1974an, 18 urte zituela, oholtzara atera zen lehenbiziko aldiz Gontzal Mendibil (Zeanuri, Bizkaia, 1956). Gitarra, txistua eta soinua jotzen zituen ordurako, eta elizako koruan abesten zuen. Kantari moduan bere ibilbideko lehen urratsak Xabier Castillo Miota Xeberri durangarrarekin egin zituen, eta batik bat abertzaletasunari kantatzen zioten, eta herri mugimenduari; izan ere, euskal kantagintza berriarekin identifikatzen zuten beren burua.
Giro horretan, beren lehen diskoa argitaratu zuten 1976an,Zaurietatik dario (IZ) izenekoa. «Kapitalismoak dakarren / katai ta zapalketa / izan dadila guretzat / indar askatzailea» eta halako letrak zituen lehen disko hark. “Kapitalismoak” abestia Jesus Mari Markiegik idatzia bazen ere, kantu gehienak Bittor Kapanagarenak ziren. Mendibilekin eta Xeberrirekin batera, Carlos Montero gitarristak, Asier Loroño pianistak, Jose Oliver flauta jotzaileak eta E. Duarte perkusionistak parte hartu zuten Madrilgo Regson estudioan grabatu zuten disko hartan. Urte eta erdiz Xeberrirekin aritu zen Mendibil, eta 200 kontzertutik gora eskaini zituzten, «Francoren heriotzaren esperoa arinago eginez»; baina 1976. urtea aldera, bakoitzak bere bideari ekin zion.
Bakarkako lehen diskoa 1978an argitaratu zuen Gontzal Mendibilek:Argitze garaian egunsentiari agur (IZ). Jon Lopategi, Bittor Kapanaga, Telesforo Monzon eta Bertolt Brechten hitzez gain, berak idatziriko lau bat abesti kantatzen zituen bakarkako diskoan Mendibilek. Musikari taldea ere lehen diskotik oso bestelakoa zen: Karlos Laporta Segarra, Begoña Agirre, Aingeru Bergizes eta Karmelo Sarrionandia izan zituen lagun.
1983an argitaratu zuen bakarkako bigarren diskoa: Hasperen itun izenekoa (Elkar). Berriro, berak idatzitako abestiez gain, Jesus Etxezarraga eta Bittor Kapanagarenak daude, baina, batez ere,Mikel Zaratepoetaren hitzak musikatu zituen disko horretan; musika Mendibilek berak jarri zuen ia denetan. Eta interpreteak ere aldatu egiten dira, hurrengoetan lagun izango dituen zenbait musikarik parte hartu baitzuten diskoan: Karla Ardanza, Fran Rubio, Eduardo Basterra eta Pako Diaz (Akelarre), besteak beste.
“Merezi ote” kanta arrakastatsua zekarren Egunen batean diskoa (IZ) 1988an etorri zen, eta, handik bi urtera, Zu zeu (IZ) argitaratu zuen. Joseba Sarrionandia, JosAnton Artze, Xabier Amuriza eta Bitoriano Gandiagaren hitzak abestu zituen, baina baita Cesare Pavese eta Fernando Pessoarenak ere.
1990eko hamarkadatik aurrera, bestelako diskoekin plazaratu zen Gontzal Mendibil, tematikoak dei daitezkeenak, adibidez, Iparragirreren kantuekin monografiko bat egin zuen, Iparragirre hegalaria (Keinu, 1992), eta 1993an Olentzaro argitaratu zuen, Bitoriano Gandiagak idatzitako Eguberrietako kantuez osatua. Hamar urte geroago, Gandiagaren letrak abestu zituen berriro, Xabier Lete, Oskarbi, Gorka Knorr, Antton Valverde, Urko eta beste hainbatekin batera, Elorri loratua. Bitoriano Gandiaga disko bikoitzean (2003). Halaber, Gandiaga hil berria zelarik, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) egin zitzaion omenaldiaren antolatzaileetako bat izan zen Mendibil.
2005ean atzera begira jarri zen, 30 urteko ibilbideari errepasoa emateko: 30 urte (Keinu). Bere ibilbidea bilduko zuen disko hura hiru ataletan bereizi zuen. “Oroitzapenezkoak” izenekoan, “Kapitalismoak“, “Laster-laster“, “Bagare“, “Agur Euskalerriari“, “Memorian“, “Merezi ote“eta “Herria maitatzeko” kantuak bildu zituen; maitasunezko kantuen atalean, “Hator hator“, “Zu zeu ta ni“, “Sari bage“, “Ene maitea“, “Amorez eria” eta “Nigan zaitudanean” kantuak daude; hirugarren atalak ere “Oroitzapenezkoak” izena du, eta “Ez zara aske“, “Santutxuko aldapan“, “Oi Eguberri“, “Muxuz muxu” eta “Abandoko geltokian” kantuak jasotzen ditu, besteak beste.
Gontzal Mendibilek Aita Arruperi eskaini zion hurrengo lana: Arrupe, nire isiltasun hau-Arrupe, mi silencio (Keinu, 2007). Euskaraz, gaztelaniaz, japonieraz eta ingelesez abestua, Louis Armstrongen “What a wonderful world“abestia eta Haendel, Verdi eta Bachen konposizioak dakartza. 90 aktorek parte hartu zuten Bilboko Euskalduna jauregian taularatutako ikuskizunean. Bi diskok eta DVD batek jasotzen dute haren testigantza.
Mendibilen azken diskoa Neure txiki polita da (Elkar, 2011), haurtzaroan Arratian eta inguruan entzundako “kantu eta kontuen” bilduma.
Nobela bat ere argitaratua du, Gorbeiako haizea (Keinu).
Testua: Ainara Gorostitzu
Amorez eri nago
aspaldi honetan,
zuregatik, maitea,
gau eta egun penetan;
aurki nezake poza,
badakit nik zertan:
sendatuko nintzateke
zure besoetan.
Egia esateko,
egon naiz kezketan
para ote zenduen
bihotza bestetan;
zeloak utzi eta,
begi itsuetan,
entregatzen naiz oso
zure eskuetan.
Bihotz baten lekuan
mila banituzke,
guztiak zuretzako
izango lirateke;
baina milaren lekuan
bat besterik ez det,
hartu ezazu, maitea,
bat hau mila bider.
Ez da mundu honetan
neretzat gustorik,
baldin bizi behar badet
urruti zugandik;
egunaz ametsetan,
gauaz esnaturik,
beti beti ohi nago
penetan zugatik.
Nere maite polita,
zutaz oroitzëan,
odola pil-pil dabil
nere bihotzëan,
kanpora irten nahirik
ahalegin guztian;
min txar hau beharko zait
sendatu hiltzëan.
Berotasun gozo bat,
zainetik zainera,
nere gorputz guztian,
maite, sentitzen da;
gustoaren pasioz
sartzen zait ikara,
hitzikan ere ezin
asmatu dedala.