2020.02.06
Berri Txarrak

Berri Txarrak

  • 1994 - 2019
  • Lekunberri (Nafarroa)
  • Metala, Rocka
  • Webgunea
“Hunkigintza” da Berri Txarrak taldearen egitekoa, Gorka Urbizuren (ahotsa eta gitarra) arabera. “Transmisioa da kantuaren funtsa. Oso zorrotzak gara horretan. Hezurdura instrumentaletik abiatzen garenez, hitzik gabe ere kantuak zerbait esan behar digu, barruan zerbait ukitu” (1). Berri Txarrak 1994an sortu zuten, Lekunberrin (Nafarroa), Gorka Urbizuk, Aitor Goikoetxeak (bateria), Mikel Lopez Rubio-k (baxua) eta Aitor Orejak (gitarra). 1994ko urriaren 15ean eman zuten lehen kontzertua, Lekunberrin. Aurretik, Urbizu eta Goikoetxea Nahi Ta Nahiez taldean aritutakoak ziren, eta zenbait disko argitaratuak zituzten. 2004an Orejak taldea utzi egin zuen eta geroztik hirukotea da Berri Txarrak. 2008an Rubio izan zen taldea laga zuena, eta David Gonzalez (PI.L.T. taldeko kide ohia sartu zen baxua jotzera (gaur egun Cobra taldean ere aritzen da Gonzalez). Azken taldekide aldaketa 2010ean gertatu zen: Aitor Goikoetxearen lekua Galder Izagirrek (Big CrunchDut, Kuraia) hartu zuen.
Rocka oinarri, popetik, metaletik, punketik nahiz hardcoretik edaten du taldeak. Euskal Herri osoan bezala nazioartean ere ospea eskuratu du, eta Alemania, Ingalaterra, Danimarka, Mexiko, AEB, Nikaragua, Japonia eta beste hamaika herrialdetan izan da jotzen. Nazioarteko ekoizle ezagunekin grabatu ditu diskoak: Steve Albini, Ross Robinson, Bill Stevenson…
Berri Txarrak

Mikel Lopez, Aitor Oreja, Aitor Goikoetxea eta Gorka Urbizu.

Merkaturatu ez zen maketa bat autoekoitzi eta sortzaile berrientzako hainbat sari lortu ostean, lehen diskoa 1997an argitaratu zuen taldeak, Berri Txarrak. Javi San Martinek grabatu zuen, Espartzako (Nafarroa) Sonido XXI estudioan, eta Gor diskoetxeak argitaratu zuen. “Lotsarik gabe, 500 urte ta gero” eta “Ardifiziala” abestiak berehala zabaldu ziren nonahi, eta taldeak etorkizunean izango zuen oihartzuna iragarri zuen nolabait lehen disko hark. Hala ere, Ikasten bigarren diskoak (Gor, 1999) ekarri zuen lehen urrats handia taldearen ibilbidean. “Ikasten“, “Ikusi arte” singlea eta Ez” abestiak ezusteko edertzat hartu zituen jendeak, eta hamaika kontzertutara gonbidatu zuten taldea. Haritz Harreguy soinu teknikariaren laguntzarekin grabatu zuten, eta musikan nahiz hitzetan sentimenduak ziren nagusi kantuetan. Mezua badu Berri Txarrak taldeak, baina musika du kantuen oinarri, Urbizuren arabera: “Kantua egiterakoan nahiko musikala naiz, ondorenerako uzten dut letra. Zaila da gero bata eta bestea bereiztea, baina musikaren hezurdura egiten dut lehenik, eta hezurdura instrumentala amaitzean hasten naiz melodia eta letra sartzen. Musikak eramaten nau letra bakoitzera, eta ez alderantziz” (1).

Bi urte geroago etorri zen Eskuak/Ukabilak diskoa (Gor, 2001). Andoaingo Garate estudioan grabatu eta ekoitzi zuten, Kaki Arkarazo teknikariarekin. “Oihu“, “Stereo” eta batik bat “Biziraun” kantuei esker, Euskal Herriko mugak gainditu zituen taldeak, eta aurrerantzean serioski jorratuko zuen bide bat ireki zuen, hots, nazioartekoa. Eta bide horri jarraiki, Libre© diskoarekin (Gor, 2003) Europan barrena lehen bira egin zuten, 2003. urtean. Taldeak berak bere diskorik “hardcoreena” dela dioen horrekin Ingalaterrara, Danimarkara eta Alemaniara joan zen Berri Txarrak. Disko horretan, Kaki Arkarazorekin errepikatzeaz gain, kolaborazio berezi bat izan zuen taldeak, Rise Against AEBetako taldeko Tim McIrath abeslariak parte hartu baitzuen “Denak ez du balio” abestian.

