Belokirekin aritu aurretik, Xabier Errasti Epelarre pandero jotzailearekin (Azkoitia, Gipuzkoa, 1969) osatu zuen bikotea Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k (Azkoitia, 1969), besteak beste. 1986ko Euskadiko Trikiti Txapelketan hirugarren egin zuten, Tapia eta Leturia eta Kepa eta Mutriku bikoteen atzetik, eta 1988an disko bat argitaratu zuten, Imuntzo-Epelarre (IZ), bikoteak berak sortutako doinuekin eta Xabier Euzkitze bertsolariak idatzitako koplekin. Trikitia erritmo eta musika instrumentu berrietara zabaltzen hasia bazen ere, Imuntzo eta Epelarrek bide klasikotik jotzea erabaki zuten.
Bere burua erdi trikitilari, erdi plaza talde jo zuen bikoteak bigarren diskoa aurkeztu zuenean, Trikrisia (Elkar, 1993). Izan ere, diskoan bilduak zituzten soinu txikia, panderoa eta ahotsa besterik ez duten trikiti pieza klasikoak -Imuntzok sortutakoak-, batetik, eta rock&roll, cumbia, cajun, folk eta tex mex doinuak, bestetik. Urrats handia eman zuten aurrekoan herabeti hasitako bidean. Instrumentazio oparoagoa ekarri zuen Trikrisia-k (tin whistle, bateria, biolina, gitarra akustikoa eta elektrikoa, perkusioak…), baita atzerriko musikarien moldaketak (Flaco Jimenez, Texas Tornados -“Hey, baby, qué pasó”-…) eta, hitzetan, puntako bertsolarien ekarpenak ere (Jon Maia, Jon Sarasua, Andoni Egaña, Mikel Mendizabal, Jokin Sorozabal).
Berriz ere trikiaren inguruko hitz joko batez izendatu zuten hurrengo diskoa, Saturnotrik (Elkar, 1996). Umorea da bikotearen ezaugarrietako bat, eta alaitasun hori gizartean pil-pilean dauden hainbat gairi buruzko kantuetan ere azaltzen asmatu du -dela abiadura handiko trenari buruz, dela euskal presoen sakabanaketaz, dela hiesari buruzko kantuetan-. Aurrekoaren eskema errepikatu zuten lan berrian: musikari talde handia, trikiti tradizionalaren eta kanpoko doinuen arteko oreka (rancherak, boleroak, cajun musika…) eta bertsolarien hitzak.
Kanpoko eragin guztietatik cajun musika bereziki gustuko zuen bikoteak, eta hurrengo diskoan gehiago nabarmentzea erabaki zuen. Hortik datorkio izenburua: Louisianara noa (Elkar, 1999). Arkaitz Miner gitarrista eta biolin jotzaileak (Tapia eta Leturia) ekoitzi zuen, eta parte hartu zuen zenbait kanturekin sorreran. Pieza tradizionalak beste diskoetan baino gutxiago dira lan honetan.
2000. urtean, Azpeitiko Kilometroak ikastolen festarako kantua sortu zuten. Hau da! leloaren gainean Sebastian Lizaso bertsolariak asmatutako hitzei reggae erritmoa ipini zieten.
Herrietako jaietan, erromerietan eta ospakizunetan jotzen jarraitu zuen bikoteak, baina zenbait urte igaro ziren hurrengo lana kaleratu bitartean. Aurreko lanekin zerikusi gutxi zuen disko batekin itzuli ziren; hain zuzen, Urolako (Gipuzkoa) 23 pieza tradizional jaso zituzten Ganbaran bai (Urolako trikitixa) diskoan (Elkar, 2004). Joxemari Iriondo kazetari eta trikitiaren sustatzaileak 60ko hamarkadan Loiolako Herri Irratirako egindako grabazioetatik ateratako piezak dira, eta garai hartako instrumentazioarekin grabatu zituzten Imuntzok eta Belokik, perkusio batzuk erantsita (txinatar kaxa, trikitiaren maleta, botila…). Horretarako, Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi) bateria jotzailearen laguntza izan zuten.
Aurreko diskoa dantza askatuko piezekin osatu ondoren, helduta dantza egiteko herri doinu batzuk bildu zituzte Gauaren helduan (Elkar, 2007) diskoan, baina beren ohiko ezaugarriak gordeta: alaitasuna, festa eta dantza. Gainontzean, Maider Ansa abeslari nafarraren ahotsa da lanaren berritasun nagusia. Ansak berriz parte hartu du Imuntzo eta Belokiren hurrengo diskoan, orain arteko azkena: Gezurra ez da egia (Elkar, 2011).
