Bederatzi anai-arrebetatik azkena da Benito Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1942ko urtarrilak 6). Musika txikitatik ezagutu zuen etxean, ohitura baitzen familia giroan abestea; hala ere, ez zen musikaririk haien artean. Lertxundi gazteak marrazkirako zuen zaletasuna, eta, herriko eskolako ikasketak amaituta, frantziskotarrek gidatzen zuten Zarauzko Arte eta Ofizio Eskolan hasi zen. Bertan, buztina eta egurra lantzen ikasi zuen, eta tailugile gisa lehen lanak egin zituen.
Hemeretzi urterekin, erloju denda batean hasi zen lanean. Egun batean bertako jabeak, Martin Lizasok, laut bat utzi zion. Bere kabuz jotzen ikasi zuen. Musikarekiko zaletasuna piztuta, gitarra elektriko bat erosi zuen. Gustuko zituen abeslari estatubatuarren bertsioak euskaratu eta jotzen zituen; Elvis Presleyrenak, esaterako. Jendaurrean lehen aldiz 1963ko azaroaren 22an abestu zuen, Orioko Salsamendi hotelean. La Voz de España egunkariak antolatzen zuen kantu txapelketa batean izena eman, eta bigarren gelditu zen. Horri esker, Kataluniatik bueltan zegoen Mikel Laboak horren berri izan zuen, eta harremanetan jarri zen Lertxundirekin. Euskal musikariekin zerbait egin nahi zuen.
1965. urtean sortuko zen Ez Dok Amairutaldearen sortzaileetako bat izan zen. Bertan gauza asko ikasi zituela aitortu izan du. Oso gogoan du izandako lehen bilera, Donostiako Kursaaleko zinema zaharrean egina. “Niretzako surrealista izan zen bilera hura, atera nintzen inpresioarekin ez nuela ezer ulertu, ez nekiela zertan ari ginen. Baina zerbait bazen nigan, sena edo, tiratzen ninduena, horretan jarraitzeko esaten zidana. Bilera batzuk egin genituen, eta hortik sortu zen Ez Dok Amairu taldea. Niretzat berriro jaiotzea, bataioa izan zen. Ordurako kantatzen nuen, baina orduan hartu nuen kontzientzia. Beste nortasun bat, beste kantari bat sortu zen. Garai hartan oso hedatuta zegoen protesta kantutan hasi ginen”. (1)
Urte haietan lehen disko txikiak argitaratu zituen. Lehen EPan (Cinsa/Edigsa, 1967), oraindik ere asko entzuten diren bi kantu ezagun zeuden: “Zenbat gera” eta “Loretxoa”. Batez ere, lehenengoak iraun du gaur arte, hitzak direla medio. Abel Muniategi-k idatzi zituen: “1967ko udaberrian, giro politiko eta militarra indartsu zegoen, eta usted ut halako premonizio moduko bat izan nuela, bide horretatik gauzak gero eta gogorrago jaongo zirela eta auskalo nola amaituko ziren. 1967ko apirilaren 27a zen, ikasle kuadrilla bat geunden Bilboko Somera kaleko taberna batean bazkaltzen, eta bazkaldu ondoren, hango ahozapi bat hartu eta idatzi egin nuen. Gu zenbat gara? Inork ba al daki? Eta zertaz ari gara? Herria, askatasuna eta abar, sinesten al dugu benetan horretan? Eta zurrunbilo horrek nora eramango gaitu? Elkar hiltzera beharbada? Hurrengo urtean Txabi Etxebarrieta hil zuten, nik ongi ezagutzen nuena” (2).
Urte berekoa da bigarren disko txikia (Cinsa/Edigsa, 1967); horretan, Xabier Lete-rekin egindako bi kantu agertzen dira (“Bihar itxaropen” eta “Gazte sentimental“) eta Lertxundik konposatutako “Gure bide galduak”.
1968an hirugarren eta laugarren diskotxikiak agertuko ziren, oraingoan Herri Gogoadiskoetxeak argitaratuta. Horietan kantu tradizionalak (“Ama ezkondu”, “Dugun edan“) eta berak sortutakoak uztartu zituen (“Irripar bat“, “Jabetasuna“). Halaber, bada Xabier Leteren beste kanta bat, “Itzak dira itzak”.
Hurrengo urtean Ez Dok Amairu desegin egin zen, eta bertan aritutako hainbat artistak beste ikuskari bat estreinatu zuten: Zazpiribai. Batez ere Ipar Euskal Herrian eman zuten Baga Biga Higa-ren ildotik segitzen zuen ikuskaria; bi orduko emanaldia zen. Lertxundiz gain, honako artista hauek hartzen zuten parte: Ugutz Robles, Iñaki Urtizberea, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Patxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere eta Manex Pagola.
