2014.05.24
Erramun Martikorena

Erramun Martikorena

  • 1943
  • Baigorri (Nafarroa Beherea)
  • Herri kanta

1943ko otsailaren 1ean sortu zen, Baigorrin, Oxobia edo Otsobi etxean. Hain zuzen ere, sorlekutik hartu zuen ezagun egin duen goitizena, Otsobi. Hiru anai-arrebetan gazteena zen, eta Urdozeko auzoko eskolan ikasi zuen, hamalau urtera arte. Horren ostean, etxeko laborantzan sartu zen buru-belarri, eta bizitza osoan ez du zeregin hori utzi, beste ezeren gainetik laboraria eta artzaina izan baita Erramun Martikorena.

Musika arloan guztiz autodidakta izan da Martikorena. Haurra zelarik, etxean entzuten zituen euskal kantuak. Ameriketan egondako aitatxik kantatzen zituen, eta biloba gazteak arretaz entzun eta ikasi zituen. Eskolara frantsesez jakin gabe hasi zen, eta han irakasle bat ohartu zen kantatzeko dohain berezia zuela. Hori dela eta, askotan kantarazi zioten ikaskideen aurrean. “Eleketa hasi aitzin egiten nuen kantu”, esana du.

113

Erramun Martikorena.

Gaztetan, armadan ere abestu zuen. Dreuxen (Frantzia) izan zen, eta han martxa militarrak eta antzekoak ikasi behar izan zituen. Baina, gainerakoan, Erramun Martikorenak ez zuen bere burua kantari gisa ikusten. Etxera itzulita, laborantza lanekin segitu zuen.
1969. urtean, Lartzabalen egin zen kantu txapelketa irabazi zuen. Hala ere, ez zuen baliatu nahi izan lehiaketa hori irabazteak kantagintzan aritzeko eman zion aukera. “Joan nintzen, kantatu, eta lehen saria, ‘bon, lehen saria’ pentsatu nuen. Orduan ez nuen herritik ateratzeko gogorik, plazarik plaza kantari izateko gogorik. Gainera publikoan kostatzen zitzaidan aritzea, maite nuen herrian berean eta jende ezagunekin aritzea, ez horrela publiko baten aitzinean” (1).

Hainbat urte pasa zituen kantagintzan jendaurrean aritu gabe. 1978. urtean etorri zen lehen diskoa, Baigorriko artzain laboraria (Elkar, 1978), Manex Pagolak bultzatuta. Hainbat herri kanta eta zenbait olerki abestu zituen Martikorenak disko horretan, ohi zuen moduan a capella, musika tresnen laguntzarik gabe. Soil-soilik Angele arrebaren laguntza izan zuen. Eta musika moldaketetan, haren ibilbide osoan garrantzi handia izan duen musikari bat aritu zen, Mario Gachis. Sekula ez da letra egilea izan Martikorena; bai, ordea, melodia egilea. Lehen disko horretan, esaterako, “Maitia galde egin zautan” abesti ezagunari jarri zion musika. Gerora, Imanol kantariari esker egin zen oso ezagun abestia.

109

Nolanahi ere, bere apalean, kantariak bere burua oso serio hartu gabe segitzen zuen. Anekdota honetan argi gelditzen da jarrera hori: “Oroitzen naizena da, nola ene diskoa banuen etxean, baina diskoaren entzutekorik ez! Elkarrekoak etorri eta ‘diskoa grabatu duk, har ezak dirua…’ esan zidaten. Ordaindu zidaten egin lana, eta diru harekin erosi nuen diskoaren entzutekoa. Auzoan ere berdin erraten zidaten: ‘Bon, hire diskoa entzun behar diagu, eta magnetofonoa ere erosi diagu espres!’. Hori da oroitzen dudana, etxean eta auzoan magnetofonoa erosi genuela diskoa entzuteko” (1).

Nahi edo ez, diskoa grabatu eta gero abiatu zen Martikorenaren ibilbide artistikoa; betiere profesional izan gabe eta bere lanbidea utzi gabe, plazaz plaza ibiltzen hasi zen. Hasierako urte haietan, a capella izan ziren emanaldi guztiak, bere ahots garbi eta gardena kantuei esanahi berezi eta sakona emateko baliatzen baitzuen. Gero, gitarra sartu zuen zuzeneko emanaldietan. Mixel Ducauk eta Mikel Markezek lagundu izan diote horretan.

