2020.01.20
Dut

Dut

  • 1993 - 2008
  • Hondarribia (Gipuzkoa)
  • Post-hardcorea

1993an, Hondarribiko lau gazte —Manex Martinez (ahotsa eta scratch-ak), Eneko Garaialde (gitarra), Xabi Strubell (gitarra) eta Joseba Ponce (baxua)— eta Irungo Galder Izagirre (bateria) batu ziren talde bat egiteko. Izagirrek Big Crunch taldean jotzen zuela baliatuta, haren lokalean entseatzen hasi ziren. Sasoi horretan, maketa bat grabatu zuten Irunen, baina ez zuten inoiz kaleratu. Handik gutxira, lokalik gabe gelditu ziren; orduantxe, disko bat egitea proposatu zien Basati Diskak diskoetxeak Hondarribiko lau talderi, urte haietan hasi baitzen Hondarribia Gipuzkoako talde harrobirik emankorrenetakoa bihurtzen. Beti Mugan, Illusions, Orgasmic Toothpicks eta Dut ziren lau taldeok. Dutek maketan agertutako lau kantu berreskuratu zituen Underribi diskorako (Basati Diskak, 1994): “Esnatu nahi dut”, “Errealitate krudelaren gidoia”, “Matxurak” eta “Truth machine”.

Dut boskotea

Lehen diskoa grabatu zuen boskotea: Joseba Ponce, Xabi Strubell, Manex Martinez, Eneko Garaialde eta Galder Izagirre.

Manex Martinezek ederto betetzen zuen frontman rola, indar handiz, eta taldeak gaztetasuna, sasoia eta zerbait berria eskaintzen zuen: abesti indartsuak, lelo eta erritmo astunekin. Hala, Esan Ozenkidiskoetxearen arreta erakarri zuen, eta, Beran (Nafarroa), Nafarroa Oinez-en harira, gonbita jaso zuen Negu Gorriak taldearekin jotzeko. Hamalau egunez grabatu zuten Dut lehen diskoa (Esan Ozenki, 1995) Kaki Arkarazosoinu teknikariarekin. Lan horretan, hamar kantu batu zituzten, guztiak propioak, Mikel Laboaren “Urtsua da uda” izan ezik. Beti Mugan taldeko Nagore Santamariak “Zurrunbilo” kantuan abestu zuen; Bap!! taldeko Eneko Abregok, “Hitz hutsak” eta “Ezjakintasunaren kateak suntsitu” kantuetan; eta Illusions taldeko Beñardok biolina sartu zuen Zurrunbilo-n. Giro iluna, oinarri erritmiko indartsu eta aberatsak, gitarra riff bereziak eta ahotsa beste instrumentu bat bailitzan erabilia. Hitzek kritika eta hausnarketa uztartzen dituzte.

Diskoa grabatu eta gutxira, taldeak etenaldia izan zuen Xabi Strubelli ebakuntza egin ziotelako. Hortaz, hurrengo emanaldi batzuk eserita egin zituen. Oso harrera ona jaso zuen disko hark zerbait ausarta bilatzen zutenen artean, eta jende gehiago batu zitzaien kontzertuetan, baina Manexek eta Enekok taldea uztea erabaki zuten. Bat-batean, Dut hirukote bihurtu zen, baina uda osoa entseatzen igaro eta gero, At (Esan Ozenki, 1996) grabatu zuen Angel Katarainekin. Musika guztia hirukoteak idatzi zuen, eta, hitzei dagokienez, Martxel Mariskalen laguntza izan zuen (“Haize eza”, taldearen kanturik esanguratsuenetako bat), baita Edurne Rodriguezena ere (“The Big Lie of Love”). Disko horren emaitza trinkoagoa da, landuagoa, ilunagoa eta astunagoa. Lan hori kaleratzearekin bat, hainbat emanaldi egin zituen Suitzako Wemean neska taldearekin batera Barcelona Accio Musical (BAM) jaialdi ospetsuan, Zaragozan (Espainia) eta Euskal Herrian. Erantzuna itzela izan zen: taldeak heldutasunean eta sendotasunean izugarri irabazi zuen, eta gero eta jende gehiagok ulertu zuen.

534

‘At’ bigarren diskoa grabatu zuen hirukotea.