Proiektu kolektiboetan ez ezik, segitzen zuen bere bakarkako lanarekin. Oro laño mee batek… bigarren diskoak (Artezi, 1974) heldutasun handiagoa erakusten zuen. Xabier Lizardiren hainbat abesti musikatu zituen, horien artean “Oi lur, oi lur”. Baita bere ibilbidean garrantzi handia izango zituzten bi kanta ezagun ere: “Herri Behera” jota eta “Txori txikia” metaforikoa, JosAnton Artzeren hitzetan oinarritua.
Hamarkada horretan Bretainiara hainbat bidaia egin zituen Lertxundik -lehena Ez Dok Amairurekin izan zen-, eta horren ondorioz hango musika eta folklorearekin liluratuta gelditu zen. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko herri kantutegia eta musika hobeto ezagutzeko aukera izan zuen, bereziki Zuberoakoa. Eragin horiek nabarmenak izango ziren hurrengo abesti eta lanetan. “Zuberoa deskubrimendu bat izan zen niretzat garai batean. Bere kantagintzatik aparte, kantu mota hori oraindik bizirik zegoela somatu nuen, zenbait tokitan musikologoen esku baino geratu ez denean”(3). Horren adibide garbia izan zen argitara eman zuen hurrengo diskoa: …eta maita herria, üken dezadan plazera(Artezi,1975). Disko horretan argi agertzen da giro espiritualekiko joera, urruneko alegien oihartzuna. Hor daude Lertxundiren abesti klasiko batzuk ere: “Maria Solt”, “Atharratzeko gazteluko kanta” eta “Jaun Baruak“. Arrakasta handiko lana izan zen; horrekin Benito Lertxundi lehen mailako euskal musikarien taldean sartu zen, oraindik utzi ez duena.
Gitarra utzi gabe, musikari talde zabal baten laguntza izan zuen Lertxundik -horien artean Marian Arregiakordeoilari eta harpa jotzailea-, eta doinu zeltek gero eta garrantzi handiagoa zuten. Diskoan herri kantuak (“Balearen bertsoak”, “Prima ejerra“) eta Lertxundik berak egindakoak agertzen ziren (“Orbaizetako arma olaren kantua, Askatasunaren semeei”). Dena den, bi abesti ezagunenak Jose Anjel Irigaraik idatzitakoak dira: “Oi Zuberoa” eta, bereziki, “Bizkaia maite“. Horrez gain, nabarmena da Alan Stivell musikari bretoiaren eragina; herri horretako abesti bat kantatu zuen diskoan, Lizardiren bertsoekin, “Utxarko utsa“.
Hurrengo hamarkada ere disko bikoitz batekin hasi zuen Lertxundik: Orreagako batailaren inguruko disko epiko eta kontzeptuala da Altabizkar/Itzaltzuko Bardoari(Elkar, 1981). Hasieran “Euskal epikaren barna”deitzekotan izan zen, diskoan zer dagoen ongi adierazten duen izenburua. Lehenengo diskoan, Orreagako gudaldiari kantatzen dio, baita Matalazen azken hitzak jaso ere. Abesti luzeak eta musika girotzean oinarrituak dira nagusi. Bigarrenean, aniztasun handiagoa dago, baita Lertxundiren kantutegian harrera ezin hobea izan duten bi kanta ere: Etxahun Iruriren bertsoetan oinarritutako “Oi Ama Euskal Herri” eta “Nere herriko neskatxa maite”.
Lan horren ostean, Antonio Breschi pianista italiarrarekin lanean hasi eta, aldi berean, barnerako begirada hasi zen lantzen, gai epiko-historikoak zertxobait alboratuz. Horren ondorioa izan zen lau urteko isialdia apurtu zuen Gaueko ele ixilen baladak(Elkar,1985). Lan horrekin barne bidaiari ekin zion Lertxundik: kantuak intimistagoak dira, eta aurrerantzean tarteka baino ez da agertuko aurreko lanetako epikotasuna. Urte berean Breschik Mezulari (Elkar, 1985) argitaratu zuen, eta horretan parte-hartze berezia izan zuen Lertxundik, gitarra jotzen eta hiru abestitan kantatzen. Johnny McCarthy eta David Hopkins musikari irlandarrek osatu zuten nazioarteko kolaboratzaileen zerrenda.
Bretainia eta Zuberoarekin batera, Irlanda izan da musikari oriotarrak miretsi duen herria. Hango kultura eta musikari zion mirespenaren ondorioa izan zen Mauleko bidean (Elkar, 1987). O’Carolan XVIII. mendeko musikari irlandarrari eskainitako diskoa da, harekin Zuberoan egindako alegiazko topaketaren inguruko lana baita. O’Carolaneksortutako bi kanta sartu zituen diskoan, eta horien artean hari eskainitako abestia. Nabarmentzekoa da sintetizadorea ere erabili zuela lan horretan.
Hurrengo lanarekin, berriz, hasierako urteetara itzuli zen Lertxundi, herri doinuak nagusi zituen diskoa osatuz: Pazko gauerdi ondua(Elkar, 1989). Lan horretan dira Lertxundik zuzeneko emanaldietan abesten ohi zituen hainbat abesti, ordu arte sekula grabatu gabekoak. Horien artean aipagarriena,Mixel Labegerieren “Primaderako liliak”.
