Itsaso zakar baten erdira jausiak;
oinetako galduak, adaxka hautsiak,
olatuen kolpeak, eta erauntsiak,
porturatu gabeko gorputz biluziak...
igerian bildu nahi nituzke guziak.
Bilbotik Baionara zenbat itsas mila,
zenbat jende itoa, eta erahila,
arrazoi erdoilduen iragan hurbila,
eta kate astunen pazientzi zurbila,
bide luzeenetik noa zuen bila.
Libertatea erran nun ote zabiltzan,
nik ere nahi bainuke lagunen gerizan,
libertatea edan lurraren kalizan,
libertatea hegan sentitzeko gisan,
libertatea eman eta libre izan.