Trikitian ezohikoa zen formatu bat ekarri zuen Gozategi taldeak: hirukotea. Soinu eta pandero jotzaileez osaturiko bikote tradizionalari beste kide bat gehitu zioten: baxu eta txarango jotzailea. Asier Gozategi (trikitia eta ahotsa), Ainhoa Gozategi (panderoa eta ahotsa) eta Iñigo Goikoetxea (baxua, txarangoa) 1991n hasi ziren erromeriak eskaintzen, Gozategi Anai-arrebak izenarekin. Geroago, Gozategi bihurtu ziren.
Trikitilari belaunaldi berriaren ordezkaritzat aurkeztu zituen Elkar diskoetxeak, Gozategiren lehen diskoa plazaratzean: Gozategi (1995). Hirukotearen musikaren gaztetasuna, freskotasuna, bizitasuna eta kolorea nabarmendu zituen, eta «adin guztietako entzule gazteentzat» zela gaineratu zuen. Ordurako ezaguna zen Gozategiren izena, maketan grabatutako kantu batek, Manolo Escobar kantari espainiarraren abesti batean oinarrituriko “Nor-nori-nork” izenekoak, sekulako oihartzuna izan zuelako. Maketaren 2.000 ale saldu zituen taldeak.
Arin-arin, fandango eta porrusaldez gain, tex-mex, cumbia eta maitasunezko baladak sartu zituen Gozategik estreinako lan gustagarri hartan. Trikitia pop-rock musikaren mundura eramateko ahaleginaren seinale, Fran Iturbe gitarrista (Jotakie, Bide Ertzean) arduratu zen ekoizpena zaintzeaz, eta rock formatuko talde batekin grabatu zen diskoa (bateria, baxua eta gitarra). Diskoaren azal koloretsuak ere trikitiaren aro berri bat iragarri nahi zuen. Diskoak sekulako oihartzuna izan zuen, 17.000 ale saldu ziren, eta bigarren diskoari begira presio handia ekarri zion taldeari.
Hala ere, Gozategiren unerik gorena, arrakastari dagokionez, Ainhoa(Elkar, 1996) bigarren diskoarekin heldu zen, eta, zehazki, “Nirekin” kantuarekin. 1996ko udako kantua izan zen, eta «emoixtaxux muxutxuek…» leloa ahoz aho ibili zen. Jon Maia bertsolariak bizkaieraz idatzitako hitzetan zetzan arrakastaren gakoetako bat. Honela azaldu zuen Asier Gozategik: «Gai berarekin batuaz idatzi zuen hasieran; handik bi egunetara etorri eta ‘tori beste hau’ esan zigun. Orain elkar ikusten dugunean, hunkituta besarkatu eta magia dela pentsatzen dugu. Gertatu egin da, aproposa ezin zen egin: musika hitzarena da, eta hitza musikarena» (1).
Elkar utzi, eta Babelmusik diskoetxe sortu berriarekin argitaratu zuten Goztg.kom(2006). Denbora asko pasa arren, estilo arrakastatsuari eutsi zion taldeak: abesti dantzagarriak eta hitz zuzenak. Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, Batasuna alderdi politikoaren ilegalizazioa, 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ostean Espainiako Gobernuan gertatutako aldaketa, etorkinen tragedia eta halakoak hizpide hartu zituen Gozategik lan horretan.
Lau urte geroago Bizi-bizirik (Babelmusik, 2010) diskoarekin itzuli zen taldea, laukote bihurturik: Ainhoa Gozategik utzi egin zuen taldea, baina David Gorospe (bateria; Skasti, Buffalo) eta Imanol Goikoetxea (gitarra) batu ziren. Gozategiren berezko estiloari uko egin gabe, instrumentazioan zenbait berrikuntza dakartza lan honek, bereziki tronpeten erabilera.
Taldearen 20. urteurrenarekin bat eginez, Elkar diskoetxera itzuli, kantu ezagunenak berriz grabatu eta All Stars 1992-2012 diskoan jaso zituen Gozategik. Oraingoan Mikel Irazoki baxu jotzaileak (M-ak, Bizkar Hezurra) ekoitzi zuen diskoa.
Testua: Jon Eskisabel
Agur goraintzi, banaramate
agur goraintzi hurrenarte
nik maite nahi dudanik ezin dut maite
agurrak agur beraien menpe
distantziek soilik naukate
zugandik gertuago eraman naute.
Hiru itzal gertu ditut,
hiru, bai baina
zu sentitzen zaitut gertuen
emandako, jasotako zartada oro
norbaitek irensten bailuen
hiru...
badakigu nork banatu gaituen eta
badakit zerk batzen gaituen.
Agur goraintzi...
Nire sena pizten duen argiak ez nau
zugana baino eramaten
erten eta erten ez denaren artean
etetekorik ez da eten
nire sena...
naramaten itzalera naramatela
badakit nora naramaten