Imanol Larzabal Goñi (Donostia, 1947) Antigua auzoan jaio zen. Zortzi seme-alabetan azkena zen; delineante ikasketak egin zituen, eta 18 urterekin Argia dantza talde sortu berrian sartu zen. Argiarekin euskal dantza eta musikara hurbildu zen, eta herriz herri dantza zaharrak biltzen aritzen zen taldean parte hartu zuen. Argian sartu eta berehala hasi zen kantatzen, Xabier Larrea taldekidearekin, eta dantzekin bezala euskal kantu zaharrak biltzeari ekin zioten. Kanta eta dantza egungo egoerari erantzun bat emateko bide gisa ikusten zuten. Ordurako ETA erakundeko kideak ziren bata zein bestea, eta 1968an ezarritako salbuespen egoeran atxilotu eta kartzelan sartu zituzten. Sei hilabete geroago askatu zituzten. Kartzelak indartu egin zuen Imanolen jarrera politikoa.
1969an, Michel Etxegaray izenez bere lehen disko txikia grabatu zuen magnetofoi batekin, Antiguako parrokiako sotoan, Jesus Mari Muñoa Txaflis-en laguntzaz. Baionako Goiztiri diskoetxeak argitaratu zuen, eta Felipe Juaristiidazleak Imanoli buruz idatzitako Bidegileak bildumako biografian dioenez, diskotik hamar mila ale saldu ziren, eta dirua preso politikoei eman zitzaien. Herriaren kontzientzia piztu aldera erabaki zuen Imanolek kantagintzari heltzea. “Uste nuen beharrezkoa zela horretan segitzea, gauza asko esan behar zirela, jendeak ez zuela kontzientziarik, hori esnatzeko kantuak egin behar ziren eta horregatik hasi nintzen, behar politiko batengatik plazaratu nintzen” (1).
Mikel Arregi, Xabier Larrea, Erlak bikotea eta Joxe Mari Ostolaza Xalbardin-ekin (Eltzegor) batera hainbat emanaldi eskaini zituen Imanolek 1969tik 1971ra bitartean. “Epoka hartan nire kezka batez ere huen egiak kantatzea, egia gogorrak askotan, eta beste guztiaz (estetika mailan, eta abar) ez ninduan gehiegi arduratzen. Gure beste eskema bat ere huen zirkuito normaletatik kanpo kantatzea, zeren horrelakoetara joaten bahintzen zentsurak hartuko zizkian letra guztiak eta horietatik bat edo bi bakarrik kantatu ahal izango dizkiagu. Hori Ez Dok Amairu-k egiten zian, baina guk ez genian hori onartzen” (2).
1971n Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen, eta Ziburun jarri zen bizitzen, Txori-kanta izeneko etxean. Ziburutik Bordelera (Frantzia) aldatu zen 1972an, eta han ondu zuen Askatasunaren pausoak tinkatzen ari. Grabatu, ordea, Parisen grabatu zuen,Paco Ibañezek bilatutako estudioan. Bordelen bizi zelarik, noizean behin Parisera joaten zen Imanol, eta bidaia horietako batean Paco Ibañezen kantaldi batera joateko eta hura ezagutzeko aukera izan zuen. Bien arteko adiskidetasun minaren hasiera izan zen. Gitarra jo zuen Ibañezek disko hartan, eta kantagintzak izan behar zuenarekiko ikuspegia aldarazi zion Imanoli. “Pacok profesionaltasunaren inportantzia erakutsi zidan, eta poesiaren munduan sartu ninduen, bera neretzat klabea izan zen (…) Inoiz ez zizkidan kritika zorrotzak egiten, zeren hasten ari den batentzat holako kritika zorrotzak botatzea txarra da. Orduan, hariak ematen zituen, zergatik hau ez, zergatik hura ez, eta hor konturatu nintzen nere letrak, bai borondate handikoak zirela eta beharbada egi handiak esaten nituela baina kantagintza ez zen hori, kantagintza zen lehendabizi poemagintza eta gero musika elkar lorturik” (1). Bigarren disko txiki hura klandestinitatean argitaratu zen eta lau kantu biltzen zituen, horien artean Txabi Etxebarrieta ETAko lehen kide hilari eskainitakoa. Beste kantu bat “Zuek hil zineten” zen, Mikel Arregiren hitzekin, baina beste bien izenbururik ez da ezagutzen, ezta haien egileen izenik ere. Azalak Antoni Tapies artista katalanak Gernikako bonbardaketari buruz egindako margoa erakusten zuen.
