Oskorritik kanpo, Euskal Herriko tradizioko doinuak eta erritmoak jazzaren espirituarekin edo askatasunarekin lantzeko asmoarekin sortu zuen Bixente Martinezek Igelaren Banda talde instrumentala. Txarli de Pablok (kontrabaxua) eta Iñigo Egiak (perkusioa) lagundu zioten lehen diskoa grabatzen, baina ondoren geldialdia heldu zen. 2011n beste bi musikari bildu zituen Martinezek proiektura: Hasier Oleaga (bateria) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua; Eraso! taldeko kide ohia).