Zuberoako a cappella kantuen tradizioan hezitako kantaria da Jean Bordaxar. Ondare horren transmisioa bermatzera zuzendu du bere kantagintzaren zati bat, belaunaldiz belaunaldi familia eta lagun arteko ospakizunetan iraun duten kantuak abestuz. Baina bestetik, sorkuntzari emana da Bordaxar, etorkizuneko tradizioaren harriak ipiniz.
Hala ere, estreinako diskoa, Adixkideer (Elkar, 1999), musikari ugarirekin grabatu zuen Bordaxarrek, Niko Etxart kantariaren estudioan, eta berak sortu zituen hitz zein doinu gehienak. Allande Sokarros kazetari zuberotarrak idatzi zuenez, “euskal kantuaren eraberritzaile gutxi direla iruditzen zait, ordea, eta 2000. urtean, disko bat kaleratu zuen Jean Bordaxar adibide bakartzat joko nuke. Arrokiagako semeak Zuberoan oso bakan den lan handia burutu du, kantuen hitzak eta aireak berak onduta. Ez dakit sobera nola azaldu baina esango nuke Jean Bordaxar batek egindako lana ez dugula merezi zukeen bezala balioetsi, ez diogula behar adina garrantzi eman” (2).
Bigarren diskoa, Aintzina (Kultulan, 2003), Dominic Earl gitarristarekin egindako lanaren emaitza izan zen. Luro, Pinque eta Larrandabururen laguntzaz, Zuberoako ahots polifonikoen tradizioa eraman zuen Bordaxarrek diskora, eta bestetik, Earlek moldatutako folk melodiak eta erritmo biziak jaso zituen. Lan honetan ere harenak dira konposizio gehienak.
Hurrengo diskoa, ordea, a cappella eta zuzenean grabatu zuten Bordaxar, Luro, Pinque eta Larrandaburuk. Zuberoako kantu herrikoiak, Etxahun Irurirenak eta Bordaxarrek sortutakoak jaso zituzten Zuzenean-En Concert (Elkar, 2010) diskoan.
Euskal Herrian ez ezik, Estatu Batuetan (San Francisco, Bakersfield, Las Vegas…), Quebecen, Parisen eta Belgikan aritu da Jean Bordaxar kantari.
Aitzina pika dantza eta musika ikuskizuna zuzendu eta 2006an estreinatu zuen; Aitzindariak musika taldeak eta Zuberoako 14 herritako dantza taldeek parte hartu zuten. Halaber, maskaradetarako testuak idatzi ditu Bordaxarrek, eta Urrats Berri elkarteko presidentea da.
Testua: Jon Eskisabel
Abrekeria zer trixtezia horen gatik
Behar izan düt nik laster egin sor lekütik
Adin florian ogenik gabe inozentik
Maite beitzüntüdan o Ama Eüskadi oron gaiñetik (berriz).
Bai maradikatzen haigü Hitler krimiñela
Zeren lehen kausa behiz izan gitin hola
Errekaz ixurrazi dereikük hik odola
Hire airekuekin nolaxek desegin gure arbola (berriz).
Ez adiorik o Donostia ta Gernika
Nausi zaharra hasirik beita intzirrika
Ez dakigüla Eskualdün horier haiñ mendeka
Uste beno lehen ez dakion ützül Errepüblika (berriz).
ARRAPIKA:
Entzün nezazü "Ama" zure deitzen
Entzün nezazü zure nigarstatzen
Eskualdün lürretik naie ohiltzen
Noiz ote sartüren niz libro etxen (berriz).