2014.05.25
Iker Goenaga

Iker Goenaga

  • 1974
  • Zizurkil (Gipuzkoa)
  • Folka, Trikitia
Etxean gaztetxoa zelarik izan zuen lehen harremana musikarekin, aita zenaren ezpainetako soinuarekin jolasean hasita. Baina soinu diatonikoaren munduan Alemania komunistatik ekarritako soinu batekin murgildu zen. Trikitia ikasten hasi zen gero, eta lehendabizi txapelketetan aritu zen lehengusu batekin. Gerora, erromerietan hasi zen arreba Larraitzekin.
Trikitiaren mundutik bildu dituen eraginak belaunaldi zaharrenetatik hasi (Elgeta, Auntxa eta Sakabi) eta aurreko belaunaldira zabaltzen dira (Martin, Laja eta Joseba Tapia). “Nik uste gehiena folkaren esparruak eragin didala eta trikitixatik aparte Mikel Laboak, Camaron de la Islak eta musikaren bidez zerbait adierazi nahi izan duten asko eta askok izan dutela nigan eraginik”.
593
Hainbat talde eta bakarlarirekin aritu izan da kolaboratzaile gisara zuzenean nahiz diskoetan (Anje Duhalde, Mikel Errazkin, Mikel Laboa, Erramun Martikorena, Gontzal Mendibil, Mikel Markez, Patxi Saiz, Tapia eta Leturia), eta Oskorri folk taldeko partaide izan da urteetan. Poeta garaikideak musikatu ditu gehienbat bere lanetan, hala nola Joseba Sarrionandia, JosAnton Artze eta bereziki Koldo Izagirreren lanak.
Diskogintzan Larraitz arrebarekin bikote eginaz murgildu zen, Maixa ta Ixiarrekin erdi bana osaturiko disko baten bidez. 1993a zen, eta trikitia beste aro batean sartzen ari zen belaunaldi honen agerpenarekin. Bakarkako lehen lana, ordea, Elgetari eskainiriko Soinugorri diskoarekin (Elkar, 1998) etorri zen. 14 kantu biltzen zituen diskoak, erritmo tradizionalean oinarrituriko sorkuntza berriekin. Soinu akustikoa zuen, eta trikitia ulertzeko molde pertsonala.
Bigarren disko luzea 2003an argitaratu zuen Iker Goenagak: Txikitxuterik (Elkar). Maurizia Aldeiturriagak hain ezagun egin zuen kantu horren bertsio bat biltzen zen bertan, originalari berari itsatsirik.
594
Hiru urte geroago Amorrua kaleratu zuen (Elkar, 2006). Lan horretan Angel Unzuren eskua ageri da; programazio eta perkusioek aire berri bat ematen diote, Iker Goenagaren orain arteko lana borobilduz. “Kantu bakoitzak badu bere istorioa eta bizipena”, adierazi zuen egileak berak lan horri buruz.
…arteraino da orain arte osatu duen azken diskoa (Ez dakienak baleki, 2009). Azken urteotan lagundu dioten musikariekin grabatu ostean -Beñat Barandiaran, Mikel Atxega, Iñigo Egia eta Iban Gurrutxaga-, autoprodukziora jo zuen Goenagak lan hori argitaratzeko.
Euskal Herritik kanpora Kalifornian (AEB), Venezuelan, Alemanian, Frantzian, Norvegian, Finlandian, Estonian eta Kuban aritu da; 2006ko uztailean Estoniako Viljandi herriko folk jaialdian izandako arrakasta bereziki aipagarria da.
Haren kantuen artean “Sorlekuaren kanta” (Sarrionandiaren hitzekin), “Txikitxuterik” (Mauriziari keinu eginez) eta “Elgeta” (Laboa eta Tapiarekin grabatua) nabarmendu daitezke.

Testua: Mikel Markez

Atzera

Sorlekuaren kanta

Atzera

Urteak

Soinuari

Haizearen zoramena.
Biziki sentitzen dena.
Soinua zu niretzako
zorabio ederrena.
Zorabio ederrena
biziki sentitzen dena.

Basoa zeharkatzea.
Ze nolako ezustea.
Bidearen amaieran
soinua zu agertzea.
Soinua zu agertzea
ze nolako ezustea.

Itsasertzean aparra.
Uhin gazien indarra.
Soinua han ikusten da
zure aurpegi nabarra.
Zure aurpegi nabarra
uhin gazien indarra.

Eguzkiaren distira.
Ortzemugan ageri da.
Soinua zureganako
mugagabeko desira.
Mugagabeko desira
ortzemugan ageri da.