Formatua: CD
Iraupena: 45' 50"
Argi kodea: NM 15 666 CD
Azala: Cecilia Andersson (argazkia), Paradox
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa (Donostia), 1994ko urria
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
MOLDAKETAK
Hiru Truku
LAGUNTZAILEAK
GENEROAK
Folka, Herri kanta
Mendebaleko euskal baladak
1994 - Nuevos Medios
Formatua: CD
Iraupena: 45' 50"
Argi kodea: NM 15 666 CD
Azala: Cecilia Andersson (argazkia), Paradox
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa (Donostia), 1994ko urria
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
MOLDAKETAK
Hiru Truku
LAGUNTZAILEAK
GENEROAK
Folka, Herri kanta
Ez da ohiko talde bat, lehen mailako hiru musikari ezagun elkartuta sortutako proiektu berezia eta ezohikoa da Hiru Truku. Joseba Tapiak, Ruper Ordorikak eta Bixente Martinezek osatuta, 1994. urtean atera zen Hiru Trukuren lehen diskoa, baina elkarlana askoz lehenagotik abiatua zuten hiru musikariok.
Euskal kantutegia arakatu, besteak beste Aita Lafitte, Aita Donostia eta Resurreccion Maria Azkuekutzitako lanak bildu, orraztu eta bertan aurkitutako altxorretako batzuk beste molde batean eman zituzten, folk doinuetan egokituta. Tradizioaren eta gaurkotasunaren arteko zubi lan ezinbestekoa. Joseba Tapia trikitian eta kantuan, Ruper Ordorika kantuan eta gitarran eta Bixente Martinez gitarran, mandolinan eta bouzoukian, horixe zen Hiru Trukuren oinarria, hezurdura horixe zuen lehen diskoak -Mendebaleko euskal baladak (Nuevos Medios, 1994)- nagusiki.
Bizkaiko balada eta olerki zaharrak ziren guztiak, herrikoiak, eta moldaketa berri batekin eman zituen taldeak. Kolaboratzaile gisa, Eliza Carthy eta Nancy Kerr ingelesak izan zituzten, biolinetan. Kantuak bizkaieraz zeuden abestuak, eta, baladak izanik, guztiek egitura narratibo bat zuten.
Diskoak oso harrera beroa izan zuen, ez soilik Euskal Herrian, baita Europako folk giroetan ere. Izan ere, folk musika da taldearen oinarri musikala. “Geure modura ematen ditugu kantuok. Ez dugu uste tradizioa hor nonbait geldirik dagoen ezer denik, baizik eta etengabeko aldaketan heltzen zaiguna. Hiru Trukuk bere gustuz ematen ditu pieza hauek eta parte hartze horretan gozatzen du. Nork bere bidea. Dena da zilegi eta hemen denetarik egin da musika tradizionalean oinarrituta, baina guk era batera nahi dugu. Zuk diozu ohitura izan dela folk formatuan ematea, baina guk uste dugu aski gauza modernoa dela musika tresna akustikoekin-eta aritzea. Gurean abesbatzak eta konpositore klasikoak aspaldian hasi ziren halako eginkizunetan, halako erromantizismo musikalaren ondorioz (Guridi, Aita Donostia)… Kantu zaharrak eta doinu tradizionalak gaurko moldeekin ematea nahiko gauza berria izan da eta doinu tradizionaletan oinarrituriko lanak alor guzietan entzuten ahal dira: jazzean, garaikidean, rockean… Zenbat aldiz ez ote dira sanpleatu Maurizia eta Leonen alboka eta ahotsa rock taldeen grabaketetan! Hori bai, sarritan maila sinboliko hutsean gelditzeko”(1).
Norberak zituen proiektu paraleloak baztertu gabe,Hiru Trukuk hainbat kontzertu eman zituen lehen diskoa argitaratu ostean. Bildutako materialak, baina, gehiagorako ematen zuen, eta hiru urte geroago iritsi zen hirukotearen bigarren diskoa: Mendebaleko euskal kantuak II (Nuevos Medios, 1997). Izenburuak argi adierazten zuen moduan, ildo berekoa zen Hiru Trukuren bigarren diskoa, Bizkaiko aspaldiko kantuak berreskuratu baitzituzten. Hirukoteak nazioarteko zenbait kolaboratzaileren ekarpena izan zuen: Martin Carthy gitarra akustikoan eta Nancy Kerr eta Imogen Gunner biolinetan.
Diskoa aurkezteko bira batean ibili ostean, Hiru Trukurenak egin zuela ematen zuen, eta taldeak berak hala iragarri zuen. Horren ostean, isilaldi luzea etorri zen, bakoitzak bere bide oparotik segitu zuen. Baina 2003an taldeak kontzertu berezia eman zuen Katalunian, eta hor aurrera egiteko aukera aztertzen hasi ziren.
Testua: Gontzal Agote