2002 - Gor
PARTAIDEAK
1999 - Mil a Gritos
PARTAIDEAK
PARTAIDEAK
Ekon 1994an sortu zen. Urte hartako udaberrian, Juan Corral, Juan Sangre goitizenez ezaguna (bateria), eta Xabi Rey (gitarra) talde ezagunen bertsioak jotzen eta abesti instrumental propioak sortzen hasi ziren, Arrasateko beste bi gazterekin batera. Handik gutxira, Ekon izena jarri zioten proiektuari. Aurretik, Brutal Melody taldean aritutakoa zen Juan Sangre. Hasiera hartan, zortzi pistako mahai bat ezagutzeko aukera izan zuten, lokal berean entseatzen zuten Undrop taldeari esker -Pepsi edariaren iragarki batekin arrakasta izan zuen talde horrek-. Mahai horrekin lehenengo probak egin zituzten. Urte eta erdi pasatu ondoren, Aramaioko Amatxon heavy taldean ibilitako Yago Goronaeta gitarrista sartu zen taldean, aurrez zegoena ordezkatzeko. Makina bat entsegu egin ondoren, Iban Gonzalezekin egin zuten topo, Iskanbila (punk oi!) eta Mad Shadow (hardcore melodikoa) taldeetan ibilitako abeslariarekin, eta laurok Arrasateko Shot! estudioan lau abestiz osaturiko maketa grabatu zuten lehiaketa batera aurkezteko. Taldera azkena batzen Iñigo Bakero izan zen, hamar urtez Heriotza punk-rock taldean ibilitako baxu jotzailea, 1996an.
Taldea finkatuta, abesti berriak prestatzen hasi eta hainbat kontzertu eman zituzten. Berehala, ordea, bost abestiz osaturiko bigarren maketa prestatu zuten diskoetxeetara bidaltzeko. Era berean, Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketan finalerdietara sartu ziren. Maketa berriak zigilu batzuen interesa piztu zuen, eta, Oihuka diskoetxearekin ados jartzeko zorian izan baziren ere, azken orduko adostasun faltagatik Mil a Gritos zigilu sortu berriarekin sinatu zuten. Grabazioa Carlos Creatorren estudioan egin zuten eta Zurrunbilo kaotikoa izenburuarekin (Mil a Gritos, 1997) argitaratu zuten. Diskoan Sorkun Rubio (Kashbad) eta Joana Star (ondoren kontzertuetan ere parte hartu zuena) abeslarien kolaborazioak izan zituzten, besteak beste. Lanak erantzun ona izan zuen gurean zein Espainian, eta Valencia Sona musika lehiaketako finalera iritsi ziren, Herrialde Katalanetan. Gero, urte eta erdiko aurkezpen bira arrakastatsua egin zuen taldeak. Arrasatekoen zuzenekoak ezusteko ugari eskaintzen zituen, emanaldietan piroteknia, disko jartzaileak eta grafitilariak tartekatzen zituztelako. Gainera, musikari gehiagoren laguntza izaten zuten taula gainean, tartean Ion Encina Ioni abeslaria.
1998. urte amaieran bigarren diskoa prestatzen hasi ziren, eta urtebete geroago Donostiako Elkar estudioan sartu ziren grabatzera. Soziedad Alkoholika taldeko Jimmy arduratu zen ekoizpenaz. Aldi berean, lan berri horri begira taldean zenbait aldaketa egin zituzten. Joanak taldea utzi, eta Ines Osinaga (Gose) eta Naiara Okina arduratu ziren emakume ahotsez. Ioni ere taldekide finko izatera pasa zen. Etnia 2000 bigarren diskoak ere (Mil a Gritos, 1999) erantzun ona izan zuen, baina bira laburragoa egin zuen taldeak. Hura bukatzean, Iban abeslariak taldea utzi zuen lan kontuengatik, eta, hura ordezkatzeko zenbait abeslarirekin proba egin ondoren, Juan Sangrek bateria utzi zuen eta taldeko kantari bihurtu. Bateriaren hutsunea betetzeko Heloy Galan (Brutal Melody, Fly Shit) sartu zen taldean. Ekon goitik behera aldatu ondoren, zenbait kontzertu eman zituzten talde berria finkatzeko, eta handik gutxira hirugarren diskoa prestatzen hasi ziren.
Berriz ere Jimmyren ekoizpenarekin, Salatzen dut (Gor, 2002) grabatu zuten, Azkarateko Katarainestudioan. Aurreko lanekin bezala, bira luze bat egin zuten Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan. Alabaina, taldekideak beste musika proiektuetan murgiltzearekin batera, 2003ko urrian Ekonek azken zuzenekoa eskaini zuen Arrasaten. Gero, Juan Sangrek Fjord sortu zuen, Etsaiak eta Su Ta Gartaldeetan aritutako musikariekin (Keu Agirretxea, Mikel Arakistain eta Iban Zugarramurdi), eta gaur egun Governors taldean ari da. Iñigo Bakerok eta Yago Goronaetak Cool Circus rock&roll taldean jotzen dute.
Hala ere, agertokietara itzultzeko asmoa agertu zuen taldeak 2009ko urtarrilean. Zirikatzen jarraituz 9002 bira Bilboko Kafe Antzokian abiatu zuen, maiatzaren 14ean. Juan Sangre, Yago Goronaeta, Iñigo Bakero, Xabi Rey, Heloy Galan, Ion Encina eta Libe Garcia de Cortazar (Neubat, Sorkun, Izaki Gardenak) izan ziren Ekon-eko kideak bigarren garai honetan. 2010eko urtarrilaren 16an azken kontzertua eman zuten Durangon, behin betiko desegin aurretik.
Testua: Inaxio Esnaola
2002
ABESTIAK:
No Do
Hipokrisiaren maskarada
Jabearen ahotsa
Arimaren alde iluna
Inperialismoak darrai
Sustraia
BiruS.A.
Aukera bidea
Ezarpenaren alaba
Zuentzat
Eguzkia ezkutatzen denean
1999
ABESTIAK:
Gazte gaizto
Kronika
Mendekuaren hutsunea
Eraiki
Psiko
Ekosabotaia
Mezua zuretzat
(H)ura
Ezin ihesi
1997
ABESTIAK:
Uso txuriaren indarkeria
Gizakia baino gizakiago
Deskontrolatuak
Arbasoen legea
Malkoaz lehortuz
Mila koloredun gerra
Irrintziaren oihua
Herejea
Sexu bikoiztasuna
Izarrak tatuaturik
Segi zirikatzen