Eñaut Etxamendi (Ezterenzubi, Nafarroa Beherea, 1935) eta Ellande Larralde (Izura, Nafarroa Beherea, 1935-2012) 60ko hamarkadaren amaieran hasi ziren kantari Ipar Euskal Herrian. Aurretik, Maddi Etxepare eta Peio Etxegoienekin aritu zen Etxamendi, eta berak lanean ziharduen Amikuzeko ikastetxean egin zuten emanaldietako bat. Hiruzpalau kantu prestatu zituzten egun hartarako, horietako bat Etxamendik idatzitako “Otxagabian”. Handik gutxira ezagutu zuen Larralde, Les Petits Chanteurs katedraleko abeslariekin kantatzen ibilia zena.
1967. urtean egin zituzten jendaurreko lehen emanaldiak. A cappella abesten zuen bikoteak. Haien kantuak, ia guztiak Etxamendik idatzitako hitzez osatuak, oso lotuak zeuden garai hartako egoerarekin, Euskal Herriarekin eta askatasunaren aldeko borrokarekin. Ipar Euskal Herrian aitzindariak izan ziren gai sozial eta politikoak ukitzen zituzten jendaurreko emanaldiak egiten. Etxamendik gogoan du nolakoa zen entzuleen erreakzioa. “Hasi ginenean abesten, ohartu nintzen gure meeting politikoetan baino ehun aldiz jende gehiago jiten zela, eta zoraturik egoten zen. Badakizu, gure jendea, uste dut beste jendea ere berdin izango dela, miserian, landertasunean dagoen jendea ez duzu tratatu behar logika erretoriko batez, lirismoz baizik, afektibitate samurtasunez. Haur bati ez diozu Descartes baten logika emango, abestuz lasaituko duzu. Ohartu nintzen, nik ene baitan nituen kontzeptuak (gure nortasun berezia) Frantziako unibertsitateko hitzekin ez nuela deus erdietsiko. Gauza berak erraten ahal zirela, elizak liturgietan egiten duen modura, musika eta olerkiak erabiliz, hitz-erdika. Handik jendea ateratzen zen 40 gradutako sukarraz. Jendea: «Ieup, dia!!!», berotuta irteten zen, eta nik ene baitako “Hori duk bidea!” (1). Urte zirraragarriak izan ziren bi kantarientzat. “Gure abesteko zera zen, kontzientzia baten lur azpitik berriz, hila zegoen tokitik, berpiztea. Berpizte bat zen. Ene bizitzan garai hura izan da la resurrection. Esperientzia bat izugarrizkoa” (1).
Etxamendi eta Larralde irakasle izan zituen Itxaro Borda idazleak, Donapaleuko Jean Errecart lizeoan. “Bi kantari hauek bazterrak erotzen zituzten, Etxamendik idazten zituen kantuak biek eskaintzen zituzten plazetan. Ez dakit zenbat aldiz joan nintzen mobileta harturik haien entzutera. Eñaut Etxamendiren poesia kantatua izugarri gustatzen zait, minbera baita, melankolikoa, herrikoia, sentimentala, epikoa. Hegoaldean gutxi ezagunak diren gaitzeko abestiak izkiriatzen zituen” (2).
Berehala Hego Euskal Herrira ere zabaldu zen bikotearen ospea. Bereziki, 1973. urtean eginiko kantu baten ondorioz izan zen. “Yup! la la” abestia zen, ETAk Carrero Blanco hil ondotik konposatutakoa. Jendaurrean jotzen hasi eta Euskal Herri osoan himno bihurtu zen abesti hura, plaza talde guztiek bere egin zuten, eta leloa kantatzerakoan jertsea airera botatzeko ohitura hartu zuen jendeak. Nolanahi ere, Etxamendik argi utzi nahi izan du beti abestiaren jatorria zein den.
