1986. urtean, Jon Mikel Arronategik (baxua), Josu Artetxek (bateria), Igor Motak (ahotsa) eta Aitor Albizuk (gitarra) Xe Osti taldea sortu zuten, eta hainbat kontzertu eman zituzten Bizkaian, besteak beste Gernika 37-87 egitarauaren barruan. 1991. urtearen hasieran, Gernikako Udalak abiarazitako ekimen bati esker, grabazio baterako diru laguntza jaso zuten. Hala, martxoan lau kantu grabatu zituzten Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan. Maketari izena jartzeko, Txillardegiren liburu esanguratsu baten izenburua aukeratu zuten: Exkixu. Une horretan, Arronategi, Artetxe eta Albizurekin batera, Nagore Iturbek eta Larrusek osatzen zuten Xe Osti. Horren ostean, kontzertu gutxi batzuk eman zituzten, baina taldeak ez zuen iraun.
Urte berean, uda aldera, Arronategik eta Artetxek Algortako Jose Miguel Guisan (gitarra) ezagutu zuten eta entseatzen hasi ziren. 1992an, taldea ezagutarazteko, maketa bat grabatzea erabaki zuten, eta martxoan estudiora sartu ziren, Zornotzako Iñigo Ibarretxe albokariarekin. Aurreko grabazioarekin alderatuta, emaitza zeharo desberdina zen, nahiz eta oraingoan ere rocka eta folka batzeko ahalegina egin. Maketak bi diskoetxeren interesa erakarri zuen, eta taldeak Iruñeko Gor aukeratu zuen. Bizkaian kontzertuak egiten hasiak ziren, eta 1993ko urrian Lorentzo Recordsen sartu ziren berriro. Diskoa grabatu aurretik, Josemi Guisanek taldea utzi zuen eta Esteban Mediavilla bilbotarrak ordezkatu zuen. Gabonen aurretik Exkixu(Gor, 1993) lehen diskoa kalean zuten. Kantu indartsuak dira, rockeroak, oso melodiko eta itsaskorrak, baina albokaren, trikitiaren eta gaitaren laguntzarekin tradizioarekin estuki lotuak. Are gehiago, bertsoak ere sartu zituzten. Kantu guztiak taldearenak dira, “Agur”Motorheaden doinu batetik egokitutako kantua izan ezik. “Portu zaharra”abestiko hitzak Joseba Sarrionandiaren olerki batetik hartuak daude. Maketatik bi abesti (“Sua, sua” eta “Urruntasunaren ahotsa“) hartu zituzten. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak bertsoak idatzi zituzten, Joseba Tapiak trikitia jo zuen, eta Jose Alberto Batiz gitarristak (Akelarre, Tapia eta Leturia Band) punteoak sartu zituen “Matxinada”, “Agur” eta “Aurkitu zintudan” kantuetan.
Kontzertu ugari egin zituzten, baina behin bakarrik irten zen taldea Euskal Herritik, Zaragozara (Espainia), preso baten aldeko jaialdira. Guztira, 300 bat emanaldi egin zituzten. 1996ko abenduan Euskal Herrian Euskaraz-en aldeko bilduma batean Benito Lertxundiren “Loretxoa” kantuaren moldaketa sartu zuten; hori izan zen kaleratu zuten azken kanta. 1997ko urrian, Ertzaintzaren polizia operazio baten ondorioz, taldea bertan behera utzi zuten. Hortaz, aste batzuk lehenago, urriaren 5ean, Pasaia-Lezoko Kilometroak jaialdian emandakoa izan zen taldearen azken kontzertu ofiziala. Horren ostean, baina, beste kontzertu bat egin zuten Errigoitiko txokoan, Idi Bihotz, Su Ta Gar, Mikel Markez eta Etxabe Anaiekin batera, Kepa Arronategi euskal presoaren omenez. Gerora, Alex Sarduik, Jon Artetxerekin batera, Txulufrina eta arrosa diskoa kaleratu zuen, eta handik hiru hilabetetara Gatibu taldea sortzeko lehen urratsak egin zituzten. Jon Mikel Arronategik, berriz, Ken Zazpi taldean dihardu. Bi taldeek Exkixuren arrakastari eutsi diote.
Testua: Iker Barandiaran
Aizu! Nazkatuta nago
Benetan ezin du gehiago
elkarren lagun, zoriontsu
izango ginela zin egin zenidan.
Ez zen egia
ez da horrela
zulo ilun baten
sartu nauzu.
Aizu! Gogoan dut
ezagutu ginen eguna
gogoan ere, zure hitzak
neretzako musika zirela
Orain berriz hitz horiek
melodi triste sinple bat dira.
Ez zen egia...
Ei txo! Ni banoa
jadanik, ezin dut gehiago.
Neuri bidea, neurea da
zuretzako ez dut lekurik.
Beraz ni, hemendik noa
zure kontuetatik ihesi.
Ez zen egia...