, eta 1981. urtean agertu zen plazan bakarrik lehenengo aldiz, Donostiako Igeldo auzoan. Handik hiru urtera, aurrerantzean bere pandero jole izango zen Xabier Berasaluze Leturia-rekin jotzen hasi zen. Hortik aurrera, bikote bereizezina bihurtuko zen, Tapia eta Leturia izen artistikoa hartuz.

721

Joseba Tapia. (Zaldi Ero)

Modu paraleloan, Joseba Tapiak bide propioa jorratu du. 1998. urtean, Koldo Izagirre idazlearekin elkarlanean, Apoaren edertasuna proiektua (Gaztelupeko Hotsak, 1998) jarri zuen martxan. Izagirreren narrazio baten gainean osatu zuten diskoa, eta ondorengo ikuskizuna, trikitiaren eta literaturaren arteko uztarketa berezia eginez. Bakarkako hurrengo proiektua ere ezohikoa izan zen. Québec, hamalau kantu independentziarako diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 1999) Tapiak herrialde horretako idazle eta poeten kantuak abestu zituen, Itxaro Bordak eta Koldo Izagirrek euskaratuak. Alderdi musikalean Arkaitz Miner (biolina), Ritxi Salaberria (kontrabaxua) eta Pascal Gaigneren (gitarra eta moldaketak) izan zituen alboan.

“Ni Quebecera hurbildu banaiz izan da beraiek dituzten kezkak nireen parekoak direlako; eta bide horretan proiektuak ugari dira, toki guztietan daudelako arazoak eta toki guztietan dagoelako lanean diharduen jendea. Nire izenean bakarka hasitako lana hortik doa. Musika tradizionaletik aldentzen ari naiz, nahiz eta bere eragina oraindik handia den, eta kezka batzuk jasotzen dituen musika egin nahi dut. Mundu aldrebes honetan hamaika kezka ditugu, ez bakarrik politikoak, eta horiei musika jarri nahi diet. Bai Quebec eta bai Apoaren edertasuna bide horretan kokatzen dira, eta nire musika-sena horren alde jarriko dut. Gainera, kanpoko herrialdeekiko harremana asko interesatzen zait. Egiten dudanak karga ideologiko handia izatea garrantzitsua da” (1).

978

Nazioarteko Trikitixa Jaialdian, 2002n. (Jon Urbe / Argazki Press)

Trilogia berezi horri amaiera emango zion lanak ere Joseba Tapiaren alderik konprometituena erakusten zuen: Agur Intxorta maite. 1936-1937 guda kantuak(Gaztelupeko Hotsak, 2001). Disko horretan 36ko gerran euskaldunek abesten zituzten kantu antifaxistak berreskuratu zituen Tapiak, Koldo Izagirreren ezinbesteko laguntzaz. Ordu arte egin gabe zegoen lan historiko eta kultural handia dago disko horretan.

Hurrengo diskoan beste urrats bat egin zuen Tapiak. Estimatzen zituen testuei hitza jarri zien Real politik lanean (Zakurraren biolina, 2006), eta, horrez gain, lan hori autoekoitzi zuen. Josetxo Azkona, Koldo Izagirre, Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga, Bilintx, Bertolt Brecht eta beste musikatu zituen.

JOSEBA_TAPIA

‘Eta tira eta tunba’ diskoaren aurkezpenean. (Jon Urbe / Argazki Press)

2010ean Eta tira eta tunba (Zakurraren biolina) grabatu zuen Tapiak. Bigarren karlistadako bertsoak musikatu zituen lan horretan, hala karlistenak nola liberalenak. Musikaren aldetik, aldaketa handia ekarri zuen disko honek, haize instrumentuek (tronboia, saxofoia, tronpeta, bonbardinoa, tuba…) lagundu baitzuten soinu txikia.

Are aldaketa handiagoa ekarri zuen hurrengo diskoak, soinu txikia alde batera utzi eta gitarra klasikoa hartu baitzuen Joseba Tapiak. Tximela kapitainaren izarrak (Zakurraren biolina, 2013) izeneko diskoan Luis Rezola Aranak 36ko gerran kartzelan idatzitako bertsoak musikatu zituen. Luis Fernandez (biolontxeloa) eta Txus Aranburu (organoa) izan zituen lagun grabazioan.

