Formatua: CD
Iraupena: 41' 41"
Argi kodea: IZ-423-KD
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
IZ estudioa (Amasa, Gipuzkoa), 1994ko iraila eta urria
SOINU TEKNIKARIA
Kaki Arkarazo
GENEROAK
Rocka, Rapa
Beldurraren kultura
1994 - IZ
Formatua: CD
Iraupena: 41' 41"
Argi kodea: IZ-423-KD
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
IZ estudioa (Amasa, Gipuzkoa), 1994ko iraila eta urria
SOINU TEKNIKARIA
Kaki Arkarazo
GENEROAK
Rocka, Rapa
80ko hamarkadaren hondarrean eta 90ekoaren hastapenean Estatu Batuetako hainbat taldek -Red Hot Chili Peppers, Fishbone, Living Colour, Defunkt…- rock, metal, ska, funk eta rap estiloak nahasteko zabaldutako joera bere egin zuen Bizkar Hezurrak, garai bertsuan Negu Gorriak, Danba edota Bap!! taldeek modu batean edo bestean egin zuten bezala.
Doinu horiek ez ziren arrotzak lau taldekideentzat. Benjamin Villabella Triku (ahotsa) Korroskada ska taldearen sortzaileetako bat izan zen 80ko hamarkadaren erdialdean. Bi disko kaleratu zituen Korroskadak, Por las buenas costumbres (1987) eta 43 volúmenes (1988), eta oihartzun handia lortu zuen “Torero” kantuarekin. Goar Iñurrieta (gitarra) eta Jose Antonio Castillo Kasti ere (bateria) Korroskadan aritutakoak ziren, baina beste eragin batzuk zituzten: punk eta rock gogorrarena Iñurrietak -Cicatriz taldeko gitarrista izan zen-, eta jazz-fusioarena Castillok. Mikel Irazoki M-ak taldeko baxu jotzaile ohiak, berriz, funk eta rock erritmo berritzaileen ezagutza ekartzen zion taldeari.
Lau sentsibilitate horiek batuz sortu zen Bizkar Hezurra, eta emanaldiak egiten hasi aurretik grabatu zuen lehen diskoa, Informazio pozoindua (IZ, 1993). Goar Iñurrieta zen konpositore nagusia, eta hitzak Trikuren eta Jon Maia bertsolariaren artean idatzi zituzten. Funk, rap, rock gogorra eta ska tantak biltzen zituen denbora gutxian egindako lan hark. Jaiotzen ari zen proiektu baten lehen urratsa izan zen. Garai berean, Bizkar Hezurretik aparte, Iñurrietak, Irazokik eta Castillok Txetxo Bengoetxea donostiarrari lagundu zioten 21 Japonesas taldean.
Bigarren diskoa, Beldurraren kultura (IZ, 1994), bi urtean kontzertuak emanez taldeak hartutako sendotasunaren eta entsegu lokalean egindako lan gogorraren emaitza izan zen, eta aurrekoak irekitako bidean sakondu zuen. Jendea halako musika entzutera ohitu gabe zegoela jakin bazekiten taldekideek: “Tipikoa denari ihes egiten saiatzen gara, saltzeko zailagoa den musika da (…) Musika hau antisistema da, komertzialtasuna lortzen duenean sistema bihurtuko da. Egiten duguna askoz erradikalagoa da, eta horrela sentitzen dugulako egiten dugu” (1). Diskoak oihartzun handirik ez izan arren, hirugarren disko baterako kantuak egin zituen taldeak, eta lanaren izenburua aukeratua zuen: Ikuskizunaren gizartea. Haatik, ez zuen inoiz grabatu. Taldea “oharkabean hil zen, bukatu gabe”, Trikuren hitzetan (2)
Bizkar Hezurraren amaieraz geroztik, taldekide bakoitzak musikari lotuta jarraitu du. Triku grabazio estudioko ekoizpen lanari emana da azken hogei urtean, bereziki Betagarri taldearekin. Mikel Irazokik hainbat musikarirekin egin du lan, Euskal Herrikoak (Anje Duhalde, Xabier Montoia, Mikel Erentxun, Juan Carlos Perez…) zein kanpokoak (Miguel Bose, Ana Torroja, Extremoduro…). Goar Iñurrieta Estopa taldearekin aritu zen hainbat urtez, eta Nacho Garcia Vegaren (Nacha Pop) disko bat ekoitzi zuen. Castillo, berriz, Gasteizko jazz fusion talde anitzetan ibili da: Doctor Petiot, Antigua Blue, Ideofunk, Blue Matter, Kebab, Blue Pop…
Testua: Jon Eskisabel