2014.05.25
Imuntzo eta Beloki

Imuntzo eta Beloki

Belokirekin aritu aurretik, Xabier Errasti Epelarre pandero jotzailearekin (Azkoitia, Gipuzkoa, 1969) osatu zuen bikotea Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k (Azkoitia, 1969), besteak beste. 1986ko Euskadiko Trikiti Txapelketan hirugarren egin zuten, Tapia eta Leturia eta Kepa eta Mutriku bikoteen atzetik, eta 1988an disko bat argitaratu zuten, Imuntzo-Epelarre (IZ), bikoteak berak sortutako doinuekin eta Xabier Euzkitze bertsolariak idatzitako koplekin. Trikitia erritmo eta musika instrumentu berrietara zabaltzen hasia bazen ere, Imuntzo eta Epelarrek bide klasikotik jotzea erabaki zuten.

604

1999ko Trikitixa Txapelketan.

Bestelakoa da Imuntzok Eleuterio Jauregi Beloki-rekin (Zaldibia, Gipuzkoa, 1956) egin duen hautua. 1989an elkartu ziren Imuntzo eta Beloki, eta 1991n Euskadiko Trikiti Txapelketan bigarren sailkatu ziren, kanporaketetan puntu gehien lortutako bikotea izanda txapela janzteko faboritoak baziren ere. Urte hartan bertan kaleratu zuten lehen lana, Jo ezak! (Elkar, 1991), trikitiaren ohiko estiloko piezak (fandangoa, Bizkaiko jota, kalejira, zortzikoa, balsa…) eta kanpoko eraginetara jotzen zutenak bilduz (Mexikoko corrido-a, pop musika, Linda Ronstadt country abeslariaren moldaketa bat…). Bikoteak garbi zuen trikitiak hartu behar zuen bidea zein zen: “Jendearen gustoak aldatu egin dira eta musika jendearentzat egin behar da, eta aldatu egin behar da jendeari gusto emateko. Honek ez du esan nahi trikitixa zahar edo klasikoarekin moztu behar denik, ez ezta gutxiago ere” (1). Biolina, saxofoia eta sintetizadoreak erabili zituzten hainbat kantu Aitor Amezagak (Akelarre) egindako moldaketez janzteko. Hala ere, lehen diskoko pieza gehienak Imuntzok eta Epelarrek sortutakoak dira.

Bere burua erdi trikitilari, erdi plaza talde jo zuen bikoteak bigarren diskoa aurkeztu zuenean, Trikrisia (Elkar, 1993). Izan ere, diskoan bilduak zituzten soinu txikia, panderoa eta ahotsa besterik ez duten trikiti pieza klasikoak -Imuntzok sortutakoak-, batetik, eta rock&roll, cumbia, cajun, folk eta tex mex doinuak, bestetik. Urrats handia eman zuten aurrekoan herabeti hasitako bidean. Instrumentazio oparoagoa ekarri zuen Trikrisia-k (tin whistle, bateria, biolina, gitarra akustikoa eta elektrikoa, perkusioak…), baita atzerriko musikarien moldaketak (Flaco Jimenez, Texas Tornados -“Hey, baby, qué pasó”-…) eta, hitzetan, puntako bertsolarien ekarpenak ere (Jon Maia, Jon Sarasua, Andoni Egaña, Mikel Mendizabal, Jokin Sorozabal).

IMUNTZO TA BELOKI

Imuntzo eta Beloki. (Ander Gillenea)

Berriz ere trikiaren inguruko hitz joko batez izendatu zuten hurrengo diskoa, Saturnotrik (Elkar, 1996). Umorea da bikotearen ezaugarrietako bat, eta alaitasun hori gizartean pil-pilean dauden hainbat gairi buruzko kantuetan ere azaltzen asmatu du -dela abiadura handiko trenari buruz, dela euskal presoen sakabanaketaz, dela hiesari buruzko kantuetan-. Aurrekoaren eskema errepikatu zuten lan berrian: musikari talde handia, trikiti tradizionalaren eta kanpoko doinuen arteko oreka (rancherak, boleroak, cajun musika…) eta bertsolarien hitzak.