Berri Txarrak

Berri Txarrak 2004. urtean.

Biraren ondoren, Aitor Orejak taldea uztea erabaki zuen, eta, ordezko bat hartzeko aukera aztertu eta baztertu ostean, hirukote gisa jarraitzearen aldeko apustua egin zuten beste kideek. Horrela sortu zen Jaio.Musika.Hil bosgarren diskoa (Gor, 2005). Diskotik diskora entzuleari beste zerbait eskaini nahi dio taldeak: “Entzuleak kontuan hartzen ditugu, baina gehienetan zirikatzeko, ez euren gustuak betetzeko. Diskotik diskora entzulea zerbait berria entzutera bultzatzen saiatzen gara. Eskatzen dutena ez, beste zerbait eskaintzen diegu. Bide horretatik, musikariak entzulearen aurretik joan behar duela iruditzen zait; musikariak entzulearengan eragin behar du, eta ez alderantziz” (1). Diskoa Karlos Osinaga musikari eta teknikoarekin (Lisabö) grabatu zuten, eta, horren ostean, Ed Rose ekoizlearen esku utzi zituzten nahasketak (Kurt Cobain, The Get Up Kids eta Motion City Soundtrack taldeekin lan egindakoa da Rose). Handik zuzenean Nikaraguan eta Mexikon barrena bira bat egin zuten, eta gero Asian eta Europan jarraitu zuten.
Berri Txarrak

‘Jaio.Musika.Hil’ diskoa grabatu zuen hirukotea.

Azken bi urteetan izandako esperientzia Zertarako amestu dokumentalean (Gor, 2007) jaso zuten. Jaio.Musika.Hil diskoa sortzeko prozesua, grabazioa eta ondoren Amerikan, Asian eta Europan zehar egindako bira erakusten du Ibon Totorikak zuzendutako 68 minutuko dokumentalak, baina baita taldearen sentsazioak eta gogo aldartea ere. Zertarako Amestu Tour 2008 bira amaitu zutenean, Rubiok taldea utzi zuen eta David Gonzalez sartu zen haren lekuan.
Berri Txarrak

Aitor Goikoetxea, David Gonzalez eta Gorka Urbizu, Chicagon, 2009an. (Karlos Osinaga)

Seigarren diskoa 2009ko apirilean grabatu zuen Berri Txarrakek, lehen aldiz Euskal Herritik kanpo, Chicagon (AEB) hain zuzen, Steve Albini soinu teknikari ezagunarekin. Gor diskoetxea utzi eta Madrilgo Roadrunner Records diskoetxearekin argitaratu zuen Payola. Disko horretako “Folklore” kantua Independent Music Awards sarietarako hautagai izan zen, punk kanturik onenaren atalean.

2010eko abuztuan Aitor Goikoetxeak taldea utzi zuen (hona hemen agur-komunikatua; 2013an Sons of Woods slowcore taldea sortu zuen Goikoetxeak) eta haren lekua Galder Izagirrek hartu zuen. Hilabete batzuk geroago, Denak ez du balio (Gor, 2010) argitaratu zuen taldeak, zaleek bozketa bidez aukeratutako kantuen bilduma.

Berri Txarrak

David Gonzalez, Galder Izagirre eta Gorka Urbizu.

Hirukoteak 2011ko Herri Urrats jaiaren kantua sortu zuen, “Laku bat munduan“, Sustrai Colina bertsolariaren hitzekin. Halaber, 2011ko otsaila eta martxoan bira egin zuen Amerikan zehar, Brasil, Argentina, Uruguai, Mexiko eta Kanadan joz, besteak beste.

Abuztuan amaitu zuen Payola aurkezteko bira, eta jarraian AEBetara abiatu zen disko berria grabatzera. Berriz ere izen handiko soinu teknikari eta ekoizle bat aukeratu zuten: Ross Robinson (Sepultura, Korn, The Cure…). Haren Veniceko (Kalifornia) estudioan grabatu zuten bi hilabetez Haria (Kaiowas Records, 2011), taldearen zazpigarren diskoa. “Albo-kalteak” izan zen lan horretatik ateratako lehen singlea. Diskoak harrera itzela izan zuen, hala zaleen aldetik nola aldizkari espezializatuetan, eta berau aurkezteko kontzertu gehienetan sarrera guztiak saldu zituzten: Bilbon eta Donostian bina kontzertu eman zituen, zaleen eskaera asetu ahal izateko, eta Madrilen, Bartzelonan, Londresen, Zaragozan, Parisen… ere aritu zen. Bira honetako kontzertu berezienetako bat Donostiako Kursaal auditorioan eman zuen 2013ko apirilean.