“Hori ez duzu enea, hori betidanik erran dut. Enetzat Ducasse fandangolariaren doinu bat, Marty Robbins izeneko batek, country music kantazale batek lapurtuta eta pittin bat aldatua. Lehendabizi aditu nueneko diska hori, egin nuen «Hori fandangoa duk!». Gero bilatzen aritu nintzen eta batzuek erran zidaten «Ducassen fandango bat izanen da!». Beti nuen gogoan gureganatu behar genuela. Carrero bota zutenean, asteazken batekin edo, hurrengo ibiakoitzean guk abestu behar genuen Maulen, Zuberoan (…) Beraz, Maulen abestu behar genuen, “ongi liteke zerbait Carreroren gainean egitea”. Pertsulari batek berehala egingo luke, nik ez nekien zer egin. Ibiakoitza heldu, ez nuen gehiago horretaz pentsatu, gogotik galdua nuen. Bidean kotxean gindoazen, “Tairairai…” hori abesten, zulo batean kotxeak jauzi bat eman zuen eta orduan nik haurrari egin nion “Iup lala”. Bada kantu zahar bat Zuberokoa, oso galdua, ezezaguna; “In nomine Patri et filii”, gora hintzenetik behera erori… maitia hori guzia zure begiengatik», hola hasi nintzen arrats berean, ez publikoan. «In nomine patri et filii, gora jauzi eta duzu erori». Beraz musika ez da enea” (1).
Hainbat urte geroago, Italiako Banda Bassotti taldeak abesti horren bertsioa egin zuen. Bikotearen beste hainbat abesti —”Zutik”, “Atalaia”, “Hezurren balada”— lagun izandako Eustakio Mendizabal Txikia ETAko kidearen oroimenez eginak dira. Bikoteak izandako engaiamendu politikoaren ondorioz, 1973. urtean Telesforo Monzon lagundu zuten Flandriara, Diksmuiden hirian festa nazionalean parte hartzera.
Etxamendi eta Larralderen diskografiari dagokionez, 70eko hamarkadan hainbat disko txiki argitaratu zituzten: Joseba Elosegi’ri (Egia, 1971), Tiki-taka (Egia, 1974), Otxagabia, (Egia, 1977), Zutik (Egia, 1977) eta Hezurren balada.
Horrez gain, disko luzeak ere eman dituzte argitara: Mai, Larralde, Etxamendi (Autoekoizpena, 1980) eta Garai garratzak (IZ, 1988). Azken hori orkestra baten laguntzaz grabatu zuten, Tomas Aragues zuzendariak egindako moldaketekin. 1998. urtean, berriz, beren abesti garrantzitsuenak jasotzen dituen bilduma karrikaratu zuten disko bikoitz batean: Antologia (Elkar, 1998). Bertan 36 kantu daude; horietatik 22 a cappella grabatutakoak dira, eta gainerakoetan Karlos Gimenezek moldaketak egin zituen.
Ellande Larralde irakaslea izan zen Donapaleuko Errekart lizeoan, eta musikari lotuta segitu zuen Euskal Kantuzaleen Elkartearen sustatzaile gisa. Halaber, Izurako Haize Berri elkarteko presidentea izan zen. Ibañeta antzezlanean parte hartu zuen (ikus bideoa). 2012ko maiatzaren 14an zendu zen, gaixotasun luze baten ondorioz.
Testua: Gontzal Agote
Karlixtoekin hasi giñan-ta
Reketekilan segitu
Gerra haundiak irabazi-ta
Auziak ditugu galdu
Hilharrietan loreak dire
Goizalderako zimeldu
Mendi gainetan elhurrak dire
Jorraila gabe gesaldu
Bainan halere primaderarik
Nafarroarat ez heldu.
Otxagabian, Otxagabian zer dute
Kantuak galdu, kantuak galdu zaizkote
Eskuara galdu, erdera sartu zaiote
Lizaso alden, Lizaso alden zer dute
Etxeak husten, etxeak hustu zaizkote
Lizaso alden, Lizaso alden zer dute
Herria saldu, herria saldu omen dute
Nafarroaren, Nafarroaren auhena
Arrozturikan, arrozturikan hil dena.
Karlixtoekin hasi giñan-ta
Reketekilan segitu
Salbatu omen... Espana oro
Oro Nafarroa salbu
Zuhain onaren erostekotan
Artaldea dute saldu
Pentze larretan xoriak dire
Uda jin gabe ixildu
Bainan halere primadearik
Nafarroarat ez heldu.