2014.05.26
Jose Antonio Villar

Jose Antonio Villar

  • 1939
  • Oñati (Gipuzkoa)
  • Popa

Atzera

Basque party n. 1
 

Basque party n. 1

1964 - Goiztiri


Begiak begitan / Tous les garçons et les filles(Jatorrizkoa: Françoise Hardy / Doinua: Arrasate-Hitzak: Lekuona)
facebook iconfacebook icon
Gaztetxo naiz / Non ho l'età(Jatorrizkoa: Mario Panzeri, Nicola Salerno / Doinua: Arrasate-Hitzak: Lekuona)
facebook iconfacebook icon
Txistuka dago trena / J'entend siffler le train(Jatorrizkoa: Hugues Aufray / Doinua: Arrasate-Hitzak: Lekuona)
facebook iconfacebook icon
Zoriontsu / Occhi neri cielo blu(Jatorrizkoa: Claudio Villa / Doinua: Arrasate-Hitzak: Lekuona)
facebook iconfacebook icon

Formatua: EP


Argi kodea: Mende Berri sorta, 8


Azala: Pedro Sologaistoa \'Laso\' (argazkia)


PARTAIDEAK

  • Jose Antonio Villar, ahotsa, gitarra
  • Felipe Vitoria, bateria
  • Rafael Ortubai, tronpeta
  • Eusebio Gomez, organo eta akordeoia
  • Pako Perez, saxofoia

GRABAZIOA

Donostia


SOINU TEKNIKARIA

Jon Oñatibia


GENEROA

Popa

1962ko abendutik 1963ko martxora bitartean, Donostian egin zen Artista Berrien II. Lehiaketan aurkeztu zen Jose Antonio Villar jendaurrean kantari. Bigarren saria jaso zuen kanta modernoaren atalean. Euskaraz estrainekoz hilabete batzuk geroago abestu zuen, 1963ko irailean, Urretxun (Gipuzkoa), Euskal Festa egunean, gitarra baten laguntzaz. Jose Maria Iparragirre urretxuarraren bizpahiru abesti jota, txalo zaparrada beroa jaso zuen Ederrena pilotalekuan.

1872

Jose Antonio Villar. (Pedro Sologaistoa)

Musika eta abesteko zaletasuna etxetik bazetorkion ere, Maristetako irakasleen bultzada funtsezkoa izan zen pianoa, gitarra eta musika ikasketak egin zitzan. Maristetatik ateratzean, 60ko hamarkadaren hasieran, Galdakaoko Andra Mari dantza taldearekin ibili zen emanaldiak eskaintzen, eta ondoren Arrasate orkestina sortu zuen Felipe Vitoriarekin, Rafael Ortubairekin, Eusebio Gomezekin eta Pako Perezekin; orkestina harekin, orduan modan zeuden atzerriko kantuak euskaraz abestu zituen, eta hala gazteek garai hartan zuten gogoari erantzun zieten. Euskaraz kantu modernorik abes zitekeela zalantzan jartzen zen garaian, entzuleek arrazoia eman zioten Villarri. “Badira euskera koraletan eta bertsolariak bakarrik erabiltzekoa dela esaten dutenak ere. Baina egia esan, gazte jendeak arreta aundiarekin artu ditu tankera onetan eman diran lenengo urratsak”, zioen orduko elkarrizketa batean (1).

1869

Lagun artean jotzen.

Dantzalekuetara zuzendutako euskarazko kantugintza moderno (euskal ye-ye esaten zioten) edo “arinaren” aitzindarietakoa izan zen Villar. Horren lekuko, 1964. urtean Arrasate orkestinarekin grabatutako bi disko txikiak. Jakes Abeberri Goiztiri diskoetxeko arduradunak Basque Party izenburua jarri zien diskoei, kantuen modernotasun kutsua nabarmendu nahian. Egun batean grabatu zituen bi diskoak, Donostian, oso baldintza txarretan. “Lekua ezegokia zen, tresneria ezegokia, eta grabazioaren maila teknikoa oso apala…”. Kantari gazteen artean banatzeko Julen eta Juan Mari Lekuonak euskaratutako abestien artean oso ezagunak ziren zortzi aukeratu zituen Villarrek diskora eramateko: “Begiak begitan” (François Hardy frantziarrak 1962an grabatutako “Tous les garçons et les filles” kantu arrakastatsuaren moldaketa), “Arratsa Mosku’n” kantu errusiarra, Gilbert Becauden “Eta orain”, Alejandro F. Roth mexikarraren “Aitortzen dut”, Gigliola Cinquettik 1964an Eurovision jaialdian abestutako “Gaztetxo naiz” -kanta horrekin lehen saria irabazi zuen italiarrak-…

Ez Dok Amairu sortzeko Kursaaleko beheko solairuan egin ziren bileretan parte hartu zuen, baita herriz herri ibili zen taldeak 1966. urtean eman zituen jaialdietan ere: Hernanin, Irunen, Zumarragan, Ordizian, Madrilen, Donibane Lohizunen eta Errenterian, besteak beste. Urte berean, Usurbilen (Gipuzkoa) egindako Euskal Kantu Jaialdian parte hartu zuen, eta letra onenaren saria irabazi zuen “Maitasun” abestiarekin (Julen Lekuonak idatzi zituen hitzak). Ondoren, Ez Dok Amairu utzi eta Arrasate orkestinarekin abesten jarraitu zuen, eta, geroago, Bergarako Arizona dantzalekuko orkestinan hasi zen kantari.

1868

Arrasate orkestrarekin. Ezkerretik hasita, Felipe Vitoria, Rafael Ortubai, Pako Perez, Jose Antonio Villar eta Eusebio Gomez.

Donostiako Viktoria Eugenia antzokian 1966ko abenduaren 4an eskainitako emanaldiaren grabazio bat entzun daiteke hemen: “La plage” kantuaren euskarazko bertsioa.

Musikariaz gain, aktore ere aritu da Jose Antonio Villar hainbat urtez, Euskal Telebistako Goenkale telesail arrakastatsuan.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Argia, 159. zenbakia, 1966-03-13