Gipuzkoan eman zituen kontzertu gehienak Erlak bikoteak. Ehun inguru egin zituen lehen urtebetean, horietako lauzpabost Bizkaian, eta bakan batzuk Ipar Euskal Herrian. Musika “modernua eta gaurkoa” egin nahi zuten, “antziƱako musika, garai baterako izan arren, ez genuke nai lengo moldeetan gelditu”, zioten elkarrizketa batean (1).
Atzerriko kanta famatuenak euskaraz abesten hasi ziren, beste kantari garaikide askok egin zuten bezala, baina gero kantu propioak sortzen hasi ziren, Jose Angel Legorbururen laguntzaz. Hain zuzen, Legorburuk sortu zuen Erlak bikotearen kantu ezagunenaren doinua, “Kennedy“. Hitzak, berriz, Imanol Urbieta zarauztarrak idatzi zituen. Kantuak arrakasta handia izan zuen, eta hainbat urte geroago Negu Gorriak taldeak haren zati bat erabili zuen “J.F.K.” abestian, Erlak-en kantuaren berri emanez ezagutzen ez zuten belaunaldi gazteei.