Dantzari familia batean jaio zen Jean Mixel Bedaxagar, Urdiñarbeko Garraibi auzoan, eta aita, osaba eta aitonaren bideari jarraituz bera ere dantzari hasi zen. Bospasei urte zituela Sohütako maskaradak eman ziren Urdiñarben, eta txirularen soinuak liluratu egin zuen Bedaxagar. Baina 17 urte bete arte ezin izan zuen bere lehen txirula eskuratu, lehen soldataren diruarekin ordainduta. Copain eta Agerret mauletarrak eta Pierre Bordazarre EtxahunIruri izan zituen maisu, eta gero Garat Arhanerekin anitz ibili zen maskaradetan eta festetan jotzen.
Kantari hogeitaka urterekin hasi zen, ostatuetan, baina 1976an parte hartu zuen Donostiako belodromoan egindako 24 ordu euskaraz jaialdian, milaka lagunen aurrean. Haatik, leku jendetsuetan baino maiteagoa du ostatuetan kantatzea. “Hori da nire ustez akademia, han trankil egoten da, petto bat, hankasartze bat eginik, bi ardo tragoren artetik erraz pasatzen da, eta han diat gehien ikasi” (1). Zuberoako kantatzeko manera atzematea ez zitzaion erraza gertatu, “zeren eta ez diagu entzuten orain lehen bezala igandetan ostatuetan; lehen aisa ikasten zuten kantatzen herriko usantza batean eta batere bortxatu gabe, entzutearen entzutez. Nik berriz behar ukan dut jendearengana joan eta zaila izan da” (1).
Etxahun Iruri eta Etxahun-Topeten omenez egindako Etxahun-Etxahun disko kolektiboan (IZ, 1980) parte hartu ondoren, lehen diskoa 1983an kaleratu zuen, Xiberoa (Elkar), Bedaxagarrek maiteen zituen eta bere ahotsara ondoen egokitzen ziren kantu zaharrez osatua: “Hartzaren kantoria”, “Oi xarmagarria”, “Arrainak eijer begia”… Hurrengo urtean, Euskal Herriko Soinu Tresnak disko kolektiboan hartu zuen parte, txirula eta tuntuna joz. Osasun arazoak zirela medio, jendaurrean kantatzeari utzi zion hainbat urtez, eta 1995eanOtia lili denean diskoarekin (Elkar) itzuli zen, erromantze zaharrak (“Xori erresiñula”, “Igande arrats eztiño batez”, “Zu zira zu”, “Atharratze jauregian”…) -”hauek dira gure klasikoak, euskal literaturaren poesia klasikoa, beste herrietakoen pare daude, eta eskolan ikasi beharko lirateke” (2)- eta berak sortutako bi kantu bilduz: “Nafarroa” eta “Gerezitziak lilitan”. Bi kantuok 1988an Urdiñarben taularatutako Agosti Xaho pastoralerako idatzi zituen Bedaxagarrek -bera izan zen pastoralaren egile eta sujeta-. “Baionako poeta batek gaskoiz idatzitako Xahori buruzko poema bat irakurri nuen (…). Poemak dioenez, batzuek eroa zela esaten zuten, besteek poeta zela eta beste batzuek profeta zela. Gizon hori nire antzekoa zela erabaki nuen” (3). Diskoko kantu gehienak a cappella emanak ziren, baina pianoa, txirula, gaita eta hari tresnak ere erabili zituzten.
Bedaxagar hirugarren diskoa (Fonti Musicali Ikerfolk, 1996) zuzenean grabatu zuen, Altzabehetiko elizan (Zuberoa), Niko Etxart (ahotsa), Junes Xuburu (ahotsa), Mikel Urbeltz (arrabita) eta Jean Michel Barreixekin (atabala), eta herri kantuak (“Kadrilla”, “Berterretxen hiltzea”) eta dantzarako piezak (“Hegi”, “Martxa-Godalet dantza”, “Bralea”) jasotzen ditu.
Hainbat urte igaro ziren hurren diskoa kaleratu aurretik. 2009ko urrian plazaratu zuen Auñamendi (Elkar), non besteak beste, berak sortutako hiru pieza grabatu zituen Bedaxagarrek: “Orreagako artzainak“, “Barkoxeri” eta “Etxahun plaza gizona“. Erramun Martikorenak, Mixel Arotzek, Amaren Alabak taldeak eta Johañe Bedaxagar semeak lagundu zioten diskoan.
Kanturako zaletasun ikaragarria du Urdiñarben lantegia duen arotz horrek, eta jendaurrean abesten eta txirula jotzen segitzeko asmoa du. “Kantagintza osotasuna da. Gure herria orekatua izateko, behar ditugu bi bideak jarraikiarazi, kreazionea eta antzinatik egina. Ez dio batek besteari eman behar lehentasuna, biak behar dira maila berean. Segur naiz horri esker mendez mende iraun dugula eta iraunen dugula. Gehientasuna rockari emanez gero -beste guztiak bazter utziz- denbora labur batez iraunen dugu. Antzinakoari begira, berriz, inguruko aragoarrei eta biarnoarrei bezala gertatuko zaigu, desagertuko gara” (2).
Testua: Jon Eskisabel
Argia dela diozü
gauherdi orain'ez düzü
enekilanko denbora lüze üdüditzen zaizü
amodiorik ez düzü, orai zütüt ezagütü.
Otea lili denean
txoria haren gainean
hura hantik aidatzen da berak plazer düanean
zur'et'ene amodioa hala dabila mundüan.
Partitü nintzan herritik
bihotza alagerarik
arra jin nintzan herrira nigarra nüan begian
har nezazü saihetsean bizi nitzano mundüan.