1981. urtean, bigarren diskoa argitaratu zuen, Otsobi (Elkar, 1981). Disko horretan, hainbat herri kanta kantatzeaz gain, Xalbador, Ernest Alkhat, Emile Larre eta Manex Etxamendik egindako bertsoak musikatu zituen. Dena den, aurretik sekula eman gabeko “Oriko xoria” da diskoak duen kantarik ezagunena. Xalbadorren bertsoekin hasitako lanak segida izan zuen hurrengo diskoan, Primaderari (IZ, 1986), Urepeleko bertsolariaren hiru kanta egin baitzituen sei abestiz osatutako lan horretan.

538

‘Berria’ egunkariaren aurkezpeneko jaian. (Jon Urbe / Argazki Press)

Herri kantak eta Ipar Euskal Herriko bertsolarien lanak izan ziren lehen etaparen oinarri, baina 90eko hamarkadarekin batera joera hori aldatu eta Hego Euskal Herriko kantari ezagunen abestiak moldatu zituen, Olerkarien oihartzun diskoan (Elkar, 1993). Besteak beste, Mikel Laboaren “Hegoak” (“Txoria txori“), Benito Lertxundiren “Herri behera” eta Mixel Labegerieren “Gu gira” daude diskoan, hainbat herri kanturekin batera. Baina, batez ere, Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean egin zuen ezagun Martikorenak. Oiartzuarrak aurretik grabatua bazuen ere, Martikorenaren moldaketa oso ospetsu egin zen, hainbesteraino non askok uste baitute baigorriarrak sortutako kanta dela. Halaber, disko horretan bere ahotsa hainbat musika tresnarekin jantzi zuen, lehen mailako kolaboratzaile batzuen bitartez: Joseba Tapia (trikitia), Xabier Berasaluze Leturia (panderoa), Mixel Ducau (gitarra, saxofoia, baxua)…
Ipar Euskal Herriko bertsolariei zien begirunea ez zuen ahaztu, eta hurrengo lana Donaixtiko Maurice Sorhouet bertsolariaren gainean osatu zuen: Aire xaharretan: kantatzen Maurice Sorhouet-en kantuak (Agorila, 1995).

Hurrengo lana Baigorrin bertan grabatu zuen, Saint-Etienne elizan, eta izenburu adierazgarria du: Herrian (Agorila, 1997). Gehienbat Manex Pagolaren kantuekin eta herri kantuekin osatutako grabazioa izan zen hura. Amaitzeko, baina, Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean” hunkigarria gorde zuen.

Eta estudiko azken lana hari tresnak (mandolina, biolontxeloa, gitarra) eta zeharkako txirula erabiliz grabatu zuen. Elorrietan loreak (Agorila, 2000) du izenburu, eta beste behin ere Xalbadorren eta Etxahun-Iruriren bertsoetan eta herri doinuetan aurkitu zuen inspirazioa. Hurrengo urtean haren ibilbidearen ikuspegi osoa ematen zuen disko bilduma bat argitaratu zuten: Kantuz sortu naiz eta (Elkar, 2001).

2004ko irailean, abeslariak jendeaurrean kantatzeari utziko ziola iragarri zuen. Azken kontzertua Bartzelonan eman zuen, urte horretako azaroaren 11n. Hauek ziren erretiroa hartzeko eman zituen arrazoiak: “Emeki-emeki hartu dut, duda batzuk pasa eta. Batetik pentsatu dut orain urte andana bat badudala kantuari emanik, badut hor satisfamendu bat bide bat eramana izan dela, eta betea gelditzen naiz. Nekea ere hor da, orain ez dut gauez ibilia horrela hain errazki errekuperatzen. Eta bertzetik familiatu ere egin naiz, andrea eta semea ditut. Beraz, uzteko deliberoa hartu dut” (1).

