B-Map 1917 + 100
2017 - Talka Records & Films / El Segell
Formatua: CD-LP
GENEROAK
Rocka, Elektronikoa
1983. urtean sortu zuen Fermin Muguruzak bere lehen musika taldea, 20 urte besterik ez zuela: Kortatu. Iñigo Muguruza anaia txikia eta Javier Armendariz Treku izan zituen bidaide lau urte iraun zuen abentura hartan. Talde mitiko harekin punk, rock eta ska giroak jorratu zituen, nerabezaroaren sukarraz dibertsioa eta aldarrikapena uztartuz.
Brigadistak Sound System diskoak (Esan Ozenki, 1999) ederki islatzen du Muguruzaren filosofia. Nazioarteko hainbat lekutan grabatu zuen (Los Angeles, Erroma, Montreal, Habana, Paris, Bartzelona…), hainbat urtetako biretan harreman estua izandako tokian tokiko musikariekin: Todos Tus Muertos, Hechos contra el Decoro, Angelo Moore (Fishbone), Amparanoia, Manu Chao… Hizkuntza eta kulturen bat-egitea ekarri zuen lan horrek, eta geroztik kaleratu dituen disko guztiek brigadistaren espiritua eraman dute modu batera edo bestera barneraturik.
Hurrengo lanak, FM 99.00 Dub Manifest izenekoak (Esan Ozenki, 2000), sendotu egin zuen Muguruzaren bide berria, eta horren karira nazioarteko bira handietara itzuli zen irundarra. Mundu zabaleko musikariz osatutako taldea eratu zuen, Dub Manifest izenekoa, non haize atalak hartzen zuen garrantzia eta teklatu jotzailearen presentzia nabarmendu zitezkeen. Diskoari izena ematen dion kantu ezagunean islatu zuen Muguruzak taldearen izaera eta norabidea: “Emangailu FM-a, uhinetan barrena duintasuna musikatuz irratia, hitzen Internazionala, Sound System Mundiala, zeharkatzen isiltasun itsasoak…”.
In-komunikazioa diskoan (Metak-Kontrakalea, 2002) trikitiaren sonoritatea erantsi zion Muguruzak bere musikari. Diskoa Euskal Herrian grabatu zen, lagun zahar bat soinu teknikari zuelarik, Kaki Arkarazo, eta musikarien artean Joseba Tapia eta Gorka Benitez zeuden. Zuzenekoetarako, Kontrabanda taldea osatu zuen, Begoña Bang Matu, Sorkun Rubio (Kashbad), Eva Reina, Jon Elizalde, Aritz Lonbide, Igor Ruiz, Zigor Lampre DZ (Selektah Kolektiboa), Xabi Solano (Etzakit), Andres Belmonte, Alfonso Arias eta Mikel Abrego musikariekin. Horietatik, Sorkun eta Abrego bakarrik aritu ziren Dub Manifesten, eta Muguruzaren ondorengo proiektu guztietan ere parte hartu dute.
Nazioarteko bira luzea prestatu zuen diskoa aurkezteko (Uruguai, Txile, AEB…), eta zenbait jaialdi ospetsutan parte hartu zuen; Japoniako Fuji Rocken eta Roskilden (Danimarka), esate baterako. Euskal Herrian, besteak beste, Bizi Gara makrojaialdian eta Artozki herrian (Nafarroa) jo zuen, Itoizko urtegiak azpian hartu aurretik. Kontrabandarekin eginiko birako azken emanaldia Bilboko Aste Nagusian egin zuen Muguruzak, eta haren ostean kontzertu birak eskaintzeari utziko ziola adierazi zuen. Alta, ez zuen hitza bete, eta urte batzuk geroago itzuli zen taula gainera.
Brigadistak Sound System diskoak bezala, nahasketa berriz eginiko diskoa ekarri zuen In-komunikazioa-k ere. Oraingoan, Bristol hiriko (Ingalaterra) musikariek hartu zituzten Muguruzaren kantuak, haien gaineko ikuspegi berria eskaintzeko Irun meets Bristol Komunikazioa diskoan (2003). Lanaren lehen tirada Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren sortutako Egunero egunkariarekin batera saldu zen, eta bildutako dirua euskarazko kazeta berriaren proiektua (Berria) laguntzeko erabili zen.
