Formatua: CD
Iraupena: 51' 25"
Argi kodea: IZ-530-KD
Azala: Pastor
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
IZ estudioa (Amasa, Gipuzkoa), 2000ko urria
SOINU TEKNIKARIA
Carlos Creator
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Metala
Etorkizunaren sustraia
2000 - IZ
Formatua: CD
Iraupena: 51' 25"
Argi kodea: IZ-530-KD
Azala: Pastor
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
IZ estudioa (Amasa, Gipuzkoa), 2000ko urria
SOINU TEKNIKARIA
Carlos Creator
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Metala
Asgarth 1997. urtean sortu zen, Donostiako Añorga auzoan. Dena dela, taldea urtebete geroago finkatu zen, bost kiderekin: Ander Cañas (gitarra), Unai Zabala (gitarra), Joxi Perurena (baxua), Iban Fernandez (bateria) eta Asier Enbil (ahotsa). Garai hartan, gazte horien batez besteko adina 20 urtekoa zen. 1999an, nahiko abesti propio osatu ondoren, gipuzkoarrek lehen maketa ekoiztea erabaki zuten. Hala, ekainetik uztailera bitartean, zazpi kantu grabatu zituzten, Bilboko Rock Studios grabazio estudioan, Carlos Creator ekoizle eta teknikariaren gidaritzapean. Jainkoen egoitza izeneko lehen grabazio horri esker, taldeak erantzun ona izan zuen zenbait musika lehiaketatan. Voces A Escena izenekoan, finalera iritsi zen, eta Euskadi Gaztea irratiko IX. Maketa Lehiaketan, entzuleen saria eskuratu zuen. Azken lorpen horri esker Añorgakoek sekulako arrakasta izan zuten gazteen artean. Asgarth orduko talde bilakatu zen, euskarazko heavy metalaren susperraldiarekin batera. Hori dela eta, grabazio hura zenbait diskoetxeetara bidali zuten, kontratu bat topatzeko. Azkenik, IZ diskoetxearekin sinatu zuten, eta Jainkoen egoitza (1999) Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuten.
Lehen diskoaren emaitzak ezin hobeak izan ziren. 2000. urtea zinez oparoa izan zen Asgarth-entzat. Euskal Herriko txoko askotan jotzeko aukera izan zuen, eta haren musika etengabe entzuten zen irratian. Zuzenekoekin lanpetuta ibili arren, Añorgakoak bigarren diskoa prestatzen hasi ziren. Taldekideek argi zuten lehenengo grabazioa maketa bat baino ez zela. Horregatik, lehen lan mardula osatzea erabaki zuten. Hala, urrian Amasako (Gipuzkoa) IZ estudioetan sartu, eta hiru astean lan berria grabatu zuten. Beste behin ere, Carlos Creator izan zuten ekoizle eta teknikari. Etorkizunaren sustraia bigarren diskoan (IZ, 2001), Alemaniako heavy metal eskolako abestiak bildu zituzten, eta Aitor Uriarte abeslariak (Latzen, Sen, Une) lagundu zuen ahotsetan. Bigarren lan horrekin, Asgarth-ek arrakastari eutsi ez ezik areagotu egin zuen. Hala, 2000 eta 2001 bitartean 60 kontzertutik gora eman zituzten.
Bizi zuten une gozoaz jabetuta, taldearen etorkizunaren alde apustu egitea erabaki zuten. Batetik, diskoetxez aldatu, eta Gor zigiluarekin sinatu zuten. Bestetik, Matxitxa management bulegoarekin bat egin zuten, zuzenekoen kontratazioa hobetze aldera. Helburu berriak zehaztuta, 2002ko irailean III (Gor, 2002) grabatu zuten, ordura arteko euren diskorik helduena, Juanan eta Javi San Martin anaien gidaritzapean. Beste behin ere, harrera nahiko ona izan zuen diskoak. Hobea salmenta aldetik, kontzertu aldetik baino. Ordurako euskarazko heavy metalaren eta Asgarth izenaren sua itzaltzen hasia zen. Egoera horren ondorioz, taldeak atseden hartzea erabaki zuen, aurrera begira zer egingo zuten erabakitzeko. Askok uste izan zuten taldea banandu egin zela.
2004. urteko udan, Iban Fernandezek taldea utzi, eta haren ordez Unai Corral (Utikan, U.K. Bill) sartu zen taldean. Aldaketa horrek beste ekarpen bat egin zion taldeari: beste ideia eta erritmo batzuk. Ilusioa berreskuratu nahian, 2005eko abuztutik irailera bitartean, berriz sartu ziren estudiora, eta, San Martin anaien laguntzarekin, rock estilo handiagoko lan bat osatu zuten. Nolanahi ere, makina bat traba izan zuten diskoa argitaratzeko. Gor zigiluarekin ez ziren ados jarri, eta, azkenik, EDG Music diskoetxearekin elkarlanean kaleratu zuten …Garrasia (2005). Aurreko lanekin gertatu ez bezala, salmentak ez ziren horren onak izan, eta kontzertu aldetik ere ez zuten aukera nabaririk izan.
2007ko irailaren 1ean, gorabeheraz betetako hamar urteko ibilbidea amaitu zuen Asgarthek, Añorgako gaztetxean. Dena den, 2020ko urtarrilaren 1ean itzulera iragarri zuen taldeak sare sozialen bidez. Ander Cañas, Unai Zabala eta Asier Enbil jatorrizko taldekideei Hilotz taldeko Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu batu zaizkie Asgarth-en aro berri honetan.
Testua: Inaxio Esnaola