Bere belaunaldiko beste kantari askori gertatu bezala, Mixel Labegerie kantari entzutea erabakigarria izan zen Beñat Sarasolarentzat kontzientzia hartzeko. “Ene Lizeo garaia zen, eskola pribatuan ikasten nuen, eta ezagutu nuen laborari eta euskalduna izatea zer den, biziki sofritu nuen izaite hura (…). Alabaina, Enbata mugimendua agertu zen, Mixel Labegerieren lehen kantuak entzun, eta erran bezala, hura nire gurasoen kulturaren balorazio izugarria izan zen niretzat; txundituta utzi ninduen” (1).
Joanes Bordarekin etxean eta lagunartean abesten hasi zen, harik eta jende aitzinean kantatzeko urratsa eman zuten arte. Ostatuetan lehenik, eta agertoki baten gainean geroago. Iparraldean aritzen ziren gehienbat, baina tarteka Hegoaldera joaten ziren. Kantu guztiak eurek sortutakoak ziren, eta horrek entzuleak errazago erakartzen zituen. Eduki politikoa zuten kantuak ziren, hala nola “Eskualduna naiz”, “Donibaneko portuan” eta “Presondegietan (zuengatik)”. Horiek eta beste batzuk bi disko txikitan grabatu zituzten.
1970ean Panpi Lacarrieu bildu zen taldera, eta 1972an Pier Paul Berzaitz eta Beñat Davantekin boskotea osatu zen. Azken bi horien ekarpena alderdi musikalean gertatu zen bereziki, hainbat tresna jotzeko gauza zirelako: akordeoia, txirula, pianoa, saxofoia… Hortaz, aurrerantzean Berzaitzek hartuko zuen doinuak sortzeko ardura, Sarasolaren ordez.
Taldearen aurkezpen ofiziala 1972an izan zen, Aita, seme, laborari ikuskizunarekin. Aitarekin lanean ari den seme baten istorioa zen. Aitaren borondatearen aurka, Parisera joango da semea, bizitza ederraren bila, eta, dezepzionaturik, lekuz kanpo dagoela ikusita, aitarengana itzuliko da, barkamena eskatuko dio eta lanean hasiko dela hitzemango. Gazteak herri txikietatik alde egiten ari zirela eta, gurasoen atsekabeari abesten zioten Guk taldekoek. Kantuetan gai politikoak aipatu ondotik, kezka sozialak agertzen hasi ziren, eta kantaldiak antzerki moldean ematen hasi ziren, kantuak lotzen zituzten pasarte antzeztuekin. Borda zen aita, Lacarrieu semea, eta Davant diputatua.
Taldekideen iritziz, “arazo soziala abertzale-politiko arazoari lotzea lortu zuen taldeak. Iparraldean urrats handia izan zen hori. Kontuan hartu hainbat laborari bestela ez zirela sekula kantaldietara etorriko. Izan ere, ordura artekoak abertzaleen kantaldiak ziren, mitinen antza hartzen zutenak. Bazen muga herri eta abertzale gazteen artean. Aldiz, antzerki horri esker laborariak bere burua arazoan barne ikusten zuen. Mugimendu sindikalista Iparraldean, ELB eta abar, antzerki horren ondotik sortuak dira” (2).
Bigarren ikuskizunak Laborari, langile eta nagusi…zuen izenburua, eta berriz ere gizartearen arrenkurak landu zituzten. Ikuskizunak taldearen lehen disko luzea ekarri zuen, 1977an, Elkar diskoetxeak argitaratua.
Pier Paul Berzaitzek taldea utzi zuen 1979an, eta Guk laukote bihurtu zen 1983 arte. Urte hartan Eneko Labegerie batu zitzaien, Mixel Labegerieren semea. Aitarekin disko txiki bat grabatu zuen Enekok, 1972an, eta Guk taldea miresten zuen. “Langile eta laborari mundua aldarrikatzen eta kantatzen zian, eguneroko bizia, gizon eta emakumeen arazoak. Enetako kristorena, nazioaz haratago zihoan Guk” (3).
Taldeak taularatu zuen hirugarren ikuskizuna Geroa izan zen. Etxalde txiki bateko lau anaiaren gorabeherak eta bakoitzaren kontzientzia azaltzen zituen obrak, eta herri gisa aurrera egiteko laborantzatik aparte industria bat sortu beharra aldarrikatzen zuen.
Bidez bide (IZ, 1995) izan zen Guk-en azken diskoa. Aurrekoak baino askoz jantziagoa da (txirula, pianoa, kontrabaxua, trikitia, txeloa, perkusioak…), eta konposizio garaikideagoak biltzen ditu. Halaber, borroka kantuak ez ezik, sentimentalak eta lirikoak ere baditu.
2005. urtean, taldearen 30 urteko kantagintzaren bilduma kaleratu zuen taldeak. 107 kantu jaso zituzten bederatzi diskotan, horietako asko inoiz argitaratu gabekoak. Tartean daude, esaterako, Aita, seme, laborari eta Geroa ikuskizunen zuzeneko grabazioak, 1999an Bixentaenian (Baigorri) egindako kantu afari bateko grabazioa, eta sekula grabatu gabeko kantu berriak, “Suak erre” eta “Bidean galdu”, esaterako.
Testua: Jon Eskisabel
Amaren bularretan hazten da haurra
hor biltzen baitu sinestu indarra
nork dio haurrari aski herra
mozteko amari bularra
Bizitzerat jin zia nigarrez
orai jinen irriparrez
mundua apainduko baitugu
zuretzat ederrez
Jakin behar duzu gure ganik
ez da betiko eginik
edertasun bidean ez pentsa
ez dukezula lanik
Bai zuk duzu galduko gudua
euskaldunen kontrakoa
beti baitu nahi duenak bizi
luzarat irabazi
Egun sentia orai da hasten
segur ez egun beldurrez
gauzak ahal badira erosten
jendeak ez
Gure gudua biziarena
oroetan ederrena
zilarrezko iturri sekulan
agortuko ez dena
Uhaitza itsasoan da galtzen
ta han berean hazten
aitzari adarrak mozten bainan
aldaxkak beti sortzen