Kanpoko eragin guztietatik cajun musika bereziki gustuko zuen bikoteak, eta hurrengo diskoan gehiago nabarmentzea erabaki zuen. Hortik datorkio izenburua: Louisianara noa (Elkar, 1999). Arkaitz Miner gitarrista eta biolin jotzaileak (Tapia eta Leturia) ekoitzi zuen, eta parte hartu zuen zenbait kanturekin sorreran. Pieza tradizionalak beste diskoetan baino gutxiago dira lan honetan.

2000. urtean, Azpeitiko Kilometroak ikastolen festarako kantua sortu zuten. Hau da! leloaren gainean Sebastian Lizaso bertsolariak asmatutako hitzei reggae erritmoa ipini zieten.

Herrietako jaietan, erromerietan eta ospakizunetan jotzen jarraitu zuen bikoteak, baina zenbait urte igaro ziren hurrengo lana kaleratu bitartean. Aurreko lanekin zerikusi gutxi zuen disko batekin itzuli ziren; hain zuzen, Urolako (Gipuzkoa) 23 pieza tradizional jaso zituzten Ganbaran bai (Urolako trikitixa) diskoan (Elkar, 2004). Joxemari Iriondo kazetari eta trikitiaren sustatzaileak 60ko hamarkadan Loiolako Herri Irratirako egindako grabazioetatik ateratako piezak dira, eta garai hartako instrumentazioarekin grabatu zituzten Imuntzok eta Belokik, perkusio batzuk erantsita (txinatar kaxa, trikitiaren maleta, botila…). Horretarako, Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi) bateria jotzailearen laguntza izan zuten.

La pareja Imuntzo eta Beloki han presentado su nuevo disco "Ganbaran bai".

‘Ganbaran bai’ diskoaren aurkezpenean. (Imanol Otegi / Argazki Press)

Aurreko diskoa dantza askatuko piezekin osatu ondoren, helduta dantza egiteko herri doinu batzuk bildu zituzte Gauaren helduan (Elkar, 2007)  diskoan, baina beren ohiko ezaugarriak gordeta: alaitasuna, festa eta dantza. Gainontzean, Maider Ansa abeslari nafarraren ahotsa da lanaren berritasun nagusia. Ansak berriz parte hartu du Imuntzo eta Belokiren hurrengo diskoan, orain arteko azkena: Gezurra ez da egia (Elkar, 2011).

Erromerien zirkuituan guztiz egonkorturiko bikotea da Imuntzo eta Beloki. Leku txikietan jo ohi dute. “Ezagutzen gaituzte eta badakite zer eman dezakegun, eta guk ere bai beraiek zer nahi duten” (2).

Antzerkian ere badu esperientziarik bikoteak, Agerre Teatroa konpainiaren Zu ere On Kixote? antzelanean (2012) parte hartu baitu. Belokik Santxo Panzaren rola jokatu du, eta Belokik On Kixoterena.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Euskaldunon Egunkaria, 1991ko ekainaren 19a
  • (2) Berria, 2007ko martxoaren 16a

Atzera

Gezurra ez da egia

Ihesi

Kanpaina berri bat da
modan daukaguna
argi ibili bedi
jarraitzen ez duna
Ai! Oi! Ai!
jarraitzen ez duna
kanpaina berri bat da
modan daukaguna
zaindu beharra dago
gure osasuna.

Jarri ta jarzaiozu
esanez gabiltza
etor ez dadin inork
nahi ez duen gaitza
Ai! Oi! Ai!
nahi ez duen gaitza
“Pontelo” ta “Ponselo”
esanez gabiltza
hobe segapotoan
ibili arraitza.

Antena tente-tente
ipini didazu
orain horren ordaina
zuk ere har zazu
Ai! Oi! Oi!
zuk ere har zazu
antena tente-tente
ipini didazu

Nik ez det asmatzen ta
Zuk jarri zaidazu…

Maitasunez jolastu
nahi nuke zurekin
jarri tokadiskoa
trikitixarekin
Ai! Oi! Ai!
trikitixarekin
Ai!Oi!Ai!
trikitixarekin
maitasunez jolastu
nahi nuke zurekin
hobeto egiten da
erritmo horrekin.