Disko horrekin etapa bat itxi zuen abeslariak; 70 eta 80ko hamarkadak oso emankorrak izan ziren sorkuntza aldetik, eta horren lekuko da kaleratutako disko kopurua. Handik aurrera, ordea, beste patxada batez hartuko zuen bere jarduna. Gainera, 90eko hamarkadaren hasieran Lertxundiren taldeko kide eta laguna zen Martin Irizar hil zen istripu batez, eta horrek geldialdi luzea ekarri zuen. Denboraldi batez kontzerturik ez zuen eman, eta 1996. urte arte ez zuen disko gehiagorik kaleratuko.
Dena den, tarte horretan Hunkidura kuttunak bilduma (Elkar, 1993) argitaratu zuten: bi zatitan emandako lau disko eta 46 abesti, non Lertxundiren bidea laburbiltzen den. Kantu asko molde berrian eman zituen bilduma horretan, eguneratu egin behar zirela iritzita. Urte hartan bertan, parte hartu zuen Zuhaitzak landatzen zituen gizona disko berezian (Sonifolk, 1993). Jean Giono idazlearen abentura filosofiko-ekologikoa moldatu zuen Paul Winter musikari estatubatuarrak. Hark egindako musikaren gainean errezitatu zuen Lertxundik. Lan interesgarria, baina oso zabalkunde eskasa izan zuena.
Jose Antonio Urbeltz, Pello Ramirez, Xalbadoreta bere hitzak baliatuta osatu zuen hurrengo diskoa, Hitaz oroit(Elkar, 1996).Ondoan azken urteotan bildutako musikari talde zabala zuen: Olatz Zugasti, Angel Unzu, Pello Ramirez, Fernando Ederra, Luis Camino, Kutxo Otxoa de Eribe, Pello Gereño… (azken bi horiek, Ortzadar taldean aritu ziren 70eko hamarkadan). Azken urte horietan hildako Martin Irizar eta Aingeru Irigarairi eskainitako hiru abesti ditu diskoak: “Joan zinen”, “Udazken koloretan” eta “Uhera“. Urte horietan Lertxundi eta Olatz Zugastiren semea jaio zen, eta oriotarrak sehaska kanta bat grabatu zion: “Iluna denerako“.
1998an Kepa Junkeratrikitilariaren Bilbao 00:00h disko arrakastatsuan parte hartu zuen Lertxundik, eta Bilintxen hitzak dituen “Loriak udan” abestia grabatu zuen Arriaga antzokian. Baina, batez ere, proiektu berezi bat abiatu zuen: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kontzertu bat prestatu zuen Lertxundik, Enrique Ugarteren zuzendaritzapean. Tolosan ospatu behar zen Kilometroak 98 jaiaren harira sortutako ekimena izan zen, eta hortik sortuko zen Auhen sinfonikoa (Elkar, 1998). Horren ondotik, Euskal Herrian hainbat kontzertu eman zituen, orkestrak lagunduta. Urtea Bai Euskarari jaialdi gogoangarrianparte hartuz amaituko zuen; Anoetako estadioan “Zenbat gera” abestu zion Euskal Herri osoari.
2000. urtea sarien urtea izan zen. Sabino Arana saria eman zion izen bereko fundazioak, eta handik gutxira Euskal Herriko Unibertsitateko urrezko domina jaso zuen, Mikel Laboa eta Artze anaiekin batera.
Hurrengo lana Nere ekialdeanizan zen (Elkar,2002). Berriro ere ondoan musikari talde zabala zuela, lan liriko eta musikalki landua osatu zuen, heldutasun artistikoaren erakusgarri. Fernando Pessoa idazle portugaldarra da disko horren protagonistetako bat, haren bost poema moldatu baitzituen, baita hari eskainitako kanta bat idatzi ere. Horrez gain, Pete Seeger kantari estatubatuarraren bertsio bat dago, “Zergatik utzi kantatzeari”.
Hala ere, Benito Lertxundik kantu berriak sortzen eta grabatzen jarraitu du. Itsas ulu zolia (Elkar) kaleratu zuen 2008an, itsasoak kantuetan ohi baino pisu handiagoa duen diskoa, eta Oroimenaren oraina (Elkar, 2012) da orain arte argitaratu duen azken diskoa.
Durangoko Azoka-ren 2012ko Argizaiola saria jaso zuen Benito Lertxundik.
Testua: Gontzal Agote
Era aunitz dago
ni gatibu hartzeko,
arma mota ugari
amore emateko,
suzkoak eta hitzezkoak,
eta ukamena
denetan bortitzena.
Era aunitz dago
ni gatibu hartzeko,
arma mota ugari
amore emateko,
suzkoak eta hitzezkoak,
zuk uzten dizkidazun bideetarik,
bat edo bestea hartzen dudalarik
igartuko dira nere begiak
eta oharmena
ene ihesbiderik onena.