Formatua: CD
Iraupena: 73' 52"
Argi kodea: AG CD 243
Azala: Isabel Azkarate
PARTAIDEAK
LAGUNTZAILEAK
GENEROAK
Herri kanta, Jazza, Esperimentala
Leitza larrea
2000 - Agorila
Formatua: CD
Iraupena: 73' 52"
Argi kodea: AG CD 243
Azala: Isabel Azkarate
PARTAIDEAK
LAGUNTZAILEAK
GENEROAK
Herri kanta, Jazza, Esperimentala
“Talde hau ez da orain denbora bateko Urria talde bera. Beste pertsona batzuekiko harremanetatik sortu da; elkar barne topatzeko eta gure kasualitatezko hitzetan eta gure elkar kutsatzean sorturiko musika bat egiteko gogo bizitik”, zioten Bruma altxatzean (IZ, 1979) taldearen bigarren diskoaren sarreran. Berez, testu horrek ederki kokatzen gaitu euskal folkak emandako talderik iraultzaileenaren ikuspegian. Iraultzailea, musika egiteko zein ulertzeko eragatik, eta iraultzailea, haien ikuspegi politikoagatik zein hainbat herri mugimendurekin zuten harremanagatik. Aurretik, Argi tirrintan… (Gravure Universelle, 1978) argitaratu zuen taldeak.
Taldekideek harremanak zituzten Iparraldeko zein Frantziako hainbat antzerki talderekin, eta emankorra gertatzen zen haien arteko hartu-emana, baita hainbatetan elkarlana ere. Hartu-eman horiek jarraituak izan dira, gainera, Beñat Axiariren kasuan (Tafurs, Theatre des Chimeres, Theatre Du Rivage, Koldo Amestoi, Biarritz Balleta…).
Pascal Gaignek, Beñat Axiarik eta Christine Martineauk osatu zuten taldearen muina 80ko hamarkadaren bigarren erdialdera arte, taldea desagertu zen arte. Sekula ez zuten erabateko arrakastarik izan, baina beren nortasun berritzailearen lekukotasuna utzi zuten hamaika emanaldi eta elkarlanetan.
Pascal Gaignek ibilbide mamitsua egin du ondoren, bai hainbat musikariren gitarrista gisa, bai Amaia Zubiriarekin osatutako bikotean, bai konposizioaren alorrean, hainbat filmetarako musika sortuta.
Beñat Axiari bilakatu da, zalantzarik gabe, Urriaren “izpirituaren” jarraitzaile zuzena. Ibilbide emankorra egin du eta Europan Euskal Herrian baino ezagunago da. Alde batetik, euskal tradiziotik hurbilago dauden diskoak ditu: Arranoa (Ocora, 1988), Ene kantu ferde ta urdinak (Elkar, 1989), Euskal kantak Ama-Lur abesbatzarekin grabatutako lana (EMI, 2001)… Bestetik, inprobisazioaren mundutik zuzenean edaten duten lanak ditu: Achiary, Carter, Holmes (CCAM, 1994); Ce n’est pourtant (L’Empreinte Digitale, 1996), Michel Doneda saxofoi jotzailearekin egindakoa; Leitza larrea (Agorila, 2000); La cité invisible: rencontre à Casablanca (Nord Sud, 2003), gwana musika, flamenkoa eta euskal kantaren arteko topaketa bitxia… Halaber, kolaboratu egin du Pedro Soler gitarristarekin (Près du coeur sauvage…), Etage 34 rock taldearekin (Etage 34)… Azkenik, bestelako hamaika ikuskizunetan ere parte hartu du –Emazte zuriaren bila ikuskizuna; Santa Kruz apaiza eta Juan Martin Pueyrredon pastoralak; Oihana auhenka ikuskizuna; Batekmila, antzerkia eta dantza uztartzen dituena…– eta bere nortasunaren arrastoa utzi du Axiarik.
Guztira, hamabost disko baino gehiago grabatu ditu, eta askok esan izan dute Europako ahots hoberena duela Beñat Axiarik. Vietnamdik Marokora doazen mundu osoko hamaika musikarirekin lan egin izan du eta etengabea dabil Europa osoko agertokietan. Gainera, Ipar Euskal Herriko bizitza kulturalaren animatzaile aipagarria da. Batetik, Errobiko Jaialdia antolatzen du, mundu osoko ahozko transmisioaren inguruan 1995etik urtero Itsasun (Lapurdi) egiten den jaialdia, eta bestetik Martxoko Etiopikoak, Baionan.
Testua: Andoni Tolosa