Formatua: CD-LP
Argi kodea: bH013
Azala: Ramon M. Zabalegi
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Bonberenea estudioa (Tolosa, Gipuzkoa)
SOINU TEKNIKARIA
Karlos Osinaga
GENEROA
Rocka
Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (Askoren artean)
2010 - Bidehuts
Formatua: CD-LP
Argi kodea: bH013
Azala: Ramon M. Zabalegi
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Bonberenea estudioa (Tolosa, Gipuzkoa)
SOINU TEKNIKARIA
Karlos Osinaga
GENEROA
Rocka
Merkaturatu ez zen maketa bat autoekoitzi eta sortzaile berrientzako hainbat sari lortu ostean, lehen diskoa 1997an argitaratu zuen taldeak, Berri Txarrak. Javi San Martinek grabatu zuen, Espartzako (Nafarroa) Sonido XXI estudioan, eta Gor diskoetxeak argitaratu zuen. “Lotsarik gabe“, “500 urte ta gero” eta “Ardifiziala” abestiak berehala zabaldu ziren nonahi, eta taldeak etorkizunean izango zuen oihartzuna iragarri zuen nolabait lehen disko hark. Hala ere, Ikasten bigarren diskoak (Gor, 1999) ekarri zuen lehen urrats handia taldearen ibilbidean. “Ikasten“, “Ikusi arte” singlea eta “Ez” abestiak ezusteko edertzat hartu zituen jendeak, eta hamaika kontzertutara gonbidatu zuten taldea. Haritz Harreguy soinu teknikariaren laguntzarekin grabatu zuten, eta musikan nahiz hitzetan sentimenduak ziren nagusi kantuetan. Mezua badu Berri Txarrak taldeak, baina musika du kantuen oinarri, Urbizuren arabera: “Kantua egiterakoan nahiko musikala naiz, ondorenerako uzten dut letra. Zaila da gero bata eta bestea bereiztea, baina musikaren hezurdura egiten dut lehenik, eta hezurdura instrumentala amaitzean hasten naiz melodia eta letra sartzen. Musikak eramaten nau letra bakoitzera, eta ez alderantziz” (1).
Bi urte geroago etorri zen Eskuak/Ukabilak diskoa (Gor, 2001). Andoaingo Garate estudioan grabatu eta ekoitzi zuten, Kaki Arkarazo teknikariarekin. “Oihu“, “Stereo” eta batik bat “Biziraun” kantuei esker, Euskal Herriko mugak gainditu zituen taldeak, eta aurrerantzean serioski jorratuko zuen bide bat ireki zuen, hots, nazioartekoa. Eta bide horri jarraiki, Libre© diskoarekin (Gor, 2003) Europan barrena lehen bira egin zuten, 2003. urtean. Taldeak berak bere diskorik “hardcoreena” dela dioen horrekin Ingalaterrara, Danimarkara eta Alemaniara joan zen Berri Txarrak. Disko horretan, Kaki Arkarazorekin errepikatzeaz gain, kolaborazio berezi bat izan zuen taldeak, Rise Against AEBetako taldeko Tim McIrath abeslariak parte hartu baitzuen “Denak ez du balio” abestian.
2010eko abuztuan Aitor Goikoetxeak taldea utzi zuen (hona hemen agur-komunikatua; 2013an Sons of Woods slowcore taldea sortu zuen Goikoetxeak) eta haren lekua Galder Izagirrek hartu zuen. Hilabete batzuk geroago, Denak ez du balio (Gor, 2010) argitaratu zuen taldeak, zaleek bozketa bidez aukeratutako kantuen bilduma.
Hirukoteak 2011ko Herri Urrats jaiaren kantua sortu zuen, “Laku bat munduan“, Sustrai Colina bertsolariaren hitzekin. Halaber, 2011ko otsaila eta martxoan bira egin zuen Amerikan zehar, Brasil, Argentina, Uruguai, Mexiko eta Kanadan joz, besteak beste.