1973an Parisera joan zen bizitzera, eta artista, idazle eta intelektual ugarirekin topo egin zuen. Besteak beste, Georges Brassens, Leo Ferre, Juliette Greco, Georges Moustaki eta Mikis Theodorakis ezagutu zituen. Halaber, abeslari katalan baten kabaretan lan egin zuen, eta han ezagutu zituen Elisa Serna, Lluis Llach, Teresa Rebull, Jean Paul Bernier okzitaniarra… Ordurako erabakita zeukan kantagintzari heltzea. Parisko Le Chant du Monde diskoetxearen eskutik, Orain borrokarenean grabatu zuen 1973an, Mikel Azurmendiren, Bertolt Brechten eta Jose Mari Txato Agirreren hitzekin. Paco Ibañezek eta Francois Rabbathek lagundu zuten, batek gitarran eta besteak kontrabaxuan. Urte haietako une gogoangarrienetako bat Espainiako Estatuko presoen alde Parisko Kirol Jauregian egindako Seis Horas por España jaialdia izan zen, Paco Ibañez, Alan Stivell, Mikis Teodorakis eta Georges Moustakirekin partekatu baitzuen agertokia Imanolek.
Herriak ez du barkatuko (Le Chant du Monde) heldu zen 1975ean. Frankismoak hil berriak ziren ETAko eta FRAPeko kideak zituen gogoan izenburuak. Agustin Ibarrola margolariaren azala du diskoak, eta estrainekoz gaztelaniaz abestu zuen Imanolek, Gabriel Arestik emandako bi kantu hain zuzen: “Martillo pilón” eta “Caminito de Erandio”, Somorrostro goitizeneko meatzari batek idatzitakoak.Horrela azaldu zuen Imanolek gaztelaniaz kantatzeko arrazoia: “Parisen asko kantatu nuen inmigranteentzat. Ohartu nintzen, nahiz eta kantak esplikatu, ez zela inoiz benetako komunikaziorik lortzen. Euskal Herriko problematika ikusirik eta, zoritxarrez, ehuneko 30 bakarrik garela euskaraz dakigunak, planteamendu hau egiten dut: Euskal Herri osoari begira benetako elebitasuna ernetzea; ez euskara 50 eta erdara 50ekoa, hori euskararen lepotik erdara gaintzea bait litzateke, koefiziente minimo bat baizik erdaraz, komunikazioa lortzeko (…) beti garbi jarriaz behar beharrezkoa dela Euskadi euskalduntzea eta hurrengoan gutxiago egingo dudala erdaraz” (3). Parisen ezagututako Gwendal folk taldearekin grabatu zuen disko hori, eta gero Frantzian, Belgikan eta Alemanian ibili zen kontzertuak ematen taldearekin.
1976an ETAn militatzeari utzi eta Euskal Herrira itzuli zen, baina hemen aurkitu zuen giroa ez zen espero zuena. Batetik, zenbait kantarirekin ez zeukan harreman onik, bazterketa ere jasan zuen haiengandik, eta, bestetik, zentsuraren arazoa zegoen. Parisera itzultzekotan egon zen, baina geratzea erabaki zuen. Euskarazko eskolak ematen hasi zen. 1977an Lau haizetara atera zuen Madrilgo CBS diskoetxearekin, eta berriz ere Gwendalen babes musikalarekin. Aurreko diskoetan agerturiko kantuen moldaketa berriek osatzen zuten diskoaren ardatzak.
Felipe Juaristik dioenez, “Imanol berria zen Euskal Herrira etorritakoa, ez soilik helduagoa, jantziagoa eta jakitunagoa. Sentikorragoa ere bai, musikarekiko maitasunak, hitz ederrekiko lilurak, poetekiko errespetuak bultzatu zuen kantuaren mundua ikertzera, musika eta letra uztartuz edertasuna eta giro gogoangarriak sortzera. Imanolen kantak giroak dira, atmosferak, hasperen eta taupada-muinoak, beroak, gozoak, eramangarriak” (4). Talde bila ari zen Imanol, eta Karlos eta Santi Gimenez anaiekin egin zuen topo. Haiek Oskorri utzi berriak ziren, eta Michel Longaron (bateria) eta Pedro San Martinekin batera (gitarra; Sakre) Klabelin Komik taldea osatzen zuten. Imanol eta Klabelin Komiken arteko elkarlanak bi disko utzi zituen: Sentimentuen hauspoz (IZ, 1979) eta Jo ezan (IZ, 1981). Talde lanaz egindako diskoak biak ala biak, eta Imanolen kantagintzaren rock aroaren erakusgarri. Ordurako giroa baretu egin zen, eta Imanol onartua zen beste kantarien artean. Klabelin Komikekin izandako esperientzia positiboa izan arren, bakarkako bidera itzuli zen, baina geroztik egingo zituen lan ia guztietan Karlos Gimenez izango zuen alboan.
