Xabier Solanok (ahotsa eta eskusoinua) eta Jon Mari Beasainek (panderoa) trikiti bikotea osatu zuten 90eko hamarkadaren hastapenetan. Hainbat erromeria eta lehiaketatan hartu zuten parte, eta beste zenbait garaipenen artean, Euskal Herriko txapela hiru aldiz jantzi zuten gazte mailan. Geroago batu zitzaizkien Ander Barrenetxea (bateria) eta Aitor Zabaleta (baxua), eta Etzakit sortu zen. Laukoteak 1995eko urtarrilean jo zuen lehen aldiz jendaurrean, eta urtea amaitzerako 90 ziren egindako emanaldiak. Kopuru hori gainditu egin zuten 1996an, 120 kontzertu jo baitzituzten. 1997an Estatu Batuetan aritu ziren; New Yorkeko Euskal Etxean eta New Jersey hirian, hain zuzen ere.
Etzakiten agerraldiak bat egin zuen trikitia eta pop musika ezkontzeko formula indarra hartzen ari zen garaiarekin, eta Hernaniko laukoteak lagundu zuen olatua zabaltzen. Lehendabizi, maketa grabatu zuten, eta handik bi urtera lehen diskoa kaleratu zuten. Hamazazpi urte baino ez zuen Solanok. Gisa honetako beste talde batzuek bezala (Gozategi, Maixa ta Ixiar…), pop eta rock munduko musikari batengana jo zuen laukoteak ekoizpen lanak egin zitzan. Kaki Arkarazo (M-ak, Negu Gorriak) arduratu zen Etzakit lehen diskoari (Elkar, 1998) gitarren ukitua emateaz, konposizioen freskotasuna eta bizitasuna itzali gabe. Moldaketa ugariz jantzi zituzten kantuak: mandolina, hammond organoa, alboka… Diskoak oihartzun handia izan zuen, “Gurekin” eta “Txikita” kantuei eta, batez ere, Los Tigres del Norte taldearen”Zergatik ez” kantuaren moldaketari esker. Harrera bero hori kontzertuen kopuruan nabaritu zen, 1998ko maiatzetik azarora 120 emanaldi inguru egin baitzituen; zenbait gautan bi lekutan ere jo zuten.
Xabier Solano zen taldeko konpositorea eta abeslaria. Soinu jotzaile gisa, erromerietan aritu aurretik, ezkontzetan joz trebatu zen. Ahotsa, berriz, abesbatzetan landu zuen. Lehendabizi, Hernaniko Ereñozu auzoko Ozenki abesbatzan aritu zen, eta ondoren, Irungo abesbatzan. Ahots leun eta melodikoa du, goxoa belarrirako. Solanoren arreba Kristina ere trikitilaria da; pare bat taldetan aritu da: M-n Ezten eta K.S.
Diskoa aurkezteko emanaldiak bukatuta, taldearen aroa amaituta zegoela iritzi zion laukoteak, eta banandu egin zen. “Une batean Etzakiten bidea agortu egin zela sentitu genuen eta bukatzeko garaia zela erabaki genuen. Akaso oso gazte hasi izanak ere izan zuen eragina erabaki horretan», esan du Solanok (1). Taldekideak bestelako proiektuetan murgildu ziren; lauretatik, Solano mugitu da gehien. Lau Itzal rock taldea sortu zuen lehenengo, The Solanos gero, Fermin Muguruzaren diskoetan eta emanaldietan parte hartu du, eta une honetan Esne Beltza taldean dabil. Bertan Jon Mari Beasain eta Aitor Zabaleta Etzakiten taldekide izandakoekin elkartu da berriro. Beasainek gitarra jo zuen garai batean Mal de Ojo euskarazko rumba taldean, eta Zabaleta Izotz plaza taldean aritu da hainbat urtez. Ander Barrenetxea, berriz, Morau eta Agotak taldean aritu ostean, Juan Mari Beltranen taldeko kidea da.