1997an, “Txapela buruan eta ibili munduan” hip hop kantua grabatu zuten Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan bildumarako (Esan Ozenki, 1997), eta RIP taldearen omenezko diskorako, RIP Versiones (Où, 1997), Terrorismo policial” kantua moldatu zuten. Urte bereko abenduan, Egin egunkariko Gaztegin gehigarrian, Pablo Cabeza kazetariak jakinarazi zuen Fermin Muguruzaketa Dutek proiektu bat zutela elkarrekin. Victor Jararen omenaldi baten harira, Muguruzak laguntza eskatu zien Dutekoei, eta hortik Ireki ateak diskoa (Esan Ozenki, 1997) atera zen: drum&bass, musika industriala, trip-hop, reggae, hardcore eta beste doinu batzuk batu zituzten, eta Victor Jararen “El derecho a vivir en paz” grabatu zuten. 1998an, nazioarteko bira egin zuten Gaitzerdi antzerki taldearekin batera sortutako ikuskizun erraldoiarekin. Esperientzia ikaragarria izan zen hondarribiarrendako, eta ezagunago egin zituenez, jende askoren arreta bereganatu zuten.

291

Fermin Muguruza eta Dut.

Atsedenaldi baten ostean, Askatu korapiloa (Esan Ozenki, 2000) egin zuten. Hondarribiko musikariak batzen dituen Psilocybe elkartearen lokalean grabatu zuten Lisabö taldeko Karlos Osinaga Txap-ekin, eta Angel Katarainek nahastu zuen. Ordura arteko disko ilunena egin zuten: batetik, hardcore muturreko piezak daude, eta, bestetik, kanta ilun eta astunak. Diskoa aurkezteko, Lisabö eta Anari-rekin batera jo zuten Bergaran, Donostian, Bartzelonan eta Madrilen, baina 2001ean kontzertuak emateari utzi zioten. Taldekideak bestelako proiektuetan murgildu ziren: Strubellek Zura taldea jarri zuen martxan, eta Galderrek eta Josebak Kuraia sortu zuten Mikel Kazalis (Anestesia, 2 Kate) eta Fernando Gimenorekin (El Corazón del Sapo, Estricalla).

2003ko abuztuaren 23an, Psilocybe musika elkartearen 10. urteurrena ospatzeko jaialdian agertokira igo zen taldea, eta 2004an “Hondarra” abestia argitaratu zuen Irungo AEK-ko beteranoak bilduman, baina ondoren berriz ere hainbat urte igaro ziren Duten berririk izan gabe, harik eta 2008an taldeak agiri baten bidez amaiera ofiziala iragarri zuen arte. Horrela zioen Epilogo bat dabil haizean barrena izenburuko agiriak:

“Esanak esan, bandera trapu bat da haizerik ez badabil. Haizean jartzen ditugun hitz horien bitartez DUTeri dagokion zikloa itxi egin dugula jakinarazi nahi dugu. Unean uneko izan garelako eta izan nahi dugulako. Sortu eta hazi, hazia erein baikenuen, eta zuen arreta eta maitasunaren fruituak jaso. Orain, lugorrian uzten dugu ereindako loreen irla txikia, bertan hazi berriak ereingo ditugulakoan noizpait, hor nonbait. DUTetik at, atea zabalik uzten dugu berriz ere elkarrekin aritzeko, elkarrekin bidaiatzeko soinuaren bitartez, baina jada beste izen, deitura edo haize batekin. Iragarkietako irribarreetatik eskapoan ibili gera, ertzarik gabeko laukiengandik ihesean, inkisidoreen dantza ilunari argitasunarekin kontra eginez, ta lau disko uzten dizkizuegu opari: hamaika kanta haizeari aldarri, korapiloak askatuz! Aipamen berezia egin nahi diegu manex eta enekori, bidaiaren parte polit eta emankor bat gurekin egin dutelako, baita fermineri ere. Eraberean, aipamen berezia egin nahi diegu gure jarraitzaile amorratu eta ez hain amorratuei: gure haizea izan zaretelako. Esanak esan, esanak esanak daude. Gora dut ta dutarrak!” 

Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko kidea da 2010. urteaz geroztik, eta Xabi Strubellek Lur gorrian barrena disko-liburua (Maramara) argitaratu zuen 2011n, Zura taldearekin jarraitzeaz gain. Joseba Ponce Lisabö-n jotzen hasi zen 2012an, eta JP Lohian izenpean disko bat argitaratu zuen 2016an.

Testua: Iker Barandiaran

Haize eza

Konbikzio
Handirik gabe
Galdezka ari naiz
Oihukatzeak
Ala entzuteak
Zerk egiten gaituen libre
Katu beltzak bezala
Zakurren jangelan
Ezin eguzkia piztu
Izozkiak gara beraien ahotan
Sistemaren neoizko orratzak
Zainak zuritzen dizkigula
Sinboloen semantika tristea
Morroien bular txukunetan
Harroegi ulertzeko
Harroegi onartzeko
Askatasun desiratuak
Ez gaituela askatuko
Bandera trapu bat da
Haizerik ez badabil