2019.05.31
Itoiz

Itoiz

  • 1978 - 1988
  • Ondarroa, Mutriku
  • Pop-rocka, Progresiboa
  • Webgunea

Atzera

Itoiz 1978-1988
 

Itoiz 1978-1988

2000 - Elkar


Itoiz (1978)
facebook iconfacebook icon
Ezekiel (1980)
facebook iconfacebook icon
Alkolea (1982)
facebook iconfacebook icon
Musikaz blai (1983)
facebook iconfacebook icon
Espaloian (1985)
facebook iconfacebook icon
Ambulance (1987)
facebook iconfacebook icon
Eremuko dunen atzetik dabil (1988)
facebook iconfacebook icon
Nobela beltza (kantua)(Hitzak: Jose Mari Argoitia-Musika: Jean Marie Ekai)
facebook iconfacebook icon

Formatua: CD


Argi kodea: KD-573


Azala: Juanma Aramendi


GENEROA

Itoiz aurretik Indar Trabes izan zen. Ondarroako eta Mutrikuko 15-17 urteko bost gaztek sortu zuten taldea 1974an: Juan Carlos Perez (Mutriku, 1958; ahotsa eta gitarra), Jose Garate “Foisis” (Ondarroa, 1958; baxua), Joseba Mendizabal (Mutriku, 1957; gitarra), Estanis Osinalde (Mutriku, 1957-2007; bateria) eta Antton Fernandez (Eibar, 1959; teklatuak). Ondarroako Venezia dantzalekuan eman zuten lehen kontzertua, institutuko ikasleek antolatutako jai batean. Leku bera erabili zuten entseguetarako, Ondarroako portuko lonja batera aldatu arte. Tresneria erosi ahal izateko dirua biltzeko, ezkontzetan eta Bizkaiko herrietako jaietan jotzen hasi ziren, egunen batean plazak utzi eta rock kontzertuak eskainiko zituztelakoan. Berbenetako ohiko errepertorioaz gain, Juan Carlos Perezek sortutako konposizioak eta atzerriko rock taldeenak (Pink Floyd, Focus, Jethro Tull…) jotzen zituen Indar Trabesek. Jaime Iarrituren Agerki kontratazio agentziaren bidez Bizkaian oso ezaguna egin zen taldea, eta Arabara eta Gipuzkoara ere heldu zen. Iarrituk Xoxoa diskoetxea sortu zuen 1978an, eta diskoa grabatzea eskaini zion Indar Trabesi.

Diskoari begira taldearen izena aldatu zuten, Indar Trabes dantzaldiekin lotzen zelakoan. Itoiz diskoan (Xoxoa, 1978) grabatutako kantu guztiak, “Astelehen urdin batean” izan ezik, Indar Trabesek jotzen zituen dantzaldietan. Hasierako taldekideetatik Joseba Mendizabal bakarrik falta zen. Bere lanarekin bateraezina zelako utzi zuen Mendizabalek taldea, diskoa grabatu baino hilabete batzuk lehenago. Musikariez gain, hasieratik Indar Trabesekin soinu teknikari lanetan ibilitako Angel Azkarraga Matxitxa zen taldeko beste partaidea.

Donibane Lohizuneko Bacchanales estudioan grabatu zuten Itoiz, JeanPhocassoinuteknikariarekin. Diskoa 1978ko udazkenean argitaratu zen, eta Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuen taldeak zuzenean. Osinaldek ez zuen parte hartu emanaldi hartan, soldadutzan zegoelako, eta Pedro Jose Lakak bete zuen haren lekua. Halaber, diskoan parte hartutako Joseba Erkiaga flauta jotzailea batu zitzaien. Itoizen lehen diskoak taldearen kantu enblematikoenetako batzuk biltzen ditu, batez ere “Lau teilatu“, inoizko euskal kanturik ezagunenetako bat, gerora hainbat taldek moldatu dutena. Taldekideek musika entzuten hasi zirenetik barneratutako eraginak biltzen zituzten kantuok, batez ere folk-rock progresiboarena. Hitzak Lekeitioko bi poeta gaztek idatzitakoak ziren: Joseba Alkalde eta Joseba Garcia. Durangoko Azokaren disko onenaren saria irabazi zuen diskoak.

2159

‘Ezekiel’ diskoa aurkezteko kontzertu batean.

