2019.03.20
Eraso!

Eraso!

Eraso! (harridura ikurra barne) taldearen sorreran hainbat musikari izan baziren ere, laukote honek ekin zion ibilbideari: Sergio Ruiz (ahotsa eta gitarra), Nestor Urdanpilleta (gitarra), Amaiur Cajaraville (baxua) eta Iñigo Beitia (bateria). 90eko hamarkadaren erdialdean hasi ziren musika tresnei eragiten. Garai hartan, nu metal edo metal berriaren fenomenoak gogor jo zuen Ameriketako Estatu Batuetan, eta berehala zabaldu zen mundu osora. Hala ere, zarauztarrek gertukoagoak zituzten Anestesia eta Estigia, eta haien bide musikal berberari jarraitu zioten: thrash musikari.

Hala, 1996an lehen maketa kaleratu zuten, Guztiaren arabera izenekoa. Abiadura handikoa eta primitiboa. Hilabete gutxira, baina, eta Iñigo bateria jotzailea behin taldean finkatuta, bigarren maketa atera zuten: Gaua. Sei abestiz osaturiko lan berri horrek harrera ona izan zuen. Gipuzkoako Diputazioak antolaturiko Gaztemaniak maketa lehiaketako finalean sartu eta kontzertu gehiago emateko aukera izan zuten. Erantzun ona ikusita, laukotea lehendabiziko diskoa prestatzen hasi zen. Horretarako, Mikel Kazalis (Anestesia, Negu Gorriak, 2 Kate, Kuraia, Matxura) musikariarekin batera, Arrasateko Shot! estudioetan sartu ziren. Hasieran lau abesti grabatu zituzten, eta ondoren beste sei etorri ziren, disko luzea osatu arte.Erantzunik gabe (Mil A Gritos, 1999) Soziedad Alkoholika taldeak sorturiko diskoetxeak argitaratu zuen. Zarauzko metal taldeak beste urrats bat egin zuen garapen bidean. “Gure musikak indar eta sentiberatasun handia dauka” (1). Aurreneko diskoa izateko, harrera polita izan zuen. Disko honetan, Aitor Abiok (Pi.L.T) eta Anarik kolaboratu zuten.

980

Lehen diskoa grabatu zuten taldekideak.

2001ean heldu zen Oraina eta geroa (Mil A Gritos). Horretan, Haritz Harreguy eta Mikel Kazalisen laguntza izan zuten Andoaingo Garate estudioan grabatzeko garaian. Azal zuri eta adierazgarri batekin batera, Eraso!-k bere musikari beste buelta bat eman zion, izaera galdu gabe. Delirium Tremens taldearen “Ikusi” kantuaren bertsio gordina bildu zuten disko horretan. Gerora, Zarauzko taldeak zenbait kontzertu entzutetsu eman zituen Euskal Herritik kanpo. Era berean, Slayer eta Machine Head thrash metal talde klasikoen gonbidatu gisa aritu zen, besteak beste.

939

Eraso!, 2003. urtean. (Galder Izagirre)

2003. urtea iritsi bezain pronto, laukotea disko berri bati begira hasi zen lanean. Mikel Kazalisen Fidelenea grabazio estudio berrian sartu, eta handik Grisez bustitako egunak hirugarren lanarekin atera ziren. Kasu honetan, diskoetxez aldatu eta Metak zigiluak argitaratu zuen. Ondoren, beste kontzertu bira bati ekin, eta Austrian jotzeko parada izan zuten. 2004ko udazkenean, ordea, Amaiur Cajaravillek taldea utzi zuen (gaur egun Igelaren Banda jazz taldean jotzen du, Bixente Martinez eta Hasier Oleagarekin). Hori dela eta, taldeak etenaldi bat egin zuen beste baxu jotzaile bat topatu bitartean. Azkenean, Ander Izeta musikari beteranoa (Estigia, Nork?) batu zitzaien eta beste lan bat prestatzen hasi ziren. Azkeneko esperientzia onaren ondoren, grabazio lanak Fidelenean egin zituen berriz ere. Kontra (Metak, 2005) laugarren diskoa eboluzio baten puntu goren eta helduena izan zen.

Taldeak bi urte eta erdiz aurkeztu zuen diskoa zuzenean, 2010ean Bilbao BBK Live jaialdian parte hartu zuen, eta 2012n Ander Izeta Barricada taldean sartu zen, El Drogas abeslari eta baxu jotzailearen ordez. Hortaz, zazpi urte igaro ziren bosgarren diskoa kaleratu aurretik, Ez gara inoiz hilko (Bonberenea Ekintzak, 2012). Lan honetan, “sentiberatasunak eta gogortasunak bat egiten duten homogeneotasun batera” jo zuen Eraso!-k, taldekideen hitzetan. Zuzenekoetan ere aldaketa ekarri zuen disko berriak, aurrerantzean Sergio Ruizek gitarra jotzeari utzi eta abesteaz bakarrik arduratu baitzen.

Testua: Inaxio Esnaola

  • (1) Entzun!, 19. zenbakia, 2000
Ezinak ekinez eginak

Ezinak ekinez eginak

Zuz: Karlos Trijueque (TAOM)

Pentsamendu ukatuak

Pentsamendu ukatuak

Zuz: Lander Andonegi

Algoritmo bat

Algoritmo bat

Egilea: Lander Andonegi

Hodei beltzak

Hodei beltzak

Egilea: Txaber Miravalles

Zinismoaren garaipena

Zinismoaren garaipena

Egilea: Nestor Urdanpilleta

Oroitzapenak

Oroitzapenak

Bideoa: Nestor Urdanpilleta

Atzera

Aurrera

Atzera

Ezinak ekinez eginak

Zuz: Karlos Trijueque (TAOM)

Atzera

Pentsamendu ukatuak

Zuz: Lander Andonegi

Atzera

Algoritmo bat

Egilea: Lander Andonegi

Atzera

Hodei beltzak

Egilea: Txaber Miravalles

Atzera

Zinismoaren garaipena

Egilea: Nestor Urdanpilleta

Atzera

Gertaerak

Atzera

Oroitzapenak

Bideoa: Nestor Urdanpilleta

Gaur ez bada bihar

ez duzu inoiz kontatu 
zurekin geratu dira. 
ustelak, zeureak, 
janen dituzu ohean. 
pentsatzen duzuna, 
zeuretzat geratzeak, 
ez du inongo zentzurik, 
zu hondoratzea baizik. 

gaur ez bada bihar, edo etzi 
gaur ez bada bihar 

ez duzu inoiz kontatu 
zurekin geratu dira. 
ustelak, zeureak, 
janen dituzu ohean. 
pentsatzen duzuna, 
zeuretzat geratzeak, 
ez du inongo zentzurik, 
zu hondoratzea baizik. 

gaur ez bada bihar, edo etzi 
gaur ez bada bihar 

auskalo nora joan zinen. 
norekin eraiki duzun bizitza, 
eta seme-alabarik duzun. 
azkenean nork ireki dizkizun, 
bere bizitzako ateak. 
nondik norakoak izan dituzun. 
beste norbaitek maitatu zaituen. 
ikusten duzu: zutaz jakin nahi nuke. 
gauzak ondo joan zaizkizula pentsatzea... 
jakitea... jakitea...