Zuberoako a cappella kantuen tradizioan hezitako kantaria da Jean Bordaxar. Ondare horren transmisioa bermatzera zuzendu du bere kantagintzaren zati bat, belaunaldiz belaunaldi familia eta lagun arteko ospakizunetan iraun duten kantuak abestuz. Baina bestetik, sorkuntzari emana da Bordaxar, etorkizuneko tradizioaren harriak ipiniz.
Hala ere, estreinako diskoa, Adixkideer (Elkar, 1999), musikari ugarirekin grabatu zuen Bordaxarrek, Niko Etxart kantariaren estudioan, eta berak sortu zituen hitz zein doinu gehienak. Allande Sokarros kazetari zuberotarrak idatzi zuenez, “euskal kantuaren eraberritzaile gutxi direla iruditzen zait, ordea, eta 2000. urtean, disko bat kaleratu zuen Jean Bordaxar adibide bakartzat joko nuke. Arrokiagako semeak Zuberoan oso bakan den lan handia burutu du, kantuen hitzak eta aireak berak onduta. Ez dakit sobera nola azaldu baina esango nuke Jean Bordaxar batek egindako lana ez dugula merezi zukeen bezala balioetsi, ez diogula behar adina garrantzi eman” (2).
Bigarren diskoa, Aintzina (Kultulan, 2003), Dominic Earl gitarristarekin egindako lanaren emaitza izan zen. Luro, Pinque eta Larrandabururen laguntzaz, Zuberoako ahots polifonikoen tradizioa eraman zuen Bordaxarrek diskora, eta bestetik, Earlek moldatutako folk melodiak eta erritmo biziak jaso zituen. Lan honetan ere harenak dira konposizio gehienak.
Hurrengo diskoa, ordea, a cappella eta zuzenean grabatu zuten Bordaxar, Luro, Pinque eta Larrandaburuk. Zuberoako kantu herrikoiak, Etxahun Irurirenak eta Bordaxarrek sortutakoak jaso zituzten Zuzenean-En Concert (Elkar, 2010) diskoan.
Euskal Herrian ez ezik, Estatu Batuetan (San Francisco, Bakersfield, Las Vegas…), Quebecen, Parisen eta Belgikan aritu da Jean Bordaxar kantari.
Aitzina pika dantza eta musika ikuskizuna zuzendu eta 2006an estreinatu zuen; Aitzindariak musika taldeak eta Zuberoako 14 herritako dantza taldeek parte hartu zuten. Halaber, maskaradetarako testuak idatzi ditu Bordaxarrek, eta Urrats Berri elkarteko presidentea da.
Testua: Jon Eskisabel
Alegrantzian gira oro jüntatzen
Bi espus gaztek gütienian kümitatzen
Arrastiri hau dügü zien ohoratzen
Iraganen bai dantzan eta kantatzen.
Zure erriak gütü trenpü hontarazten
Zer bihotz hona deiküzün erakusten
Hik beti lana etxean dük bertan hezten
Aisa zidie segür irus izanen.
Hortan zütiegü kobla hontan ütziko
Bihar segürre buxi baten jateko
Zien etxerat saldun gira heltüko
Ez girateke beldür kafearentako.
Amodioaren bihotzez eskentzea
Bi erraztünen algarri ezartea
Biziarentzat bidearen hartzea
Zoinen eder den bi gazten ezkontzea.