Hastapenetan, B.A.P.!!! hizkien atzean Andoaingo (Gipuzkoa) lau lagun ezkutatzen ziren: Eneko Abrego (ahotsa), Joxi Zubeldia Txanpi (bateria), Xabier Olazabal Drake (gitarra) eta Andres Vera Andreu (baxua). Brigada Anti Plasta eta Babarruna ta Aza Pupularra izan ziren lehen urte haietan taldeak bere izenari emandako esanahi batzuk, eta Ximorra eta Tortura Sistematika taldeak izan zituen lagun hainbat kontzertutan.
1986. urtean, taldearen maketa argitaratu zen, kasete formatuan, eta zuri-beltzeko fotokopiez eginiko liburuxkarekin batera, abiadura biziko 15 kanta biltzen zituen. Gaztelania eta euskara tartekatzen zituen, baina orduko beste talde asko bezala (Danba, Kortatu…), gaztelania albo batera utzi eta euskara hutsez abestuko zuen taldeak bigarren diskoaz geroztik. Maketa argitaratu eta gutxira, Discos Suicidas diskoetxeak dei egin zion ¡Condenados a luchar!-Borockari loturik! disko bilduman parte har zezan; lau kanta grabatu zituen. Disko horretan, MCD, Porkeria T, Ultimatum, Zer Bizio eta Danba taldeek hartu zuten parte. Hurrengo urtean, 1987an, Egin egunkariak bere hamargarren urteurrenaren harira argitaratu zuen 1,2,3…hamar diskoan, taldearen kantu berri bat agertu zen, “Atzera begira”. Bilduman parte hartu zuten 23 taldeetatik Bap!! zen diskoetxe baten babesik ez zuen bakarra.
Taldearen lehen urratsak oso lotuta egon ziren hainbat kale mugimendutara: irrati libreak, gaztetxeak, okupazioak, Leitzarango autobidearen aurkako borroka, ekologismoa, fantzineak…
Lehenengo diskoan nabaria zen taldearen garapen musikala. Instrumentuak jotzen ikasten hasiak ziren, eta beste eragin batzuk jasotzen, hein handi batean Andoaingo gaztetxetik igarotzen ziren atzerriko taldeei esker. Andoaingo gaztetxea musika eskola izan zutela nabarmendu zuten hainbat elkarrizketatan, baita Joxi Ubeda kazetariak idatzi zuen taldearen biografian ere: BAP!!, Bai, ederki (Paper Hotsak-Bosgarren Haria, 2006).
Taldearen lehen jauzi handia Mikel Laboaren omenezko Txerokee (Elkar-IZ-Seaska, 1990) diskoan nabaritu zen. Txanpi taldetik kanpo geratu zen, eta Mikel Abrego (Negu Gorriak, Parafünk, Anari, Inoren Ero Ni…), Enekoren anaia, sartu zen haren ordez. Beste musika norabide bat hartua zuen taldeak, eta “Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak” kantuak ederki adierazten zuen. Andreurekin egindako azken grabazioa izan zen hura.
1990. urte horretan, Jon Oiartzun Jomes gazteak (We taldeko kide izandakoa) hartu zuen Andreuk utzitako lekua. Bap!! aro berri batean sartu zen Jomesen sarrerarekin. Entsegu lokalean kantu berriak lantzen ari zirela, gerora ezinbestekoa izan zen aldaketa bat gertatu zen. Drakek eta Jomesek musika tresnak trukatu zituzten. Hala, taldearen azkenera arte, Drakek baxua jo zuen, eta Jomesek gitarra.
Talde era horrekin grabatu zuten Zuria beltzez (Basati Diskak, 1992). Musikalki, taldea eragin berrietara ireki zen. Hip-hop, crossover, hardrock eta punk azkarraren zertzeladak sumatzen ziren disko horretan, baita reggae doinuak ere, “H.I.E.S” kantu zoragarrian. Hala ere, hardcorea zen nagusi.
Taldearen azkena, ordea, gertu zen. Drakek entzumenean zituen arazoak zirela medio, zuzenean jotzeari utzi zioten. Hilabete batzuk geroago eman zuten azken kontzertua, Andoaingo gaztetxean. 1996ko iraila zen, eta azken kontzertu horretako grabazio batetik aterako zen taldearen azken emaitza diskografikoa, Bazen zuzeneko disko eta DVDa (Metak, 2003). Bap!!-en musikak bezala, hitzek ere garapen handia izan zuten. Lehen garaiko kanta askok salaketak egiten zituzten: “Policía no”, “Tortura“, “Palabras de engaño”, “Atzera begira”, “Euskal polizia“… Denboran aurrera joan ahala, kantu pertsonalagoak eta barne sentimenduei buruzkoak nagusitu ziren: “Ni eta ni“, “Inolaz ezin dut ahantzi“, “Zu“… Abestien letrak egiteko orduan, lagun min bat izan zuten alboan: Xabier Ansa (Andoain, 1963-1994). Ansarenak dira, besteak beste, “Iturraldeko Kontxixi”, “Ez dut ezer esan nahi” eta “Piztiekin” taldeak eginiko azken kantuaren hitzak.
Testua: Koldo Otamendi