Joseba_Tapia_

Gitarrari heldu dio Joseba Tapiak azken diskoan. (Gorka Rubio / Argazki Press)

Horrez gain, beste bi proiektu garrantzitsutan hartu du parte Joseba Tapiak: Zaldibobo, dantzarako eta erritmo afrikarrak uztartzen zituen talde interesgarria, Mixel Ducaurekin sortua, eta Hiru Truku, Ruper Ordorika eta Bixente Martinezekin batera osatutakoa. Bizkaiko eta Nafarroako kantu zaharrak gaur egungo folk doinuetara eman zituen hirukoteak  hiru diskotan.

Horrez gain, Euskal Herriko zein atzerriko musikari askorekin kolaboratu izan du Tapiak: Negu Gorriak, Mikel Laboa, Fermin Muguruza, Ñaco Goñi, Albert Pla…

Testua: Gontzal Agote

  • (1) Aho bete doinu (Kutixiak, 2001)
  • (2) Gara2006ko azaroaren 18a
  • (3) Argia, 1.625. zenbakia, 1997ko maiatzaren 18a

Atzera

Paris-Dakar

Atzera

Madrilgo lagunak

Atzera

'Besamotzak' diskoaz solasean

Egilea: Joseba Tapia

Atzera

Biba Berango (Vint Anys)

Atzera

Châteauguayko Bataila (Vint Anys)

Eisenhower eta ni

Eisenhower eta ni, zer gizon paria!
primetan baginuke guk lehen saria
Ameriketan dute hau denen buria
ni ere ez nornahi, gauza ageria:
podore guti bainan badut omoria.
 
Bertsuz emanen ditut zer harat-hunatak
ditugunak beraz nik eta Presidentak:
denen gobernatzeko biziki akortak,
harek manatzen ditu Washington-New Yorkak,
eta nik Nevadako mendi 'ta errekak.
 
Jeneral Eisenhower gizon famatia
izarrez estalia du bere kepia.
Izarren usaia dut nik ere hartia
gaua frangoz, nun ez den ilargi betia
begi bat zabalik dut aski lo e'itia.
 
Erresuma handi hau xuxen moldatzeko
harek behar buru bat eta nik bi zango
otoan dabil hura, ni arri-mandoko
moda xahar hau ez dut beti segituko
modernizatuko naiz haren adineko.
 
Zer familia duen ez dakot galdegin
ez gira interesatzen suiet horiekin.
Alabatxo bat balu apepres ner' adin
pena litake hura uztia mutxurdin
enetzat andrexka bat egin liro berdin.
 
Politikari buruz ez dut azkar bixta
denen konprenitzea enetzat anitx da 
iduri du naizela erdi komunixta:
aitzinerat ukana, on bada, profita.
Eisenhower berdin da, etzaitela trixta.
 
Hau aberats bizi da mutilen artean
eta ni bertzen mutil ahal den moldean.
Zer ontasunak ditugun guk iguzkipean!
Nik ez badut gehiago gaineko aldean
Jauna urrikal zaizkit eternitatean.
 
Laster hiltzen bazauku gure Presidenta
jendek nindezakete ordaintzat presenta.
Nola dutan kargua ja aski baitzauta
Frantziarat ihes jinen ez nezaten hauta
izen faltsu batekin deus ez dadin gerta.
 
Nahaskeria frango dabila mundiak
armaden gerizarat guziak bildiak.
Guk baditugu tropak, zer tropa haundiak!
Presidentak soldadoz eta nik ardiak!
Trankil egiten du lo hemengo jendiak.
 
Hor ditugu zaintzale armada osoak
menean dituztenak leihor-itsasoak
menean bai mendiak en' ardi multxoak
zer lanjerrak dituzten hek ere gaixoak!
Bakarrak jaten daizkit gauaz jaun otsoak.
 
Sekretu bat enekin ez delakotz dudan
atomik entseguak baitugu Nevadan
Rusia eta Xina badira 're kaldan
pinterdia edaten jin laizke segidan
heien osagarrira dugun beraz edan.
 
Eisenhowerek beti bakea gogoan
bainan zaintzen aski lan du orainokoan.
Hortako ezarria da bere gradoan
denen erresponsable gerla has ondoan
trankilago bizi naiz ni neure xokoan.
 
Hartze du errespetu eta ohoria
denetaz maitarazten du bere buria
baina maiteago nik halere neuria 
zeren hau galtzen badut segur naiz jarria
harek ez deraitala emanen beria.