Mikel Gorosabel Norton (Eibar, Gipuzkoa, 1967; ahotsa eta gitarra), Facundo Amador (bateria) eta Cesar Tejada (baxua) izan ziren EH Sukarrako lehen taldekideak, eta aurreneko kontzertua 1990eko uztailean eman zuten Soraluzeko gaztetxean (Gipuzkoa). Su Ta Gar taldearengandik oso gertu egin zituen lehen urratsak EH Sukarrak, bi taldeak Eibarrekoak eta bi kantariak, Aitor eta Mikel, anaiak izanik.
1991n grabatu zuten lehen maketa. Ordurako Marc Remmy March alemaniarra (gitarra) laugarren taldekidea zen. March estudio kooperatiba bateko kidea zen Berlinen, eta haren bidez, Jelly Recordsen egin zuen EH Sukarrak lehen grabaketa, Su Ta Garreko kideak koruetan kolaboratzaile izan zituztelarik. Alemanian grabaturiko lan hark Euskadi Gazteko lehen maketa lehiaketa irabazi zuen, eta horrek ate asko ireki zizkion taldeari. Tartean, Esan Ozenki diskoetxe sortu berriarekin lehen diskoa ateratzeko aukera: 1992an atera zuten taldearen izen bera daraman lana. “Kasko gorriak”, “Argi ibili”, “E.H. Sukarra” eta beste hainbat kantu indartsu sartu ziren irratietan, eta taberna eta txosnetara zabaldu ziren berehala. Halaber, Itoiz taldearen “Lau teilatu” kantu ezagunaren moldaketa rockeroa nabarmendu zen diskoan.
Hurrengo urtean, Irtenbide bakarra (Esan Ozenki, 1993) argitaratu zuten. Kantu gogorragoak, biribilagoak eta landuagoak ekarri zituen disko honek, eta oroz gain, taldeak bizitzarekiko zuen jarrera agertu zuen: “Martxa, dibertsioa, salaketa eta musika azkarra dira guk egiten duguna”, zioen Nortonek (3). Rebel rock etiketarekin deskribatzen zuten beraiek egiten zutena: “Rock and rolla eta borroka da. Jotzea, dibertitzea, salatzea… bizi filosofia bat ere izan daiteke” (3).
Irtenbide bakarra grabatzeaz amaitu eta berehala Europan barrena bira egin zuten Su Ta Garrekin batera, More Volumen Tour izenekoa. Italian, Austrian eta Alemanian izan ziren.
Galtzailearen egunak (Metak, 2002) diskoak bezala, Sua urtzean-ek CD-ROM interaktibo bat zuen, taldeari buruzko informazio, argazki eta animazioko bideoekin. Disko horrekin abiapuntura itzuli zen EH Sukarra, estilo aldetik, bederen. “Ustezko garaileengandik baino gehiago” galtzaileengandik ikas zitekeela aldarrikatzen zuen EH Sukarrak disko horretan.
Hainbat urte geroago, EH Sukarra zuzenean (Barne Records, 2008) diskoa argitaratu zuen hirukoteak. Taldearen ibilbide osoa laburbiltzen duten 21 abestiz osaturiko diskoa 2007ko maiatzaren 11n grabatu zuten Durangoko Plateruena kafe antzokian. Disko honen aurkezpen lanak egiteko, ostera ere, eta aspaldiko partez, Berlindik barrena bira bat egin zuen taldeak 2008ko udaberrian.
Ondoren, berriz, geldialdia etorri zen, eta aldaketak taldean. Facundo Amadorrek eta Cesar Tejadak taldea utzi zuten, baina Mikel Gorosabelek eutsi egin zion taldeari, eta Mikel Artieda baxu jotzailearekin (M-ak, Tapia eta Leturia Band, Joseba Irazoki & Belardian…) eta Heloy Galan bateria jotzailearekin (Ekon, Brutal Melody, Fly Shit, Governors) Uhinak (Oihuka, 2013) grabatu zuen, EH Sukarraren estudioko zazpigarren diskoa. Ohi bezala, Asier Serranok sortu zituen disko horretako kantu guztien hitzak. Zuzenekoetan, Loiola Maderak ordezkatu zuen Heloy Galan.
Mikel Gorosabelek beste bi taldetan hartu du parte: Lorelei eta Norton Klub.
Testua: Ainara Gorostitzu
uhin urdinek nonahi
estaltzen dute gauez
zure azala bitsez
zilarrezko tanten gain
ilargi odoldu bat
heltzen diren olatuak
eskas ditugun orduak
kresalez mina
bihurtzen da bustiaren fina
hareatzan hedatzen den lurrina
kristalezko lurra
lehertzean egia gezurra
ezpainetan asmatzen den agurra
betirako
estasi perfektuan itoko gaitu
azken marea goraren kulunka geldoak
amesteko
gozatzeko
maitatzeko
jolasteko
jaiotzeko
bizitzeko
hiltzeko