2024 - Egilea editore
PARTAIDEAK
2018 - Egilea editore
PARTAIDEAK
PARTAIDEAK
PARTAIDEAK
Josu Irastortzak (Olaberria, Gipuzkoa, 1954) eta Jokin Lasak (Lazkao, Gipuzkoa, 1954) Beasaingo (Gipuzkoa) Usurbe antzokian abestu zuten lehen aldiz elkarrekin jendaurrean, 1973an, ordurako arras ezaguna zen beste bikote batekin: Pantxoa eta Peio. Hain zuzen ere, Lapurdiko bi abeslarion eredua hartuko zuten Josuk eta Jokinek kanturako: bi ahotsera abesturiko kantu akustiko melodikoak eta herriaren egoera politiko eta kulturalari buruzkoak. “Garai nahasiari zegokion kantu mota zen, aldarrikatzailea, jendeak hori eskatzen baitzuen. Hala ere, saiatzen ginen panfletotik ihes egiten”, dio Jokin Lasak.
Besteen kantuekin osaturiko lehen emanaldi labur haren ondoren euskal poeta garaikideen olerkiak musikatzen hasi ziren (Bitoriano Gandiaga, Koldo Izagirre, Joxe Azurmendi, JosAnton Artze, Amaia Lasa, Xabier Amuriza…), gehienetan Jokin Lasak asmatutako doinuekin. Haatik, 1974an Josu soldaduskara joan zen, eta itzuli bitartean Jokin ibili zen bakarka, emanaldi andana eginez. “Garai hartan, promoziorik egin gabe ere, ugari ziren jotzeko aukerak. Jendeak etxera deitzen zuen kontzertuak antolatzeko”. Josuk eta Jokinek Goierri aldean eman zituzten lehen kontzertuak, eta pixkanaka Bizkaira, Arabara eta Ipar Euskal Herrira heldu ziren haien kantak. Nafarroan abestu zuten gutxien. Gehienetan beste hiruzpalau abeslarirekin osatzen zuten kantaldia, eta ondorioz lagun ugarirekin bat egin zuten agertokian: Ez Dok Amairu taldeko kideak (Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi….), Hibai Rekondo, Patxi Villamor, Oiartzunak, Miren Aranburu, Iñaki Eizmendi… Parte hartu zuten emanaldi jendetsuenen artean bi dira aipagarrienak: 1977an Beasainen lehen Kilometroetan egindakoa, eta 1978an Bilboko San Mames futbol zelaian Bai Euskarari jaialdian emandakoa.
Fernando Unsain IZko arduradunak disko bat grabatzea proposatu zien. Nire herria bezala (IZ, 1977) Madrilen grabatu zuten hamabost egunean, hango musikari profesionalekin. Unsain bera arduratu zen diskoa ekoizteaz, eta Carlos Monteroren esku utzi zuen musika zuzendaritza. Bikoteak ahotsaz eta gitarraz abesturiko melodiak hari moldaketaz eta perkusioz jantzi zituen Monterok.
Diskoak harrera ona izan zuen, “Euskal Herritik aparte“, “Nire herria bezala”, “Gizonak behar dira” eta “Maiteari” kantuei esker. Abesti horietako batzuen bertsioak egin dituzte beste zenbait taldek; esaterako, Drindots plaza taldeak “Euskal Herritik aparte” moldatu zuen Delilah diskoan (IZ, 1998), “Okil beltzaren gogoetak” izenburua jarrita, eta Tapia eta Leturiak “Bizitzeko ametsa”-ren bertsioa egin zuten.
Diskoa zuzenekora eramateko talde bat osatu zuten hiru musikari hauekin: Patxi Urrestarazu (baxu elektrikoa), Luis San Jose (bateria) eta Kaki Arkarazo (gitarra). Angel Gonzalez Katarain zen zuzeneko soinu teknikaria. Taldeak 1979ra arte iraun zuen. Urte hartan Jokin soldaduskara joan zen, eta itzuleran irakasle lanari lotu zitzaion musikariaren kaltean. Hala ere, 1980an Itziarko Mandiope dantzalekuan egin zen artista berrien lehiaketara aurkeztu zen Xemen Lazkao izenarekin, eta lehen saria irabazi zuen bakarlarien atalean. Horren ondorioz, “Berastegi” kantua grabatu zuen Euskal Musika 80 (IZ, 1980) askoren arteko diskorako.
2003an berriz elkartu zen bikotea, 1977an bezala Kilometroen aldeko kantaldi bat egiteko, baina Lazkaon. Diskoko zazpi kanta eta bizpahiru berri jo zituzten. Gainera, Lasak idatzi zituen urte hartako Kilometroetako kanturako hitzak,”Euskrz 2zi ny dt*“, eta Alaitz eta Maiderbikoteak musikatu.
Hala ere, Jokin Lasak kantuak egiten jarraitu du urte hauetan guztietan. 2006an itzuli zen estudio batera, Peli Markiegi Debako idazlearen jaiotzaren mendeurrena zela-eta haren omenezko diskoa grabatzeko: Zera (Hirusta, 2006). Kaki Arkarazo, Joserra Senperena, Miquel Saumell eta Inoren Ero Ni taldeko zenbait musikarirekin grabatu zituen Lasak disko horretarako sorturiko kantuak.
Kaki Arkarazo herrikide eta aspaldiko lagunarengana jo zuen berriz ere Zortziko txiki bat (2013) grabatzeko. Zuzenean ere zenbait emanaldi eskaini dituzte elkarrekin lan hori aurkezteko.
Testua: Jon Eskisabel
2018
ABESTIAK:
Gezurra da
Fidelissima Bardulia
Taberna hartan izan zen
Hartzabal
Laparitik Haitzurira
Ihes egin
Kalea
Hondartza bat
Zure pelikula
Mila eta bat gau
Lapurreta sasoiak
2013
ABESTIAK:
Etxea
Atso zoragarriak
Batela
Ezkilak
Izar hordien balsa
Zaharra
Trenean
Zorionak aitona
2006
ABESTIAK:
Arnas bila
Nere lagunari
Errege eguna
Loreskiña
Malkoak
Ama onaren abestia
Osion gora
Zintzo
Kanta, papargorri
Mari
Nia