Idazle gisa ezagunagoa bada ere, kantagintzan ere bide oparoa egin du Asier Serranok. EH Sukarraren ohiko letra egilea izateaz gain, Lorelei taldea sortu zuen talde horretako abeslari Mikel Gorosabelekin, eta ondoren hiru disko argitaratu zituen bere izenean. Serranoren hitzetan, «Ez esan inori disko egoista zen, erabat intimista. Gerrari bai-rekin, neure buruarekin borrokan jarri nintzen, eta euskal herritar gisa neure inguruari begiratu nion». Hoteleko kantuak berriz, “maitasuna bakardadearen ikuspegitik ikusteko” gogotik sortu zen.