Hirukotea AEBetara itzuli zen 2014ko apirilean, kontzertuak eskaintzeko San Francisco, Merced, Chico, Eugene, Seattle, Portland eta New York hirietan. Baina bidaia baliatu zuen kanta berriak grabatzeko Los Angelesen, berriz ere Ross Robinsonekin. Izan ere, taldearen sorrerako 20. urtemuga abestiak sortzen ospatzeko asmoa zutela adierazi zuen Gorka Urbizuk. Horren emaitza da 20 kantuz osatutako Denbora da poligrafo bakarra lan hirukoitza. Hiru estudiotan eta hiru ekoizlerekin (Ross Robinson, Ricky Falkner, Bill Stevenson) grabatu du taldeak, eta disko bakoitzak —Sutxakurrak, Helduleku guztiak, Xake-mate kultural bat— rocka ulertzeko molde bat jasotzen du. Lanaren aurrerapen gisa, “Etsia” eta “Lemak, aingurak” kantuak aukeratu zituen taldeak. Bigarren kantu hori badok.info atarian estreinatu zen eta 20.000 entzunaldi baino gehiago izan zituen lehen 24 orduetan.

Berri Txarrak-ek hainbat bildumatan hartu du parte: Nafarroa, hitza dantzan (Gor, 2001), Metal Gods. Tributo a Judas Priest (Zero Records, 2000), 18/98+… Auzolanean (Gara, 2006), Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (Bidehuts, 2010)… Halaber, “Bisai berriak” kantua egin zuen Elorrioko (Bizkaia) Gazte Topagunerako (2002) eta KOP taldearen Nostrat diskoan parte hartu zuen, “Sols el poble salva el poble” kantuarekin.

Berri Txarrak

Berri Txarrak, 2014. urtean.

Euskal Herriko egungo rock talderik garrantzitsuenetakoa den honek une ederrekin batera gaziak ere bizi izan ditu zentsuraren ondorioz. Batik bat Madrilen jotzeko zailtasunak izan ditu. Zentsura kasu nabarmenetako bat 2006ko abenduan pairatu zuen Lekunberriko taldeak, Contra la intolerancia y por la libertad de expresión (Intolerantziaren aurka eta adierazpen askatasunaren alde) rock jaialdian parte hartzea galarazi baitzioten, prezeski. Eurek, eta lehenago Soziedad Alkoholikak, Su Ta Garrek eta Fermin Muguruzak, jasandako zentsura kanpaina globalago baten barruan sartu zuen Urbizuk: “Euskal musikariok jasandako zentsura euskal munduari egiten zaion beste zentsura handiago baten atal moduan ulertu beharra dago” (1). Baina ez diote zentsuratzaileei publizitaterik egin nahi izan: “Jazarpen hau planifikatu dutenek ez dute gure hitz erdirik ere merezi, eta horrexegatik, guk geurea egiten jarraituko dugu, datorrena datorrela, autozentsurarik gabe” (1).

Testua: Ainara Gorostitzu

  • (1) Berria, 2007ko abuztuaren 31

Atzera

Maravillas

Atzera

Jainko ateoa

Atzera

Ross Robinsonekin

Atzera

Haria Tour

Atzera

Iraila (Kursaalen)

Atzera

Zertarako amestu

Atzera

Haria (Bonberenean)

Atzera

Denak ez du balio

Atzera

Oreka

Atzera

FAQ

Atzera

Hitzen oinarri ahula (akustikoan)

Atzera

Zerbait asmatuko dugu

Zuz: Joseba Elorza

Atzera

Hezkuntza ustelak

Atzera

Redemption Song (Donostia, 2011)

Atzera

Lemak, aingurak (zuzenean 2015)

Atzera

Berba eta irudia (zuzenean Bonberenean)

Atzera

Iragana aurretik (dokumentala)

Atzera

Live at Resurrection Fest 2015

Atzera

Poligrafo bakarra

Egilea: Joseba Elorza

Atzera

Katedral bat (BEC, 2018/03/17)

Atzera

Beude (Gernika, 2019/02/15)

Atzera

Denak ez du balio (Beude Tour 2019)

Egilea: Gaizka Peñafiel

Atzera

Dardara

Zuzendaria: Maria Lameiro

Ordaina

labanak jarriko ditugu hesien gainaldeetan
ez gaitzala inork irabaz eldarnio honetan
mugen deman

baina halere lortzen baduzu guganaino heltzea
leku egingo dizut nire langileen artean
isilpean, sekretupean

sarraila lehertzekotan
ene infernuko atea
zabalikan izango duzu
zabal-zabalikan utziko dut zuretzako

askatasunaren ordaina
esklabutza izan daitekeelako
guztia balizko den lur honetan

hemen non dena erosten edo saltzen ahal den
hemen non ia orok izen bat baduen