Araban eta Nafarroan, ikatza egiteko aitzinean erabiltzen ziren egur betak dira betagarriak. Eta, taldekideen esanetan, “kaña eman” ere esan nahi du. Horrekin lotuta, taldearen leloetako bat da “dantzan ere iraultza egitea”. Hala, 1993an, Miguel Angel Sanz (bateria), Pablo Rodriguez (baxua), Aitor Ruiz de Arbulo (gitarra), Gonzalo Zaldibar (gitarra), Iñaki Ortiz de Villalba (ahotsa), David Gabiña (saxofoia), Mikel Sanz (tronboia) eta Unai Lobo (tronpeta) Gasteizko La Nave Pirata entsegu lokalean L izeneko maketa prestatzen hasi ziren. Maketa horren 1.500 ale saldu zituzten gaztetxe eta tabernetan. Urte batzuk geroago CD formatuan berrargitaratu zuten.
Bi urte eman zituzten kontzertuak jotzen, eta 1997an Betagarri kaleratu zuten Soziedad Alkoholika taldeko kideek sortutako Mil A Gritos diskoetxean. Euskaraz, galegoz, ingelesez eta italieraz abestuz mestizajea aldarrikatu eta ska, rocka, rapa, reggaea, patxanga eta rantxerak nahastu zituzten. Korroskada eta Bizkar Hezurra taldeetan ibilitako Benjamin Villabella Triku izan zuten ekoizle, eta ordutik bederatzigarren taldekide bilakatu zen. Lan horri jarraitu zion Arren erro zaharra-k (Mil A Gritos, 1998), Eddy Rodriguez Quilley marrazkilariaren manga komiki batek ilustraturiko diskoa. Euskarazko kantuez gain, frantsesezko eta gaztelaniazko bina abesti grabatu zituzten. Horietako bat, Marcos komandanteorde zapatistaren hitzetan oinarritutako “El periodiquerito” da. Ohiko rock-ska aberatsari hip hopa eta ahots distortsionatuak erantsi zizkioten, eta Maixa Lizarribar, Ixiar Oreja eta Luis Caminoren kolaborazioak izan zituzten, besteak beste. Disko horretako bateriak Hasier Oleagak grabatu zituen, eta urtebetez aritu zen taldearekin.
2009an Korrika 16 lasterketaren kantua egin zuen Betagarrik, “Ongi etorri lagun!”, Jon Maia bertsolariak sortutako hitzak musikatuz, eta urte berean Bizitzari txistuka (Elkar) argitaratu zuen. Dantza egiteko baino gehiago, kantatzeko diskoa dela azaldu zuen taldeak.
Zorion argiak diskoan (Elkar, 2012) hainbat musikari lagun gonbidatu zituzten abestera: Iñigo Muguruza (Negu Gorriak, Kortatu, Joxe Ripiau, Sagarroi, Lurra…), Tonino Carotone, Kutxi (Marea), Gari, El Drogas, Francis Diez (Doctor Deseo), Mikel Urdangarin…
2013an 20 urte bete zituen Betagarrik eszenatokietan eta zuzeneko CD-DVD batekin ospatu zuen urtemuga. Donostian, Bilbon eta Gasteizen 2013ko udan eskainitako kontzertuetan grabatutako diskoa argitaratzeko Euskal Herritik kanpoko diskoetxe batengana jo zuen talde gasteiztarrak lehen aldiz. Maldito Recordsek kaleratu zuen 20 urte zuzenean. Hala ere, taldearen emanaldi kopurua nabarmen murriztu zen azken urteetan eta 2017ko uztailean agurra iragarri zuen. Hatortxu Rock jaialdiaren 20. ekitaldian eskaini zuen Betagarrik azken kontzertua, 2017ko uztailaren 28an.
Testua: Iker Barandiaran
Eguna amaitu ez dadila
gau beltza dator nire bila
eta ez dut nahi goizeko argiak
erakustea nire malkoen mina.
Zu zinen nire gauen zerua
zurea nire irribarrea
gaur jada izarra itzali da
noizbait piztua izan bada.
Isiltasuna denean nire zoriona
infernua ez da txarra eta zerua ona
jo nazakezu akabatu arte
jo nazakezu baina ez zaitut maite.
Libre naiz
nahi dudana egiteko
libre naiz
ez dut zure beharrik
libre naiz
ez naiz isilduko
libre naiz
hegan egin dezaket.
Non dira gure begiradak
zein gure amodiozko kanta
nola zen orduan gauero
muxuka esaten zenidana.
Isiltasuna denean nire zoriona
infernua ez da txarra eta zerua ona
jo nazakezu akabatu arte
jo nazakezu baina ez zaitut maite.
Libre naiz
nahi dudana egiteko
libre naiz
ez dut zure beharrik
libre naiz
ez naiz isilduko
libre naiz.