540

Agurreko kontzertuan, lagun eta musikariez inguratua. (Nora Arbelbide)

Baina gauzak ez ziren horretan gelditu. Kantari handi eta maitatuari merezi zuen agurra prestatu zioten lagunek. 2005eko apirilaren 25ean izan zen, Baigorriko Saint Etienne elizan. Mila lagun sartu ziren barnera, eta kanpoan geratutakoek han jarritako pantailetan ikusi ahal izan zuten omenaldia. Martikorenak lagun asko izan zituen ondoan egun horretan: Joseba Tapia, Mixel Ducau, Niko Etxart, Anje Duhalde, Iker Goenaga, Maialen Errotabehere, Eneko Labegerie, Pantxoa eta Peio, Mikel Markez…

Agurra iragarri bazuen ere, horren ostean hainbat emanaldi berezitan igo da berriro oholtza gainera Erramun Martikorena. Esate baterako, 2007ko ekainean, Oztibarren ikastola eta institutu bat eraikitzen laguntzeko Barañaingo auditoriumean egin zen kontzertuan, eta 2008ko urrian, Urepelen, Xalbadorren Egunean. Are gehiago, beste disko bat grabatu zuen, Gure lurretik (Elkar, 2011), eta kantaldiak eskaintzen jarraitu zuen. Hain zuzen, 2013an estreinaturiko Egunsentiaren kantak ikuskizunean parte hartu du, Joxan Goikoetxea musikariaren zuzendaritzapean, eta Pier Paul Berzaitz, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo kantariekin batera.

Bakarkako lanez gain, Martikorenak euskal presoen aldeko disko batean hartu zuen parte, Euskal presoak Euskal Herrira (Euskal Preso Politikoen Sustengu Komiteak-Elkar, 1998). Beste hainbat gizarte aferatan ere inplikatu da baigorriarra, eta 1997. urtean bigarren aurkeztu zen Euskal Herritarrok koalizioak Nafarroako Parlamenturako osatu zuen zerrendetan.

Testua: Gontzal Agote

  • (1) Argia, 1.987. zenbakia, 2005eko apirilaren 10a

Xinaurria

Primadera hastetik uda azkenerat
xinaurria bazoan landa bazterrerat.
Xori pao gorria arbola gainerat
egun oroz juaiten zen kantuz aritzerat
eta xinaurriari trufa egirerat.

Xinaurria goizian hasia lanari
egun guzietako duen gogoari
karga ezin altxatuz zen nigarrez ari
xoriak itzalpetik kantu eta irri
xinaurriak derauko zerbeit erran nahi.

- Xoria, hitz hau diat hiri erraiteko
- Nik ere bi beharri hire aditzeko
- Kanpuan baduk ainitz ontasun biltzeko, emak
xoko batean neguan jateko.
lanean hasten bahiz ez zauk dolutuko.

Xinaurri lepo mehe itsusi kiskila
ez nitzauk hire ganat jiten deusen bilha
lanian ez duk ari ihizi abila
utzak, utzak hik ere, lan hori, ergela
berdin urthe guziez, jiten duk uztaila.

Negu beltza heldu da abendoarekin
horma eta elhurra haize hotzarekin
xinaurria orai da, gauza frangorekin
ongi jan et`edaten bere lagunekin
xoria zer egin den nahi luke jakin

Xinaurria goizean badoa kanporat
xoria ere berdin usatu-lekhura

- Kanta zak, kanta orai kantu polit hura
- Nundik kanta dezaket, oraino barura,
sararaz nezak othoi hire etxolara.

- Haizen bezalakoa hoakit bixtatik
zer behar othe duk hik ene etxolatik?
- Emak aphur bat bederen hire askaritik
othoi begira nezak gosiak hiltzetik
gehiago ez diat erranen gaizkirik.

- Auherra hizalakotz ez nauk urrikaltzen
ikhusak ikhus orai sertaratu haizen
jinkoak eman onez ez hiz baliatzen
jakintzak negukoa udan dela biltzen
goratzekoz lehenik ikhasak aphaltzen.

Xinaurria ziona erran xoriari
erran ahal daiteke mundu guziari
alferra dela usu gose ta egarri
lot gaiten beraz denak bihotzez lanari
lurreko ta zeruko egitekoari.