Formatua: CD-LP
Iraupena: 34' 50"
Argi kodea: IZ-208 D
Azala: Joxemi Zumalabe
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
IZ estudioa
SOINU TEKNIKARIA
Angel Katarain
LAGUNTZAILEAK
EKOIZLEAK
IZ, Eltzegor
GENEROA
Herri kanta
Ebihotz
1984 - IZ
Formatua: CD-LP
Iraupena: 34' 50"
Argi kodea: IZ-208 D
Azala: Joxemi Zumalabe
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
IZ estudioa
SOINU TEKNIKARIA
Angel Katarain
LAGUNTZAILEAK
EKOIZLEAK
IZ, Eltzegor
GENEROA
Herri kanta
Eltzegor 1976an sortu zen, Jose Antonio Garmendia Artola Tupa eta Angel Otaegi ETAko militanteen aurkako epaiaren harira antolatutako nazioarteko kanpainaren barruan. Herbehereetara egindako bidaia batean bat egin zuten Joxemari Ostolaza Xalbardin-ek eta Alegera taldean aritzen ziren hiru kantarik: Juantxo Garzia, Jakes Etxeberria eta Marco Jossie. Denak haurtzarotik kantuaren inguruan ibilitakoak ziren. Horrela zioen Xalbardinek elkarrizketa batean: «Hamazazpi urterekin profesionalak izateko aukera oso onak izan genituen. Talde batean aritzen ginen, erdaraz kantatuz eta Mexikora joateko hiru urteko kontratua egin genuen. Borrokarekin topo egin, euskaraz kantatu behar zela eta abar, taldea bertan behera utzi, eta handik pixka batera hasi ginen euskara ikasi eta euskaraz kantatzen. Ez Dok Amairu sortzeke zegoen artean» (1). Geroago, Fernando Unsain abeslari eta IZ diskoetxeko arduraduna eta Benito Zubeldia batu zitzaizkien. Euskal Herriko errealitate politiko eta kulturalari atxikitako taldea eratzea erabaki zuten. «Eltzegor ez litzateke izango gure Herrian halako egoera sozial eta politiko bat bizi ez bagenu» (2). Kantariak mugaz bi aldeetakoak izateak ere taldearen nortasuna markatzen zuen. Batek ez zekien euskaraz, beste batek ez zuen gaztelaniaz hitz egiten, frantsesa arrotza zitzaion beste bati… «Teorizatu beharrik gabe eskuartean aurkitzen dugu Herri honen arazorik handienetako bat» (2).
Herriz herri zenbait urtez kantari aritu ondoren, Ebihotz (IZ, 1984) grabatu zuten. Estudioan klarinete, txelo eta akordeoiz egindako moldaketez jantzi zituzten kantuak, Joseba Sarrionandia, Joxemi Zumalabe eta Ostolazaren hitzekin, besteak beste. Euskal kantagintzan ezohikoa zen estilo bat jorratzen zuen Eltzegorrek, baina, hala ere, harrera ona zuen, batez ere Iparraldean. «Guk betidanik kantatu izan duguna duk, gure heziketaren fruitua duk. Normalean entzuten denaren diferentea dela? Bai, baina entzuten den hori beste leku batetik doalako. Kontsumozko merkatu bat eraiki nahi duk eta eraikitzen ari duk. Musika hau ez zegok koordinatu horietan, baina kantaldietan ikusi duguna ikusita, jendea ez dago irratitan jartzen diotena bakarrik entzuteko prest» (3).
Diskoak harrera ona izan zuen taldearen zaleen artean, baina arazoak ere ekarri zizkion Eltzegorri. 1985ean, kantuen hitzak zirela eta, elizan kantatzea debekatu zion Ziburuko (Lapurdi) apezak, eta Bidarraiko auzapezak ere bertan behera utzi zion emanaldi bat.
Lan arazoak zirela medio, Jakes Etxeberriak eta Benito Zubeldiak taldea utzi zuten, eta Pantxoa Albizur sartu zen.
Atzerrian kantatzera maiz atera zen Eltzegor taldea. Birritan aritu zen Antwerpen hirian (Flandria), Flandria-Euskadi batzordeak Seaskako ikastolen alde antolatutako jaialdian, eta Herbehereetan, Frantzian, Suitzan, Espainian eta Katalunian ere abestu zuen, baita herri horietako zenbait telebistatan atera ere. Zuzenekoetan, Mikel Artieda baxu jotzaileak eta Angel Unzu gitarristak lagundu zuten taldea.