Hala ere, diskoa kaleratu eta berehala taldea desegin egin zen, eta, hortaz, bigarren diskoa, Ezekiel (Xoxoa, 1980),Juan Carlos Perezek bakarka landutako proiektu baten emaitza izan zen. Ezekiel izeneko nerabe baten inguruko obra kontzeptuala sortu zuen Perezek, The Who taldearen Tommy-ren antzera. Joseba Alkaldek idatzi zion istorioa, eta Klabelin Komik taldeko Karlos eta Santi Gimenez anaiek eta Michel Longaronek lagundu zioten Perezi soinuari forma bihurtzen. Perezen asmoa diskoa bere izenaz argitaratzea zen, baina aurrekoak izandako arrakastaren ondoren, Itoizen izenaz baliatu beharraz konbentzitu zuen Iarrituk. Disko berezia da Itoizen ibilbidean: sonoritate aldetik, folk sustraia gordetzen du, baina jazz-fusiora zabaltzen da. Karlos Gimenezen hitzetan, “oso disko irekia da, abentureroa, esperimentazalea, ausardiaz eta konplexurik gabe egindakoa. Aurrerapauso bat izan zen euskal musikan, eredu gisa bainoago esperientzia gisa” (1). Itziar Egileor kantariak lagundu zion Perezi ahotsetan. Egileorrek disko bat kaleratu zuen urtebete lehenago, Itziar (Xoxoa, 1979).

Diskoa zuzenean aurkezteko taldea berrosatu egin zuen Perezek: Foisis eta Antton Fernandez hasierako taldekideez gain, Javi Robador (bateria; Enbor, Fase, Gran Via Show), Karlos Gimenez (saxofoia), Gonzalo Muga (flauta) eta Fran Lasuen (biolina; Izukaitz, Oskorri) bildu zituen. Formazio horrek, ordea, ez zuen luze iraun. 1981ean, berriz laukote bihurtu zen taldea: Perez, Foisis, Fernandez eta German Ors gitarrista berria. Lauron artean eta Angel Celada (Orquesta Mondragon) bateria jotzailearen laguntzarekin ondu zuten hirugarren diskoa, Alkolea (Elkar, 1982). Taldeak gogortu egin zuen soinua, gitarrek leku handiagoa hartu zuten, eta flauta desagertu egin zen. “Marilyn: sagardotegia eta jazzmana” kantuarekin irrati-formuletara heldu zen Itoiz. Pop-rockera egindako lehen urratsa izan zen.

2156

‘Alkolea’ diskoa grabatu zuen taldea.

Alkolea-ren zuzenekoetarako Jimmy Arrabit bateria jotzailea (King Mafrundi) taldeko kide bihurtu zen, eta haren bidez Jean Marie Ekai gitarrista ezagutu zuten. Ekai 1983an sartu zen Itoizen German Orsen ordez, eta erabakigarria izan zen taldearen norabide berrian. Kantu luzeak, konplexuak eta handinahiak egiteko 70eko hamarkadan zabaldutako joera baztertu, eta Erresuma Batuko punkaren ondorengo new wave eta pop-rock taldeen bidea hartu zuen: hiru minutuko kantuak, lelo itsaskorrak, pop kulturari eta hiriko bizimoduari buruzko hitzak… Ekaik eta Perezek elkarlanean landu zituzten Musikaz blai(Elkar, 1983) diskoko kantuak, eta arrakasta itzela izan zuten: milaka ale saldu zituzten, eta diskoari izena ematen zion kantua entzunenetakoa izan zen urte hartan. Urte batzuk geroago, Koma taldeak kantu horren bertsioa egin zuen El infarto diskoan (Gor, 1997). Muskaria aldizkariaren irakurleek urteko diskorik onena hautatu zuten. Euskal Herrian izan ezik Bordelen, Pauen, Madrilen eta Bartzelonan aritu zen taldea, eta Espainiako multinazionalen balizko interesari buruzko zurrumurruak zabaldu ziren, baina ez ziren inoiz egiaztatu. Haatik, Japoniako Troubador banatzaileak gutun bat bidali zion Matxitxari 1984an, Itoizen diskoak han zabaltzeko nahia agertuz. Taldeak ez zuen erantzun.

2158

Jean Mari Ekai, Jimmy Arrabit, Juan Carlos Perez, Antton Fernandez eta Jose Garate ‘Foisis’.

Arrakastak ez zuen egonkortasunik ekarri taldera. Ekaik berehala utzi zuen Itoiz Orquesta Mondragonera joateko, eta Arturo Blascok (Potato) hartu zuen haren lekua 1984ko kontzertuetan. Haatik, Espaloian prestatzeko Ekairengana jo zuen atzera Perezek, baina oraingoan disko “intimo eta antikomertziala” egiteko asmoa zuen, kantariak behin baino gehiagotan azaldu zuenez. Grabazioa hasi aurretik, Antton Fernandez taldetik kanpo geratu zen, eta Pablo Novoa Galiziako Golpes Bajos taldeko teklatu jotzaileak hartu zuen parte grabazioan. Bernardo Atxaga idazleak lau kanturen hitzak sortu zituen, tartean “Hegal egiten” eta “Tximeleta reggae” entzutetsuenak. Perezek eta Atxagak Bilbon elkar ezagutu zuten 80ko hamarkadaren hasieran, eta haurrentzako disko baten proiektuan lanean arituak ziren. Egitasmoa ez zen aurrera atera, baina geroago berriz kolaboratuko zuten Flannery eta astokiloak Euskal Telebistako marrazki bizidunetako sailean.