Erromerien zirkuituan guztiz egonkorturiko bikotea da Imuntzo eta Beloki. Leku txikietan jo ohi dute. “Ezagutzen gaituzte eta badakite zer eman dezakegun, eta guk ere bai beraiek zer nahi duten” (2).
Antzerkian ere badu esperientziarik bikoteak, Agerre Teatroa konpainiaren Zu ere On Kixote? antzelanean (2012) parte hartu baitu. Belokik Santxo Panzaren rola jokatu du, eta Belokik On Kixoterena.
Testua: Jon Eskisabel
Andre buru txuri bat
zen gure amona
ziur nago zeruan
erdian dagona,
mundu hontan alperrik
gutxitan egona
bizitzari helduaz
ahal zen seriona,
lanean aurkitu zun
bere zoriona.
Goizean jeiki eta
bere beheko suan
aitonaren kapea
berotuko zuan,
zenbat lan etxe, soro
ta berdin basuan
hortzak aletu arte
gero errezuan,
andre okupatua
zen egun osuan.
Abere gobernatzen
txukun egun da gau
zerri bi, hogei oilo,
katuak hiru lau,
ase beharko degu
ateko zakur hau
ta asto beltxak ezin
egingo dau barau,
bestela azokara
nork eramango nau.
Astero azokara
bixita pijua
asto beltxan atzetik
marmarka dijua,
gazta, arraultz, oilasko
edo konejua
garestia saldu ta
erosi bajua,
negoziante txarra
ez genun gajua.
Bazitun erosketa
beti betikuak
kape ta txikuria
bere begikuak,
amari pazientxi
neurri neurrikuak,
aitari tabakua,
haurrei pikuak,
sendi osoarentzat
opari pijuak.
Handik zetorrenean
zen dena notizi
albaiteruak etxe
berria erosi,
Don Pedroi neskamea
joan zaio igesi,
seigarren aldiz haurdun
dago Joxpanixi,
astekari hoberik
nik ez det ikusi.
Kaleko dendariek
lotsik ez daukate
olioa bi duro
kobratu didate,
kapeak zazpi pezta
ez ditu aparte,
harategian, berriz,
gaur izutu naute
bijili egin beharko
zerria hil arte.
Zerria hildakoan
zen denen janari
odolkiak apaiz ta
mediku jaunari,
erraina Joxepita
ta alaba Mari,
suhia ere zalea da
nola uka hari,
lanerako gutxi ta
jateko ugari.
Gajuak udazkena
ohi zuen nozitu
tomate ta piparrez
etxea hornitu,
intxaur, gaztain ta sagar
denak txukun bitu,
babarrunik usteltzen
ez bedi gelditu
ta gero arratsean
artoa zuritu.
Artoa zuritzean
zer usarioa
heldu da eguneko
ordu serioa,
hamabost misterio
errosarioa
ez dakit zenbat zuen
bere balioa,
baina ordu betean
zer hitz jarioa.
Azkenik eskariak
santu bakoitzari
aberen osasuna
San Antoniori,
Santa Barbara kontuz
trumoi azkar hori,
San Jose heriotza
on bat eman guri,
ta Ama Birjinari
hiru agurmari.
Nahiz bere kargu izan
suan zen eltzea
ez zun gogoko silan
lasai esertzea,
nahiago zuen esku
lan bati heltzea
haurren galtzerdik edo
aitaren jertsea,
alperkerian ez zun
galduko etxea.
Hamaikak alderarte
ez zen oheratzen
gaurkoa bukatu ta
biharra eratzen,
oraintxe esne pertza
hoztera ateratzen
hurrena babarruna
ipini beratzen,
loak domatu arte
ez zekin geratzen.
Igandez elizara
sei t'erdik puntuan
sartu ta konpesatu
ohi zen segituan,
aste dena lanpean
ia ia ituan,
arrisku haundirikan
ez zun delituan
auzokoren batenak
esango zituan.
Kottadu hura nonbait
betiko ez izan
azken ordua heldu
zitzaion bizitzan,
jaio hazi eta hil
apaizen gerizan,
San Joseri eskatu
izan zion gisan
gurutze bat laztanduz
irriparrez hil zan.