Abuztuan amaitu zuen Payola aurkezteko bira, eta jarraian AEBetara abiatu zen disko berria grabatzera. Berriz ere izen handiko soinu teknikari eta ekoizle bat aukeratu zuten: Ross Robinson (Sepultura, Korn, The Cure…). Haren Veniceko (Kalifornia) estudioan grabatu zuten bi hilabetez Haria (Kaiowas Records, 2011), taldearen zazpigarren diskoa. “Albo-kalteak” izan zen lan horretatik ateratako lehen singlea. Diskoak harrera itzela izan zuen, hala zaleen aldetik nola aldizkari espezializatuetan, eta berau aurkezteko kontzertu gehienetan sarrera guztiak saldu zituzten: Bilbon eta Donostian bina kontzertu eman zituen, zaleen eskaera asetu ahal izateko, eta Madrilen, Bartzelonan, Londresen, Zaragozan, Parisen… ere aritu zen. Bira honetako kontzertu berezienetako bat Donostiako Kursaal auditorioan eman zuen 2013ko apirilean.
Hirukotea AEBetara itzuli zen 2014ko apirilean, kontzertuak eskaintzeko San Francisco, Merced, Chico, Eugene, Seattle, Portland eta New York hirietan. Baina bidaia baliatu zuen kanta berriak grabatzeko Los Angelesen, berriz ere Ross Robinsonekin. Izan ere, taldearen sorrerako 20. urtemuga abestiak sortzen ospatzeko asmoa zutela adierazi zuen Gorka Urbizuk. Horren emaitza da 20 kantuz osatutako Denbora da poligrafo bakarra lan hirukoitza. Hiru estudiotan eta hiru ekoizlerekin (Ross Robinson, Ricky Falkner, Bill Stevenson) grabatu du taldeak, eta disko bakoitzak —Sutxakurrak, Helduleku guztiak, Xake-mate kultural bat— rocka ulertzeko molde bat jasotzen du. Lanaren aurrerapen gisa, “Etsia” eta “Lemak, aingurak” kantuak aukeratu zituen taldeak. Bigarren kantu hori badok.info atarian estreinatu zen eta 20.000 entzunaldi baino gehiago izan zituen lehen 24 orduetan.
Berri Txarrak-ek hainbat bildumatan hartu du parte: Nafarroa, hitza dantzan (Gor, 2001), Metal Gods. Tributo a Judas Priest (Zero Records, 2000), 18/98+… Auzolanean (Gara, 2006), Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (Bidehuts, 2010)… Halaber, “Bisai berriak” kantua egin zuen Elorrioko (Bizkaia) Gazte Topagunerako (2002) eta KOP taldearen Nostrat diskoan parte hartu zuen, “Sols el poble salva el poble” kantuarekin.
Euskal Herriko egungo rock talderik garrantzitsuenetakoa den honek une ederrekin batera gaziak ere bizi izan ditu zentsuraren ondorioz. Batik bat Madrilen jotzeko zailtasunak izan ditu. Zentsura kasu nabarmenetako bat 2006ko abenduan pairatu zuen Lekunberriko taldeak, Contra la intolerancia y por la libertad de expresión (Intolerantziaren aurka eta adierazpen askatasunaren alde) rock jaialdian parte hartzea galarazi baitzioten, prezeski. Eurek, eta lehenago Soziedad Alkoholikak, Su Ta Garrek eta Fermin Muguruzak, jasandako zentsura kanpaina globalago baten barruan sartu zuen Urbizuk: “Euskal musikariok jasandako zentsura euskal munduari egiten zaion beste zentsura handiago baten atal moduan ulertu beharra dago” (1). Baina ez diote zentsuratzaileei publizitaterik egin nahi izan: “Jazarpen hau planifikatu dutenek ez dute gure hitz erdirik ere merezi, eta horrexegatik, guk geurea egiten jarraituko dugu, datorrena datorrela, autozentsurarik gabe” (1).
Testua: Ainara Gorostitzu