Espaloian-ek aurrekoaren arrakasta gainditu zuen kaleratu orduko, Bilboko Casilla kiroldegian eskainitako lehen kontzertuan 7.000 lagun bildu izanak erakusten duenez. 1985eko kontzertuetarako bi musikari hartu zituen taldeak: Carlos Sanz (gitarra) eta Mario Vilas (teklatuak). Itoizen arrakasta komertzialaren punturik gorena ekarri zuen Espaloian-ek. Diskoaren 50.000 aletik gora saldu dira.

Atseden hartze aldera, kontzertu kopurua murriztu egin zuen taldeak 1986an. Otsailean Psychedelic Furs talde ingelesarekin jo zuen Madrilen, eta horren karira Espainiako telebista publikoan agertu zen. Gitarrista berria zuen, Xabi Pery saratarra, eta proiektu berriak sortu ziren. Parisko ekoizle batek Frantziako merkatuari begira single bat grabatzeko eskaini, eta “Ohe azpian” eta “Hemen nago” kantuak grabatu zituen Parisko Demian estudioan, baina singlea ez zen inoiz argitaratu. Dezepzioak dezepzio, 1987an estudio berera itzuli ziren Ambulance grabatzeko (Elkar, 1987), sei kantuz osatutako disko laburra.

609

Azken Itoiz: Jimmy Arrabit, Xabi Pery, Jose Garate eta Juan Carlos Perez.

Taldekideak, eta bereziki Perez, nekea nabaritzen ari ziren urteetako jardunaren ostean, eta handik berehala taldeari azkena ematea erabaki zuen Perezek, baita nola egin ere: zuzeneko disko baten bidez. 1987ko abenduaren 11n eta 12an Getxoko Fadura kiroldegian eskainitako bi kontzertuetan grabatu zen …Eremuko dunen atzetik dabil lan bikoitza (Elkar, 1988). Taldeak bere ibilbide osoari begiratua eman zion, eta bost kantu berri jo zituen: “Non podo mais” (galegoz), “Desolatio“, “Gernika” (diskoaren sarrera instrumentala), “Mendi buelta” eta “Gangaran gara“. Lehen hirurak bakarrik agertu ziren diskoan. Sei mila lagun batu ziren Euskal Herriko azkenetakoak izan ziren emanaldietara. Ondoren, beste bi baino ez zituen eman gurean: abenduaren 25ean Hazparnen eta 26an OƱatin. Lehenagotik hartutako konpromisoak betetzearren, 1988ko udaberrian Frantzian eta Bretainian zenbait kontzertu eman zituen, baina ordurako azkenetan zegoen. Maiatzaren 10ean jo zuen azkenengo aldiz, Bordeleko Eysines aretoan.

Geroztik, Juan Carlos Perezek bide luzea egin du musikagintzan, bai pop-rockaren arloan eta bai musika klasikoaren eta garaikidearen esparruan. Jose Garate Bilbao Orkestra Sinfonikoko kontrabaxu jotzailea da. Jimmy Arrabitek King Mafrundi sortu zuen, eta hainbat bakarlarirekin kolaboratu du: Anje Duhalde, Labrit, Petti, Xabaltx… Gaur egun, Sustraia eta Triki Traka taldeetako partaidea da eta bere jazz hirukotea du, Jimmy Arrabit Trio. Xabi Peryk disko bat grabatu zuen Akoka izenpean, eta Bass-k musika elektronikoko proiektua sortu zuen. 1994an Miarritzeko Laguna estudioa ireki zuen, eta bertatik hainbat disko grabatu eta ekoitzi ditu, Fermin Muguruzarekin kolaboratzeaz gain.

Itoizen disko guztiak eta “Nobela beltza” kantu argitaragabea Itoiz 1978-1988(Elkar) kutxan bilduta kaleratu ziren 2000. urtean.

1918

Itoizen antologia aurkezteko elkartu ziren berriro taldekideetako batzuk. (Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

2008an, lehen diskoaren argitalpenaren 30. urtemugaren karira, Itoizen Antologia (Elkar) argitaratu zen, taldearen ibilbideari buruzko DVD batekin. Horrez gain, Bilbao Orkestra Sinfonikoak Itoiz suite estreinatu zuen 2009ko Bilboko Aste Nagusian; Juan Carlos Perezek berak Itoizen zazpi kantu aukeratu eta orkestrarako moldatu zituen.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Itoiz, hari xingle bat (Paper Hotsak-Bosgarren Haria, 2005)

Atzera

Safari

Atzera

'Katu kale' saio monografikoa (1/3)

Atzera

'Katu kale' saio monografikoa (2/3)