80ko hamarkada oso oparoa izan zen Imanolentzat ikuspegi musikaletik, eta oso liskartsua eta nahasia egoera pertsonalari dagokionez. 1983tik aurrera ia urtero disko bat kaleratu zuen, Iratze okre geldiak (IZ, 1983), Erromantzeak (IZ, 1984), Oroituz (Elkar, 1985), Mea kulparik ez (Elkar, 1986), Joan-etorrian (Elkar, 1987), Muga beroetan (Elkar, 1989) eta Amodioaren berri (Elkar, 1990), eta 27 horas (Montxo Armendariz ) filmeko musikan parte hartu zuen. Disko hauetan guztietan euskal poeta garaikideen olerkiak musikatu zituen Imanolek, besteak beste Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Juan Mari Lekuona, Xabier Lete eta Felipe Juaristirenak. Halaber, urteak pasa ahala, Imanolen ahotsak berotasuna eta sakontasuna irabazi zuen.
1985ean Martuteneko kartzelan kontzertu bat eskaini ondoren, Imanolen emanaldian erabilitako bafle batean ezkutaturik ihes egitea lortu zuten ETAko bi presok: Angel Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak. Gertatutakoaren berri gauean izan ondoren, biharamunean bere burua polizia etxean aurkeztu zuen, eta lege antiterrorista ezarri zioten. Hortaz, Oroituz diskoa aurkezten zen egunean atxilotua zegoen. Ihesaldiarekin loturarik ez zuela erakutsi ondoren, libre geratu zen.
Arazoak 1986an hasi ziren, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes ETAko buruzagi ohiaren hilketa zela-eta Ordizian kantatu zuenean. Harrezkeroztik, haren kantaldi kopurua murriztu egin zen, eta 1989an Donostiako Intxaurrondo auzoan ETAren izenean Imanol traidoretzat jotzen zuen pintaketa bat agertzeak are gehiago harrotu zituen bazterrak. Kantariari babesa eta elkartasuna azaltzeko, Beldurraren kontra kontzertua egin zen Belodromoan, Imanolen adiskideen eta Espainiako hainbat kantariren parte-hartzearekin. Kontzertuaren antolakuntzak polemika bizia piztu zuen euskal kulturgileen artean.
Euskarazko eta gaztelaniazko lanak tartekatu zituen Imanolek 90eko hamarkadan. Viajes de mar y luna (Ediciones Cubicas, 1990) Alfonsina Storni idazle argentinarrari eskainitako lana izan zen. 1994an Barne kanta(Larrazabal) grabatu zuen, Orixek euskaratutako Joan Gurutzekoaren testuaren gainean Karlos Gimenezek sortutako musikarekin. Easo abesbatzak eta Euskadiko Orkestrako hari atalak hartu zuten parte Imanolek egindakoetatik sakonenetakoa den lan horretan.
Hori bera da denen ixtoria (Elkar, 1996), Oroitzen (PDI, 1999), Paco Ibañezekin alboz albo egindako lana, eta Ausencia (El Europeo, 1999), gaztelaniazko poeten zenbait olerkiz osaturiko diskoa (Lope de Vega, Pablo Neruda, Gabriel Celaya, Violeta Parra, Quevedo, Pedro Salinas…), kaleratu zituen ondoren, eta 2000. urtean Euskal Herritik alde egin zuen. Torrevellan (Herrialde Katalanak) jarri zen bizitzen, eta 2003an azken diskoa atera zuen, Versos encendidos (El Europeo), Gustavo Adolfo Becquer, Pablo Neruda, Alfonsina Storni eta Xabier Leteren hitzekin, besteak beste. Hura aurkezteko kontzertua eskaini zuen Donostiako Kursaalean, 2003ko otsailean, gurean eman zuen azkenengoetakoa.
Juaristiren arabera, Euskal Herria utzi ondoren “biziaren mugak ezabatu zitzaizkion, erbestea bere gordinean ageri zitzaion, bere bakardadean, bere mikatzean. Ez daude bi erbestaldi berdinak direnik. Parisen bere urrutian Euskal Herritik gertu zegoen; Torreviejan bere gertuan, oso urruti” (4).
2004ko ekainaren 26an hil zen, Orihuelako erietxean (Herrialde Katalanak), odol isuria eta bihotzekoa jasan ondoren. Hurrengo lan baterako prest zituen kantuak Bolona molona: Imanol in memoriam diskoan (Elkar, 2004) grabatu zituzten Imanolen gertuko hanbait kantarik eta musikarik.
Testua: Jon Eskisabel
Ama jolasean ta haurtxoa irrika.
Soin txurian irrixtan laztanen kilika.
Kiri kirika!
Laztanen kilika.
Aho gorri ttikian badittu bi kika.
Orratx muturrak xixta miñaren punttua.
Oddol ttantta batera biltzen da mundua.
Papo pupua!
Miñaren punttua.
Ilargian jotzen du haizeak ttuttua.
Galtxa motxak hautxita horra xirrikua.
Ixter txokoan ongi gorde ñiñikua.
Ttiki ttikua!
Gorde ñiñikua.
Kattuak janen dizu koxkan pittikua.
Ogi pitin batekin tori kokoloa.
Haundia egitteko seme pottoloa.
Egizu loloa!
Seme pottoloa
Gauez etor ez dadin hegan mozoloa.