Urrutiko begiradetan
daude mapa hautsiak,
idatzi gabeko hautuak,
egutegi hilak,
elkarri noizbait eman ferekak
euri lanbrotan urtu dira.
Gure sentimenduen kutxa beltza
irakurtzen gabiltza.
Ez da izarren lerrotzea
banatu gaituena,
ez da eguraldi-gizona
hotz hau dakarrena
Hesiak nonahi jaikitzen dira
bete gabeko hitzen nasan
historiaren seme-alabak gara
herrimin(ar)en sehaskan.
Ikasi dugu hari etenak osatzen,
distantziarekin denbora josten.
Joan ziren sentimenduen deserri egunak …
berriz ere elkarrekin gaude.
Aldatu da gauzen neurria
urrun zena bertan da.
Ukigarri dira irriak,
gaur argi da gaua.
Orain ozenki entzuten dira
gordean egondako grinak,
geure esku dugu itxaropena
bukatu dira ezinak!