2016.09.20
Egan

Egan

  • 1970 - 1994
  • Azpeitia (Gipuzkoa)
  • Plaza
  • Webgunea

Xabier Saldiasek (ahotsa eta gitarra), Jose Luis eta Alberto Frantzesena anaiek (teklatuak eta bateria, hurrenez hurren) eta Iñaki Arenasek (baxua) sortu zuten Egan, Azpeitian (Gipuzkoa). Jose Luis Frantzesena Schubert-ek (Azpeitia, 1942ko abuztuaren 17a) Ez Dok Amairu sortzeko lehen bileretan parte hartu zuen eta Ordiziako Yoloak taldean aritu zen. Xabier Saldias berriz, Olatz arrebarekin aritutakoa zen Benito Lertxundiren eta Nemesio Etxanizen kantuak abestuz, baina 1968an bakarka kantatzen hasi zen. Irunen egindako lehiaketa batean lehen saria eskuratu zuen “Nere herriko langillea” kantuarekin, eta Arrasateko dantzaleku batean bi sari irabazi zituen: abesti ezezagunetan lehenengo saria, eta protesta kantuetan, bigarrena. Lehen aipatutakoaz gain, “Euskara, ialgi adi mundura” abestu zuen. Geroago disko txiki batkaleratu zuen.

Xabier Madina kantaria (Akelarre) laguntzeko elkartu ziren geroago Egan sortuko zuten kideak, eta 1970eko uztailaren 30ean egin zuten estreinaldia, San Ignazio bezperan, Gautxori tabernan. Emanaldiak eskaintzen hasi eta urtebetera, Jose Luis Frantzesenak taldea utzi eta Iñaki Kortak hartu zuen haren lekua. Ez zen aldaketa bakarra izango, geroago Gonzalo Pelaezek beteko baitzuen soldadutzara joandako Iñaki Arenasen hutsunea. Zenbait urtetan laukotean ibili eta gero, Joxe Mari Pelaez Peke gitarrista sartu zen Eganen, 1984ra arte iraungo zuen formazioa osatuz. Urte hartan, Imanol Aranburuk (Sakre) ordezkatu zuen Iñaki Korta, eta ez zen beste aldaketarik izango 1994a arte, taldea banandu zen arte.

1989

Egan taldea, 70eko hamarkadan.

Herrietako jaietan euskal giroa jartzeko eta dantza egiteko musika modernoa egiteko sortu zen Egan, eta, hori lortze aldera, dantzaldietan euskal kantarien abestiak jotzen hasi zen, Xabier Leterenak eta Benito Lertxundirenak esaterako, baita atzerriko taldeenak ere, The Beatlesenak esaterako, euskaraturik. Segituan egin zen ezaguna Gipuzkoako herrietan, eta geroago beste herrialdeetara zabaldu zen taldearen oihartzuna, bereziki Bizkaira. Akelarrerekin batera, dantzaldietara jendetza erakartzeari dagokionez puntan ibilitako taldea da Egan, eta badira urtero hutsik egin gabe taldea kontratatu zuten herriak, hala nola Mutriku (Gipuzkoa). Dantzarako aproposak ziren kantu ezagunen euskarazko moldaketa atseginak lantzea, bost taldekideen arteko ahots harmoniak zaintzea eta Saldiasen taula gaineko karisma eta komunikatzeko dohaina izan ziren Eganen arrakastaren gakoetako batzuk. Urterik oparoenetan 200 emanaldi inguru eskaintzen zituen Eganek.

Besteen kantuekin egindako euskarazko bertsioek ekarri zioten ospea, Les Humphries Singers (“Lo ez Mexikon“), John Denver (“Loiolan jai jai”, “Izarraren lorratza“), Stealers Wheel (“Astelehena“), Everly Brothers (“Bat eginik“) eta Flaco Jimenezenak (“Ireki bihotza”), besteak beste, baina bereziki Queen taldea miresten zuen Saldiasek. Horrela, Freddie Mercury kantaria hil eta gero, disko oso bat eskaini zion talde ingelesari, Queen omenduz(IZ, 1992). Urte berean, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak festa egunerako kantua sortu zuen Saldiasek, eta 1993an Euskal Telebistan H-Egan saioa aurkezten hasi zen, Pako Aristi idazlearekin eta Xabier Euzkitze bertsolariarekin.

70eko hamarkadaren hastapenetan plazaratu arren, 1985era arte taldeak ez zuen kaleratu lehen diskoa. 1994a bitartean, zortzi disko eta bilduma bat argitaratu zituen. Urte hartan, Saldiasen eta gainerako taldekideen arteko liskarrak zirela medio, taldea banandu egin zen. Saldiasek musikari berriak bildu zituen, eta Egan izenari eutsi zion, Berria erantsita, eta besteek Trabuko sortu zuten. Trabukotik beste bi talde sortu ziren epe laburrean: Irailerako 6 eta Keinu. Egan Berriak kantu propioen aldeko apustua egin zuen lehen diskoan, Berria (IZ, 1995), baina ez zuen oihartzun handirik izan. “Beti bertsioak egiten ibili eta gero, gure kantuekin atera genuen diskoak ez zuen batere arrakastarik izan. Egan, erromeria, rantxera, tirolesa… esparru horretara mugatu gaitu, nonbait, jendeak. Hasieran, gu rockeroak ginen, baina jendeak horretara eraman gaitu”, zioen tonu etsian Saldiasek (1). Hortaz, bertsioetara itzuli zen hurrengo lanetan.

455

‘Meta eginez’ diskoaren aurkezpenean. (Berria)

2004an formatu berria estreinatu zuen Egan Berriak, musika tresnak sakrifikatu eta bi emakumezko korista eta dantzari jarri baitzituen. Joera berrietara egokitu beharra argudiatu zuen Saldiasek: “DJak plazan sartu dira, eta jendeari bost inporta zaio zeinek jotzen duen edo zein musika tresna dauden; jartzen duen giroak bakarrik axola du. Itxuraz arreta handiagoa jartzen zaie dantzariei eta ikuskizunari, musika jotzeari baino. Horregatik, joera hori ikusita, formatua aldatu dugu” (1). Plaza giroaren gainbeherak ere eragin dio Egan Berriari, urteko emanaldi kopurua berrehunetik erdira murriztu baitzaio.

Egan Berrian ez ezik, Pasaia Orchestran ere abesten du Xabier Saldiasek. 2008ko abenduan egin zuen estreinaldia big band horrek.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Berria, 2004ko abuztuaren 31

Atzera

Intsumisioa

Atzera

Lagunak beti lagun (Aia, 2020.07.29)

Bat eginik / When will I be loved

Bat eginik
bat izanik
eskualde guztiak

Bat eginik guztiak
euskararen alde
ikus dezan etsaiak
garela behingoz talde.

Bat izanik guztiak
utzi gaurko grinak
txuri beltz eta gorriak
gaitezen lagun minak.

Zerbaitek merezi badu
lehena hizkuntza
inoiz ez dezagun galdu
eman bada zuk laguntza