2020.11.12
Baldin Bada

Baldin Bada

  • 1986 - 1996
  • Irun (Gipuzkoa)
  • Hardcorea, Punk-rocka, Ska

80ko hamarkadaren hasieran, Irun rock eta punkaren abangoardia izan zen, musika arloari dagokionez. Kortatu, Vomito eta Anti Regimen taldeei beste bat gehitu zitzaien 1986an: Baldin Bada. Erresuma Batuko punk musika ardatz nagusitzat harturik, Kortaturen antzera, ska eta oi! giroetan abiatu zituzten lehen pausoak. Taldearen estetika ere gisa horretakoa zen: ile motza, kasik larru-arras moztua, bota militar beltzak eta uhalez loturiko galtza estuak. Azkar batean hasi zuten musika bidaia, hein handi batean Kortaturen ondoan egindako emanaldiei esker.

2988

Pablo Susperregi “Katu”, Baldin Badako gitarrista eta abeslaria. (Aitor Arregi “Txisto”)

Taldea hasieran honela osatuta zegoen: Daniel Riaño Buitraker (gitarra, ahotsak), Kandi Fernandez (teklatua, ahotsak), Roberto Txatxin (bateria), Edorta Rastaman (baxua, perkusioak), Santiago Ruiz Gatxet (baxua), Pablo Susperregi Katu (gitarra, ahotsa). Garai hartako taldeen alboan, Baldin Badak bazuen berezitasun bat: teklatuen erabilpena. Zuzeneko emanaldiak eskaini eta gero, laster iritsi zen taldearen lehen diskoa: Lur azpian bukatuko duzue (Soñua, 1986). Jadanik Irungo bandak tokia egina zuen euskal musikagintzan. Lehen lan hura disko mitikoa izan zen. Hor biltzen dira Baldin Badaren kantu esanguratsuenak: “Bizi nahi dut”, “Ibilaldia“, “Jo ta ke” eta “Gernika koka-kola“, “Gernikako arbola“-ren punk moldaketa. Baldin Bada talde gaztea zen, kale girokoa, eta aldarrikapena eta umorea ez ziren falta haien hitzetan. Taldearen ibilbidean gehien saldutako diskoa izan zen.

1987an, Egin egunkariaren hamar urteak ospatzeko kaleratu zen Bat, bi, hiru… hamar disko bikoitzean, Baldin Badaren “Ibilaldia” agertu zen, garai hartako puntako beste 20 musika talderekin batera. Tartean, La Polla Records, RIP, Cicatriz, Zarrapo eta Zer Bizio ziren.

2989

Lehen urteetako kontzertu batean. (Aitor Arregi “Txisto”)

Lehen diskoa kaleratu eta gutxira, norabide aldaketa nabaria izan zen Irungo bandan. Zenbait taldekide aldatzearekin batera, musika norabidea ere aldatu zen, eta metal doinuetara hurbildu ziren. Hala, giro horiek nagusi zirelarik iritsi zen taldearen disko beltza, Baldin bada(Oihuka, 1990). Ordurako laukote bihurturik, eta teklaturik gabe, gogortu egin zen musika planteamendua, nahiz eta Hilik eta tempo erdiko halako kantu izugarriak bildu lan horren barnean.

Orduan, taldeko sortzaile eta teklatu jotzaile Kandi Fernandezek taldea utzi zuen, eta urte batzuk geroago bueltatu zen. Denbora tarte horretan, zenbait musika talderen alboan ibili zen: Madrilgo Vallecas auzoko Ska-P, Sustraia, Minxoriak…

1991n, Lurralde kolpatuak (Oihuka) kaleratu zen. Lan horretan ere aldaketa bat gertatu zen taldekideen artean; hain zuzen, gerora ezagun bihurtuko zen Iban Zugarramurdi 17 urteko gaztea (Su Ta Gar, Fjord, Esne Beltza…) bateria jotzera sartu zen taldean.

69

Bigarren diskoa grabatu zuten musikariak.

1995ean, lau urteko isilunea apurtuz, taldeak estudioko azken lana grabatu zuen. Erraien iraultza diskoan (Esan Ozenki, 1995), aurretik finkaturiko norabidea berretsi zuten, musika eragin berriei toki eginez. Taldearen azken hatsa zen: Baldin Badaren azken kontzertua 1996ko ekainean izan zen, diskoa argitaratu eta urtebete eskasera.

2004. urtean, Irungo AEK-ko beteranoak disko bilduman, “Euskara ala ez gara” abestia grabatu zuten, herriko beste 15 talderekin batera, 14. Korrikaren harira. Urte bereko abenduan, Hatortxu Rock elkartasun jaialdian aritu ziren, zuzeneko kontzertu bakar bat ematen.

Euskal Herriko rock musikaren historiarako ezinbestekoak diren kantu batzuk atera dira Baldin Badaren akordeetatik. Garai batean, “Ibilaldia” kantua plaza taldeek ere jotzen zuten herrietako jaietan. Bestetik, Betagarri talde gasteiztarrak “Baldin bada” ereserkia grabatu zuen 80/00 diskorako. Egun, oraindik ere Betagarriren kantu zerrendan ezinbestekoa da kantu hori.

Testua: Koldo Otamendi

Aldarrikatu behar

Pertsona bakoitza
errespetatu behar dugun
mundua da,
inperialismo eta arrazismo
mota oro
suntsitu beharra dago,
aberrazio eta torturarik
inork paira ez ditzan
pertsona bakoitzak, herri
bakoitzak,
bere sinesmenak ditu,
bere bizitzeko era
errealitateari aurre
egiteko modu berezia.
Erregimen sozialak
dakarren oro
baztertu eta garaitu
beharra dago.
Gezurrezko solidaritate
zuria bandera bihurtuz
giza etikaren gainean
dabilen lotsagabeko jende guztia
garaitzeko
indarra ematen digu
luzaroan burua makurtu
behar izanak.
Horregatik ari gara borrokan
pertsona guztiok, herri guztiok,
gure nortasuna berreskuratu arte.