Tartean, lagun zaharrei kasu egiteko denbora ere atera zuen Muguruzak. Kortaturen garaietatik landuriko laguntasun harremanak zirela medio, Manu Chao musikariarekin bateraJai-Alai Katumbi Express egitasmoa sortu zuen. Radio Bemba Sound System taldea lagun zutela, areto txikietan kontzertu bira egin zuten Chaok eta Muguruzak. Kortatu, Negu Gorriak, Mano Negra eta bi musikarien bakarkako kantuak modu bero eta sutsuan nahasten zituzten taula gaineko emanaldi luzeetan. Jai-Alai Katumbi Expressen biran hasi ziren Espainiako zenbait komunikabide eta talde ultraeskuindarren presioa nabaritzen Muguruza eta Chao. Izan ere, Malagan (Espainia) eman behar zuten kontzertua bertan behera geratu zen. Geroago, Kontrabandaren biran, zentsura pairatu zuen berriz ere Muguruzak, beste zenbait euskal talderen aurka (Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika, Su Ta Gar) antolatutako kanpaina mediatikoaren barruan. Baina Bartzelonako bi emanaldiak bertan behera uzteko saioak porrot egin ostean, hiri horretako Apolo aretoan emandako kontzertuak aukeratu zituen Muguruzak zuzeneko diskoa grabatzeko, Komunikazioa Tour (Metak-Kontrakalea, 2004).
Hasieran diskoaren zuzeneko aurkezpenik ez zela egongo adierazi bazuen ere, 18/98 sumarioan auzipetuen aldeko kontzertuaren karira hamabost laguneko talde bat osatu zuen Muguruzak, Kuba, Jamaika eta Euskal Herriko musikariekin. Emanaldi gogoangarri hura 2006ko azaroaren 11n ospatu zen, Barakaldo BEC aretoan. Kontzertu horretarako bakarrik osatu zen taldea, baina hilabete batzuk geroago munduko bira bati ekin zion Afro-Basque Fire Brigadek. Bi ordu eta erdiko kantu zerrenda prestatu zuen Muguruzak, Kortatu, Negu Gorriak eta bakarkako bideari errepaso zabala egiteko.
Fermin Muguruzaren azken diskoa 2008an atera zen argitara: Asthmatic Lion Sound Systema (Talka). Mundu osoko hainbat hiritan -Tokio, New York, Berlin, Kuala Lumpur…- eta hainbat musikarirekin -Dave Hillyard, Manu Chao, Maria de Medeiros, Palestinako DAM taldea, Dana Leong…- teknologia berritzailea erabiliz grabaturiko kantuak jaso zituen Muguruzak. Geroztik ordea, zinemak hartu du zentralitatea bere lanean. Lehenik eta behin, Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina (2009) film dokumentala zuzendu zuen Javier Corcuera zuzendari perutarraren laguntzaz. Palestinako kantariak eta musikariak ezagutzera emateko road-movie bat da filma. Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdian estreinatu zen 2009ko apirilean, eta filmean parte hartu zuten musikari palestinar batzuekin kontzertua eman zuen Muguruzak Donostian.
Proiektu horren haritik, 2010. urtean Al Jazeera telebista kateak Muguruza kontratatu zuen herrialde arabiarretako musikari buruzko dokumental sorta filmatu zezan, Next Music Station. 2010eko martxoan ekin zion lanari, Egipton, eta abenduan amaitu zuen Sudanen. Marokon, Libanon, Yemenen, Tunisian eta Sirian ere izan zen dokumentala grabatzen.
Zinema zuzendari gisa, bere hurrengo lana Zuloak izan da (2012), emakumezkoek osaturiko musika talde bati buruzko dokumental faltsua. Filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, Zabaltegi Bereziak sailean, 2012ko irailean, eta ondoren areto komertzialetara heldu zen. Halaber, filma egiteko sortutako fikziozko taldea egiazko bihurtu zen eta disko bat grabatu zuen filmaren soinu bandarekin. Ondoren, filmaren estreinaldi komertzialarekin bat eginez, kontzertuak ematen hasi zen Euskal Herrian, Katalunian, Espainian, Mexikon eta Berlinen, besteak beste.
