1992 - Esan Ozenki
PARTAIDEAK
1991 - Basati Diskak
PARTAIDEAK
1989 - Tsunami
PARTAIDEAK
Laudio, 1984ko negua. Punk musika egiteko asmoz lau lagunek bat egin zuten gau hotz batean: Abel (ahotsa), Javier Abal (bateria), Gille Iturriondobeitia (baxua) eta Javier Cepedak (gitarra) osatu zuten lehen laukotea. Batura hartatik jaio zen Danba. Taldearen lehen grabazioa bide laburreko maketa bat izan zen, lau kantuz osatua eta izenik eraman ez zuen kasete formatuan emana. “Hura izan zen egin dugun gauzarik atsegin eta errebeldeena” (1). Egin egunkariko irakurleek urteko maketa onena zela erabaki zuten, eta Danba, etorkizuneko taldea. Horri esker, bilduma batean parte hartzeko aukera izan zuen urte batzuk geroago, Discos Suicidas diskoetxe bizkaitarrak bultzaturiko ¡Condenados a luchar!-Borockari loturik! (1986) askoren artean eginiko diskoan hain zuzen ere. “Sucio progreso”, “Somos presos” eta “Sin un puto duro” kantuekosatu zuten Danbak bildumari egindako ekarpena. Kantuen izenburuek argi uzten zuten hitzen nondik norakoa. Bilduma horretako beste talde askok bezala, oroitzapen txarrak dituzte diskoaren sorreraren inguruan. “Une beltza izan zen taldearen historian” (1). Diskoak, ordea, sekulako salmenta izan zuen, eta argitaratzen jarraitu da urte askoan. Bitxikeria modura, garai hartan Javier Abal bateria jotzailea La Polla Records taldearekin aritzen zen zuzeneko emanaldietan saxofoia jotzen.
Disko horretarako kantuak grabatu orduko, aldaketa nabariak gertatu ziren taldean. Gille Iturriondobeitia eta Javier Cepeda soilik geratu ziren, eta Josu Garaita (ahotsa) eta Pablo Torres (bateria) taldekide berriekin beste aro bat ireki zuen taldeak. Ordutik aurrera, kantu guztiak euskara hutsezkoak izan ziren, eta musika aldetik ere aldaketak izan ziren. Batez ere rocka jotzen jarraitu zuen, baina ska, reggae eta bestelako erritmo leunagoek ere toki nabarmena izan zuten lehen disko luzean, Plataforman (Tsunami, 1989). Borockari loturik! argitaratu eta hiru urtera kaleratu zen, eta diskoetxe baten babesik ez baitzuten izan, autoekoizpenaren bidetik jo zuten; garai hartan hori nahiko gauza arraroa zen. Hamaika kantu jaso zituzten, Donostiako Tsunami estudioan grabatuak, horien artean “Noizko?”, “88ko maiatza” eta diskoari izena eman zion Plataforman bera.
Taldearen sorkuntza lana izugarria izan zen garai horretan, eta, urtebete eskasera, Esamesaka bigarren diskoa (Basati Diskak, 1991) kaleratu zuen, hamaika kantuz osatua; tartean, Ruper Ordorikaren “Erruduna” kantuaren moldaketa. Hori da taldearen diskorik ezagunena eta kantu esanguratsuenak batzen dituena: “Biktimak”, “Zeru gorria”, “Hau dena”, “Eztanda”…
Kontzertu ugari eman zituzten garai hartan, baina, era berean, entsegu lokaleko lanak ez zuen etenik izan. Esan Ozenki zigiluan kaleratu zen taldearen hirugarrena: Frango funts(1992). Lan horretan ere nabarmena izan zen taldearen musika garapena: Red Hot Chilli Peppers, Fishbone edo Rage Against the Machine taldeen gerizpean ibili zen taldea, funk eta metal musika nahasketak eraginik. Diskoak ez zuen espero bezain harrera ona izan, eta garai hartarako aurreratuegia zela aipatu zuten zenbait komunikabidek.
1994an eman zuen Laudioko taldeak jendaurreko azken kontzertua. 2005ean, baina, Laudioko Gazte Egunaren ekitaldien barnean, sei kantu jo zituzten hainbat taldekide batu zituen talde batekin. Hala ere, taldearen jarduna betirako amaitua dagoela adierazi izan dute behin eta berriz.
Danbaren zenbait kantu, beste talde batzuek hartu eta moldatu dituzte. Betagarri taldeak “Biktimak” grabatu zuen 80/00 diskoan, eta Gasteizko The Dogs of the Black Foot taldeak “Eztanda” grabatu zuen 2006an.
Testua: Koldo Otamendi
1992
ABESTIAK:
Zarratu begiak
Egunekotuak
Esamesaka II
Moonlight heather
Ene lagun galduak
Gaiztoak
Onddo Deabru
Irudimenaren indarra
Sukarra grisean
La porta oberta en el cel, i aixo VII
1991
ABESTIAK:
Biktimak
Zeru gorria
Oskola
23 ordu
Erruduna
Hau dena
Eztanda
Esamesaka
Big mama
Mendeku kolpea
Mezu bat
1989
ABESTIAK:
Plataforman
Hiltzera bota
Noizko?
Kobratzailea
Ospa
88ko maiatza
Eresi
Atzo lez nazkatuta
Atari baten
Egun bat gutxiago
Aho ederrak
ABESTIAK:
Sucio progreso
Somos presos
Sin un puto duro