Batzen
1998 - Esan Ozenki
Formatua: CD
Bilduma: Bilduma
Iraupena: 77' 57"
Argi kodea: EO 135 CD
Azala: Beti Mugan
GENEROA
Desband izeneko taldean aritutako Javi Alvarezek (ahotsa eta gitarra), Xabi Lopezek (gitarra) eta Martxel Mariskalek (baxua) erein zuten Beti Mugan-en hazia, Neil Young eta beste zenbait musikariren bertsio akustikoak egiteaz gain kanta propioak sortzeari ekin ziotenean. Tarteka, Koldo Emery (ahotsa eta gitarra) eta Ramon Albisu (bateria) agertzen ziren entsegu lokalera, Stiff Little Fingers, That Petrol Emotion, Ramones eta The Clashen bertsioak jotzera. Elkarrekin probatzea erabaki zuten. Lopezek, Alvarezek eta Mariskalek prestatuak zituzten lauzpabost kanturi erritmo kutxa kendu, eta egiazko bateria eta beste gitarra bat gehitu zizkieten. Azkenik, Nagore Santamaria eta Natalia Barberia batu zitzaizkien ahotsetan.
Hiru gitarra, lau ahots… Euskal Herrian ezohiko rock formazioa zuen Beti Mugan-ek. Horrek aukera ematen zion baliabide ugarirekin jokatzeko ahotsen erabileran, gitarren soinuan, kantuen estiloan… Hala bada, taldeak ez zuen ildo bakar bat jarraitu bere ibilbide laburrean, power-pop, folk, hardcore eta rock&roll kantu zuzenak eta melodia itsaskorrak aurkitu baitaitezke haren diskoetan, hala soinu akustikoan nola distortsio elektrikoan bilduta. Beti Mugan-en beste ezaugarrietako bat Martxel Mariskalek idatzitako hitzen kalitatea zen; halaber, euskara eta ingelesaren erabilerak eta AEBetako rock banda alternatibo garaikideen eraginak (Sonic Youth, Pixies, Hüsker Dü…)Ama Say taldearekin lotzen zuten.
Maketa bat grabatzeko asmoarekin, Donostiako Amadeus estudiora sartu ziren 1992ko udan, baina, Paco Flores soinu teknikariak bultzatuta, Basati Diskak diskoetxea konbentzitu zuten grabazioa biniloan argitaratzeko. Hortaz, EP formatuan kaleratu zen Mugan (Basati Diskak, 1992), sei kantuz osaturik, taldearen lehen bi urteetako ibilbidearen erakusgarri. Soinu aldetik kaskarra zen, maketako grabazioa plastikora zuzenean pasatu zelako, baina, taldearen harrigarri, harrera ona jaso zuen berehala; jaioterrian bertan bi kontzertu baino ez zituzten jo, eta, bat-batean, AEBetako Del Fuegosen telonero gisa aritu ziren Itziarko Txitxarro aretoan.
Urtea amaitu aurretik Hamlet singlea (Basati Diskak, 1992) kaleratu zuten, Mugak gugan daude kantu gogoangarriarekin, lehen disko luzearen aurrerapen gisa. Oreka desorekan diskoan (Basati Diskak, 1993) bildu zituzten taldearen dohain guztiak, “Galtzaileak“, “Zure kontra” eta “Filosofia aldaketak” kantu bikainak tarteko. Disko hark aukera eman zion Bad Religion hardcore melodikoko talde ezagunarekin jotzeko Donostiako Anoeta kiroldegian, 1993ko uztailaren 10ean. Komunikabideek kritika onak egin zizkieten hala taldeari nola diskoari, eta lan bakoitzarekin Beti Mugan-en zale kopurua handitu egin zen, baina, hala ere, ez zuen sekula askorik saldu.
Lan eta ikasketa kontuak zirela eta, taldea banandu egin zen 1994an. Horren aurretik, lau kantu grabatu zituen Hondarribiko beste hiru talderekin (Dut, Illusions eta Orgasmic Toothpics) osaturiko Underribi diskorako (Basati, 1994), tartean Kaliforniako Jane’s Addiction taldearen “Jane says” kantuaren bertsioa. Zuzenean, aipaturiko bertsioaz gain, Neil Youngen “Keep on rockin’” ere jo ohi zuen Beti Mugan-ek.
1994ko irailaren 2an eman zuen azken kontzertua, Hondarribian. Lau urte geroago, taldeak grabatutako ia abesti guztien bilduma kaleratu zen, Batzen (Esan Ozenki, 1998), eta 2004an berriz elkartu ziren kontzertu gutxi batzuk emateko, Hondarribian eta Ondarroan. Bi kontzertuotako irudiak Zuzenean (Psyilocybina Records, 2005) DVDan bildu zituen Psilocybe elkarteak. Geroztik, beste zenbait kontzertu gehiago eman ditu, 2009ko ekainaren 13an Psilocybenea aretoan, Ama Say taldearekin, eta 2010eko maiatzaren 14an Irungo Ikultur jaialdian. Azken emanaldi honetan lau taldekide bakarrik aritu ziren: Koldo Emery, Ramon Albisu, Xabi Lopez eta Javi Alvarez. Taldea kantu berriak sortzen hasi zen, Martxel Mariskalek elkarrizketa batean adierazi zuenez, eta 2012n ere kontzertuak eman zituen, Tolosan eta Hondarribian, besteak beste.
Beti Mugan-etik kanpo, Martxel Mariskalek eta Xabi Lopezek jarraitu dute musikari lotuta. Mariskal Zura taldeko kidea izan da, eta hitzak idatzi ditu Dut eta Lisabö taldeentzat. Zenbait literatur sari irabazi ditu, eta Me llamo Ezequiel y así será siempre nobela (Hiru, 2002) argitaratu du. Obra horretan oinarrituta, Ezekiel antzezlana taularatu zuen Antzerkiola Imaginarioak, Sagarroi-k sortutako musikarekin.
Testua: Jon Eskisabel