Bakarkako ibilbidearen kantu bilduma argitaratu zuen Muguruzak 2013n: Radar FM 1999.2013 (Talka). Argitaratu gabeko bi abesti jaso zituen bertan: “Balazalak” kantuaren erremix berria, Supa Hataz kolektiboak egindakoa, eta Zuloak taldearen “Zuloak Riot” kantuaren bertsioa, Muguruzak berak egindakoa. Bestalde, 2013ko martxoan No More Tour 2013 birari ekin zion Fermin Muguruzak, Kontrakantxa taldearekin -bira hasi eta berehala, Iban Zugarramurdik (Baldin Bada, Su Ta Gar, Esne Beltza) Mikel Abrego ordezkatu zuen baterian-. Kurdistanen eman zuen birako lehen kontzertua, Diyarbakir/Amed hirian, eta ondoren Alemanian, Euskal Herrian, Palestinan, Galizian, Argentinan, Espainian, Mexikon, Italian, AEBetan, Japonian, Txinan, Ingalaterran eta Australian izan zen, besteak beste. Guztira, 55 kontzertu eskaini zituen, eta No More Tour dokumentalean jaso zuen horren testigantza. Bira horren barruan, 2013ko apirilaren 20an, 50 urte bete zituen Muguruzak, eta Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertu batekin ospatu zuen urtemuga.
Komunikazio tresna gisa euskara aukeratu zuen Muguruzak bakarkako bideari ekitean. Kortaturen hasieran, gaztelania izan zuen hizkuntza. Alta, euskara ikasteko konpromisoa argia zen, eta maila bat lortu bezain pronto, euskara eta Euskal Herria mundu zabalera zabaltzea izan du xede. Euskararekin izan duen konpromisoa beste hainbat alorretara ere zabaldu du bere ibilbide profesionalean. Ildo horretan, ugariak izan dira Muguruzaren ibilbidean arrazoi jakin baten alde eskainitako emanaldiak edo babestutako ekimenak: euskal preso, Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeetako auzipetu, Iparraldeko ikastola eta 18/98 makro-sumarioko auzipetuekiko elkartasuna musikatu izan du Ferminek.Kantuak egin ditu Milaka Bilaka herri ekimenaren alde (“Milaka bilaka”), Korrikarako (“Big Beñat”), 2004ko Itsasondoko Gazte Topagunerako (“Bideak”) eta AHT Gelditu! Elkarlana taldearentzat (“Gelditu AHT”). Halaber, hamaika kantariren diskoetan kolaboratu du: Anje Duhalde (“Bakezaleak” kantuan), Oskorri (“Euskaldun berriaren balada“), M-ak, Tijuana in Blue, Albert Pla, Amparanoia, Reincidentes, KOP, Peret, Fundamental, Radici Nel Cemento, Desorden Publico… batzuk aipatzearren. Halaber, kantuak eta hitzak idatzi ditu Anestesia, Sorkun eta Afrika abeslarientzat, besteak beste. Horietako asko 1984-1998 Amodio eta gorrotozko kantak disko liburuan (Esan Ozenki, 1998) eta Fermin Muguruza 99-04 CD-DVD bilduman (Metak-Kontrakalea, 2004).
Azken urteotan, zinema eta antzerkira zabaldu du Muguruzak musika sorkuntzarako esparrua. Hain zuzen, Ane Muñozen Basurdea eta Beamon jauzia film laburretako eta Mirant al cel (Jesus Garay) film luzeko musika ondu du, baita Xomorroak antzezlanerako ere.
Musika sortzeaz gain, eragile izan da beste zenbait arlotan ere. 90eko hamarkadaren hasieran, Esan Ozenki diskoetxea sortu zuen beste zenbait lagunekin batera, diskogintzaren hedapen autogestionatua eta “egin zuk zeuk” filosofia lantzeko. Esan Ozenkitik, zenbait talderen diskoak ekoitzi zituen Muguruzak; Wemean, Garage H eta Todos Tus Muertos taldeenak, esaterako. Esan Ozenkiko arduraduna izan zen Muguruza, diskoetxeak 2001ean agur esan zuen arte.
Testua: Koldo Otamendi