1996ko udan sortu zuten Idi Bihotz taldea Mikel Barba (ahotsa eta gitarra) eta Gorka Barba (gitarra eta koruak) anaiek, Iban Huarte (baxua) lehengusuarekin eta Josu Cibrian (bateria) txikitako lagunarekin batera. Lau gazteek euskarazko heavy metal musika oinarri gisa hartuta ekin zioten euren ibilbideari Bilboko Basurto auzoan. Entsegu lokalean aurreneko abestiak sortu ondoren, lehendabiziko maketa grabatu zuten Rock Studiosen. Handik gutxira Neguriko Rock lehiaketa irabazi eta Oihuka diskoetxearekin sinatu zuten. Hala, 1998an aurretik grabatutako maketa txukundu, bi abesti gehitu eta Herriaren taupada aurreneko lana kaleratu zuten. Estrainekoan, heavy eta rock kutsuko abestiak jaso zituzten, tartean The Proclaimers taldeak ezagun egin zuen “500 Miles” abestiaren bertsioa (“Gaur goizean“). Lehen lana kaleratu eta gutxira Josuk taldea utzi zuen. Haren hutsunea bete eta zuzenekoetan laguntzeko, Pino (Hiru Beltz) eta Julen Gil (Subliminal) bateria jotzaileak aritu ziren Bizkaiko taldearekin. Halako batean, ordea, Insidia taldean ibilitako Albaro Alonso ezagutu zuten, eta ordutik hura arduratu zen erritmoa eramateaz.
90eko hamarkadaren bukaeran susperraldia izan zuen euskaraz abesturiko heavy metal klasiko zein melodikoak. Su Ta Garrek hasitako bidea euren gisara jarraitu zuten Idi Bihotz, Asgarth eta Hira taldeek. Hala, 1999an Arimaerratu (Oihuka) bigarren diskoa plazaratu eta bizkaitarren arrakasta areagotu egin zen. Lan berrian, Europako metal taldeen eragina nabari da, Alemaniakoena gehienbat. Gerora, Bilbo inguruko laukoak Arimaerratour izeneko bira egin zuen. Haren ibilbideko une gozoenetakoa izan zen. Garratzena, aldiz, berehala iritsi zen. Bi ezbeharrek zeharo jota utzi zuten taldea. Gorkak bi lagun galdu zituen auto istripu batean, eta gutxira Iñigo Egiluz lagun mina hilik aurkitu zuten Kolonbian. Giza eskubideen aldeko lankidetza lanetan zebilela, zihoan kanoaren aurka paramilitarrek erasoa jo eta uretara erori zen. Egun batzuk geroago Jorge Luis Mazo apaizaren eta haren gorpuak topatu zituzten. Idi Bihotz taldekoak hunkituta geratu ziren, eta denbora batean ez zuten zuzenekorik eman.
Gertatutakoa ahaztu gabe, aurrera egitea erabaki zuten, eta 2000. urtearen bukaeran Negarraren amorrua (Oihuka) hirugarren diskoa plazaratu zuten. Izenburuak galdutako lagunei egiten die erreferentzia. Era berean, “Zuhaitzek negar egiten dutenekoan” abestia eskaini zioten Iñigori. Azken urteko gertaeren ondorioz, Idi Bihotzek abesti ilunagoak jaso zituen lan horretan. Gordinagoak. Metallicaren thrash gaurkotua topa daiteke abestietan, baina baita melodiak eta bizkaitarren berezko leloak ere. Hirugarrenarekin ere erantzun polita izan zuten zaleen artean, eta Espainiako hedabideek ere goraipatu zuten lana. Ondoren, bira berri bat egin eta zuzeneko lehen lana plazaratu zuten, bideo formatuan: Infernuaren azken hauspoan (Oihuka, 2001).
Hamarkada berriarekin batera euskarazko heavy metalak galdu egin zuen harrera beroa gazteen artean. Moda kontuak. Halere, Idi Bihotzek aurrera jarraitu zuen. Eta, horretarako, Amaigabe berria (Oihuka, 2002) laugarren diskoa aurkeztu zuten. Euren ibilbideko melodikoena da. Garai hartan, Eskandinaviako power metal musikak (Stratovarius eta Sonata Arctica taldeek bultzatutakoa) oihartzuna izan zuen, eta bizkaitarrek modan zegoen korrontea ekarri zuten euskarara. Aurretik, Mikelek, Gorkak eta Albarok Flyin’Freak taldea sortu zuten, hain zuzen ere, power metal doinuak ingelesez jorratzen dituen taldea. 2003an Idi Bihotzek zuzenekoetarako muntaketa berezi bat prestatu eta kontzertu ikusgarriak egin zituen. Orduan, jarraitzale kopuru fidela zuela ikusi zuen. Urte berean, Mikel abeslariak eskumuturra hautsi zuen futbolean ari zela. Gitarra jo ezin zuenez, Adrian Kruz Pekkory sartu zen taldean, Luther eta Insidia taldeetan ibilitakoa. Denborarekin gustura geratu ziren taldekide berriarekin, eta boskote izatera pasatu ziren. Mikelek gitarra utzi zuen, eta ahotsaz soilik arduratu zen. Aldaketek emaitza berri bat eman zuten: Odola sutan(Oihuka, 2005). Hiru urtez diskorik atera gabe eman ondoren, bizirik zeudela erakusteko beharra izan zuten. Bosgarren lan horretan sustrai klasiko zein rockeroen alde egin zuten, metalaren gordintasuna galdu gabe.
Zuzenean igarotako garai gozo eta ederrak gogoratzeko Idi Bihotz (Santo Grial, 2007) zuzeneko lana kaleratu zuten. Bertan parte hartu zuten Euskal Herriko (Aitor Gorosabel, Aitor Uriarte, Brigi Duque…) zein Espainiako (J. Molly, Carlos Escobedo…) metal eszenako hainbat musikarik. Lan horrek ere harrera berezia izan zuen Espainian, eta taldeak zertxobait zabaldu zuen izena. Esperientzia bikain hori pasata, taldeak atsedenaldia hartu zuen. Harik eta 2010eko ekainean taldearen agurra iragarri zuten arte.
Mikel eta Gorka Barba anaiek Jare taldea sortu eta jada bi disko kaleratu dituzte: Itxaropenaren ertzean (Oihuka, 2011) eta Iaze (Gaztelupeko Hotsak, 2012).
Testua: Inaxio Esnaola
Zein den zure asmoa esan
preziatuaren bide zuzen
aldaketen gaitasun
olatuen azantza ote?
zein den zure ohiko izena esan.
Zein den zure lana esan
geroaren patu krudela
izaki galdu oro
bahiturik dituzu bertan
zein den zure kolore hitsa esan
betiko legez, lotsatu gabe, esan gabe, lotsatu gabe,
esan.
Bizitzaren izpi garden
ixiltasun lazgarri hotza
itsas arima guztien
garrasi eta malko iluna.
Hauxe da niretzat, altxorretan preziatuena dena
nahi, nahi dutenen sentimena
hauxe da niretzat, uretan izkutuan dagoena
nahi izan dutenen nahiak
izan zaitez gure artean, bizi bedi zure lana
eta izan, zuk nahi duzuna izan
izan zaitez, gure artean, bizi bedi zure asmoa
eta izan, zuk nahi duzuna izan.
Bizitzaren izpi garden
ixiltasun lazgarri hotza
itsas arima guztien
garrasi ta malko iluna
arimaren asmo ederra
patuaren etsaia
arimaren asmo zital,
beharren lotsarik gabe
esan lotsatu gabe, esan.