Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk lizeoan elkar ezagutu zuten, baina 1973an disko denda batean topo egin eta musikaz hitz egiten hasi ziren. Gustuetan bat zetozela konturarik, elkarrekin talde bat egiteko asmoari ekin zioten. Garai hartan, Pabe aldeko Bacchanales taldean ari zen Ducau, eta Duhaldek bateria jotzen zuen El Fuego plaza taldean. Luze gabe El Fuegon abesten eta gitarra jotzen hasi zen Ducau, eta hirukotea osatzen zuen musikaria Jean Phocas baxu jotzailea zen.
Errobiren bigarren diskoa, Gure lekukotasuna (Elkar, 1977), ia lehenengoarekin batera eman zen ezagutzera. Aurrekoaren ildoa jarraitu zuen, eta, berriz ere, Landartek idatzi zituen letra ia denak. Besteak beste, “Gure lekukotasuna”, “Lantegiko hamar manamenduak” eta “Xileko langileria” nabarmendu ziren, bederatzi kantuen artean. Errobiren lehen aroa itxi zuen disko horrek; izan ere, handik aurrera, hitzen karga politikoa galduz joan zen, eta musika aldetik ere, beste bide batzuk jorratu zituen taldeak. Hirugarren diskoan islatu zen aldaketa, Ametsaren bidea izenekoan (Xoxoa, 1979). Aurretik, zuzeneko diskoa kaleratu zuen, Bizi bizian (Xoxoa, 1978), Tolosan eta Azkoitian emandako bi kontzerturen zatiekin. Euskal Herrian zuzenean grabaturiko lehen rock diskoa izan zen.
Ametsaren bidea aurrerapauso handia izan zen Errobiren garapenean. “Diska egiteko era guztiz aldatu genian. Lehenik musika egin genian, kontzepto bereziko diskoa nahi genian. Benetako talde lana izan huen, testua ere geurea, Beñat Amorenak eta Gillesek ere parte hartuz. Nire musikari bizian izan dudan esperientziarik interesgarriena. Erritmo zaharrak, gaurkoekiko nahasketak… Ez zekiat asko salduko zen, baina zuzenean jendeak oso gustora hartzen zian”, azaldu zuen Duhaldek (3). Arriskatu egin ziren lan horrekin; lau kantuz bakarrik osaturikoa da, eta horietako bi (“Ametsaren bidea” eta “Andere”), 17 eta 13 minutukoak dira, hurrenez hurren; Soft Machine, Caravan eta halako taldeen eragina nabari zen, eta Ducauk jotako saxofoi solo izugarriak zituen.
Disko horri esker, Euskal Herriko mugak gainditu zituzten. Frantziako Liberation egunkariak Bordelen emandako kontzertu baten gainean argitaratutako kritikak horrela zioen: “Aztertutako soinu akustiko eta elektrikoen paletan bilatzen saiatu dira, eta belarriak zabaltzeko gonbita egiten digute; desio artistiko perfekzionista bat sumatzen da”. Bilboko El Correo Español egunkarian irakurria: “Gure aurrean dugu Euskadiko musikaren historiako oinarrizko diskoetako bat”. Espainiako El País egunkariko musika kritikari Jose Manuel Costak rock bilduma baterako 200 disko funtsezkoen artean aukeratu zuen.
Ametsaren bidea-k urteko diskorik onenari emandako saria jaso zuen Durangoko Liburu eta Disko Azokan, baina hala ere nahiko oihartzun txikia izan zuen, aurreko biekin alderatuta. Hori dela eta, hainbat urte geroago, 1994an, Joxan Goikoetxea akordeoi jotzaileak Ametsaren bidea-ren bere interpretazioa egin zuen zuzenerako prestatutako ikuskizun baten bidez. “Askotan gauza berrien bila gabiltza eta ateratzen direnean ez diegu kasu handirik egiten. Uste dut euskal musikaren baitan disko interesgarriena dela [Ametsaren bidea]. Lan horrek jarri zuen maila teknikoa, musikala eta artistikoa hamabost urtetan ez da gainditu eta ez da inoiz aipatzen”, azaldu zuen Goikoetxeak (5).
Aurrerantzean hartu beharreko norabideaz sortutako desadostasunek ekarri zuten Errobiren amaiera. Duhaldek bakarkako disko bat kaleratu zuen berehala, Errobiaren hegitik (Xoxoa, 1980), Errobiren garaitik idatzita zituen kantuekin, eta Ducauk, Gillesek eta Amorenak Xango osatu zuten, jazz garaikideko hirukotea. Geroago, Pariseko estudio batean lanean hasi zen Ducau, eta han grabatu zuten Errobiren azken diskoa, Agur t’erdi (Xoxoa, 1985), laguntzaile frantsesekin. Diskoetxeak proposatuta egin zuten diskoa, eta ez zuen harrera onik izan. Duhalderen arabera, “beste garai bat zen, rock erradikala zegoen pil-pilean, eta ez genuen ondo kalkulatu. Agian hori neurtzea ez da artista bati dagokiona. Atzera begiratuta uste dut disko hori ez genuela egin beharko; orduan konturatu ginen utzi genuen Errobi hura ez zegoela birsortzerik. Nahiko artifiziala zen dena eta oso eroso sentitzen ez zarenean hobe da beste gauza batzuk egitea” (6). Taldeak kontzertu bakan batzuk eman zituen diskoa aurkezteko, eta, ondoren, betiko desegin zen.
2003. urtean talde lapurtarraren diskografia osoa, CD formatuan eta birmasterizaturik biltzen duen kutxa argitaratu zuen Elkar diskoetxeak, eta 2011. urtean Duhalde eta Ducau berriz elkartu ziren Baionatik Bilbora jaialdian parte hartzeko, Ipar Euskal Herriko beste zenbait kantarirekin batera. Errobiren zenbait kantu eskaini zituzten Bilboko Euskalduna jauregian. Ondoren, 2012ko martxoan, Donostiako Kursaal jauregian errepikatu zuten emanaldia.
Testua: Xabier Doncel
Gure toki eder guztiak
dituzte abilki bildu;
beren egintzen obratzeko
denak paso, denak haizu.
Lege arrotz madarikatu,
bihurtuez baliatu,
gure herria deramate
heriotzeari buruz !
Mementoan ahul gira
bainan ez da luzarako
gure itsutasunetik baigira
laster jalgigo.
Itsas bazterra hartu dute
bai eta etxe zaharrak
artzain borda edo etxolak,
arbasoek utzi lurrak.
Eta orain nahi digute
mendia ere ebatsi,
nola deabru beharko dugu
hemendik aintzina bizi ?
Mementoan ahul gira
bainan ez da luzarako
gure itsutasunetik baigira
laster jalgigo.
Gure herrian lantegiak dira
zinez beharrezko
zorigaitzez jaun txapeldunek
turismoa nahiago ...
Turismoaren izenean
gure hobeki galtzeko !
Hola segituz luza gabe
ez zauku deus geldituko ...
Atzar hadi !
atzar hadi !
ene euskaldun haurride.
Atzar hadi !
atzar hadi !
Euskal Herriaren alde ... (bis)